Dakiguna ikasten / Patziku Perurena / Alberdania, 2007
Goizuetako Arrukabordeetara bidean Mikel Asurmendi / Irunero, 2008-03
Patziku Perurenak Heraklito Efesokoa du bidaide abiapuntuan. Dakiguna ikasten baina, Hierapoliseko Epiktetoren “Ezinezko da badakigula uste duguna ikasten hastea”. Aldrebesa da esakunea, aldrebesa denez. Epikteto bezalakoa, naski, Patziku. Estoikoak biak hala biak. Greziako filosofoak ditu gogoko euskal saiogile paregabe honek.
Goizuetako ijito kastaren miresle, Leitzako leinu xurian kabi hartu zuen aspaldi Patzikuk. Izateko bi molde. Bizi beharrez, moldeak moldatzeko izakariak izaki. Eta halatsu ere bizi Paziku. Patzikuk, pentsamendu saioetan aritu aitzin, poesian isuri zituen barne muinetan txertatuta daramatzan lengoaiaren kimuak. Saioan eta poesian ageri omen da idazlearen izaria.
Ohitzeari aitzi egite aldera, naturan murgildu ohi da Patziku. Ez izateari aitzi egiteko berezko manera, naturan kausitzen duela oroitarazten digu behin eta behin. “Dakiguna berritzeko eta ez dakiguna ahazteko” gomendioak helarazi digu saiogile poetak oraingoan. Denbora bizitu aldera, arima biziberritu beharra aditzera eman digu glosen bitartez. Horra Patzikuren ernea!
Patzikuk natura du jainko eta oraingoan, natura merkea dela diosku adorez. Mendian gora haritza, bertan irago da bizitza. Urepel dela, Saratsain dela, Usategia dela, Koskagain dela, hor nonbait eta nonahi bizitza dario munduari. Gizakiarengandik harago bizitza dario munduari, Koskaingo iturriari hola. Eta hartara filologoak “gorrotatzen” dituen filosofoak bidean bide harri bitxiak utzi ere.
Patzikuk proiektatzen dizkigun begiradak gogor kolpatzen digu gure pentsamendu minbera. Bere pentsamendua irrigarria da batzuetan, iraingarria bestetan, gorrotatzerainoko pentsamendua. Dakiguna ondo ikasi ahala gorrotatzen ere ondo egiten ikastea gomendatzen digu Patzikuk.
Gorrotoaren ifrentzu —uste dudan— den maitasuna heldu zait gogora, maitatu ere beti ongi ez dugula maitatzen gogoraziz.
Patziku ez da inoren aitzinean oharkabean pasatu ohi. Mina bizi du. Egia du mina. Eta kontziente da zaila dela egiaren aitzinean ondo jokatzea, guztiz ongi portatzea, hots. Etsai parrasta egina du horregatik. Aldion, irudi luke, bake antzeko zerbait dakarrela bere baitan. Kezkaz heldu zaigu menditarra.
Greziako filosofoak ditu gogoko eta Friedrich Nietzsche guztizko —jainkozko erran behar ote?— bidaide, baita, bistan da, bertako —etxeko erran behar ote?— pentsalari nahiz literatur egileak ere. Herrikideak ondo bereizten eta seinalatu dizkigu, alabaina.
Perbertso samarra litzateke Patzikuk nor dituen gogoko nor gorroto neronek erremarkatzea. Nire arima txurrigereskoa islatzeko manera litzateke, naski.
Behin paper gogo bidaia hau amaituta, Goizuetako Arrukabordeetara bide egiteko esperantza daukat.
Ez ote ordea, esperantza gizakion zorigaitzik gaiztoena? Atx!
Izena eta izana
Jon Gerediaga
Asier Urkiza
Amok
Stefan Zweig
Nagore Fernandez
Auzo madarikatua
Felix Urabayen
Jon Jimenez
Lur jota Parisen eta Londresen
George Orwell
Amaia Alvarez Uria
Olatuak sutzen direnean
Haritz Larrañaga
Joxe Aldasoro
Bisita
Mikel Pagadi
Mikel Asurmendi
Lur jota Parisen eta Londresen
George Orwell
Asier Urkiza
Eresia
Goiatz Labandibar
Nagore Fernandez
Carmilla
Joseph Sheridan Le Fanu
Paloma Rodriguez-Miñambres
Borrero txiki bat
Xabier Mendiguren
Mikel Asurmendi
Puntobobo
Itxaso Martin Zapirain
Jon Jimenez
Txori Gorri. Andre siux baten idazlanak
Zitkala-Sa
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Profilak (Mugetan barrena)
Amaia Iturbide
Paloma Rodriguez-Miñambres
Paradisuaren kanpoko aldeak
Bernardo Atxaga
Mikel Asurmendi