« Goizuetako Arrukabordeetara bidean | Orokorretik zehatzera eta alderantziz »
Satanen seme / Charles Bukowski (Mikel Olano) / Elkar, 2007
Ipurbegia Ion Olano / Gara, 2008-03-15
Bukowski Bukowski da. Ezagutzen baduzu, badakizu. Ezagutzen ez baduzu, badakizu: ezagutu! Bukowski izena entzun eta botilaren irudia datorkigu, lumaren aurretik. Baina idazteagatik da ezagun Bukowski, ez edateagatik. Izan ere, hiruki soil batean bilduko lukete batzuek Bukowskiren iruditeria: emakumeak, apustuak, zurruta. “Nolakoa da bere estiloa?” galdetzen baduzu, gehienek erantzungo dizute “errealismo zikina”, gainerako errealismoak garbiak balira bezala. Errazkerian erortzea da Bukowski halako zakutan sartzea. Ezagutzen baduzu, badakizu.
Euskaldun berria da Bukowski. Euskaldunon artean aspaldi samarrean egin zen ezagun, baina erdaraz. Egun, bere hiru liburu irakur daitezke euskaraz; Satanen seme da hirugarrena. Aurretik etorri ziren Pulp (Txalaparta, 2002) eta Poema antologia (Susa, 1997). Bukowskiren azken euskaratzeak Septuagenarian Stew: Stories & Poems (Black Sparrow Press, 1990) liburuan ditu oinarriak. Poemak alde batera utzita, 21 ipuinez osatutako bilduma argitaratu du Elkarrek. Nik dakidala, Mikel Olano itzultzailea ez da gure etxekoa. Senidea, esan nahi dut. Itzulpen honekin, berriz, etxeko sentiarazi nau, eroso.
Adiskide batek eman zidan Satanen seme liburuaren berri. Lehenengo ipuinaren nondik norakoak kontatu zizkidan, zati batzuk antzeztu, dena euskaraz. Poztu egin nintzen, nola ez, eta piztu egin zitzaidan jakin-mina. Adiskidearen gomendioak ez du hutsik egin. Ale indartsuak daude bilduman, gogoratzeko modukoak, balekoak batzuk, beste batzuk itzelak.
Ezarian bezala azaltzen digu bere pentsamoldea: “Harryk ez zituen gogoeta sakonak atsegin. Gogoeta sakonek errakuntza sakonetara eraman zezaketen”. Metaforarik ez espero harengandik, aski du irudiekin: “Eta denbora pasatzen zen, kaka ibaian behera bezala”. Hipodromora joandakoan, zera ikusten du: “Jende gehienak ez zirudien oso pozik. Jendartean mexikar eta beltz asko zeuden, asmatzeko itxaropenarekin, beren kateak apurtzeko itxaropenarekin. Ez zuten inoiz lortuko. Beren kateari begi gehiago erantsi besterik ez zuten lortzen”. Beisbol estadiora joandakoan, zera ikusten du: “Beisbol-zelai osoa milioidunez beterik zegoen. Pobreak milioidunak jokatzen ikustera joaten ziren”. Bakardadea zer den badaki Bukowskik: “—Batzuetan, munduan bakarrik banengo bezala sentitzen nauk. Beste batzuetan, bazekiat hala nagoela”. Kritikari batzuek hala iritzi diote: “gordina, bizia, garratza”; “bere literatura zuzena da, apaingarririk gabea, erretorika eta estiloa zer arraio diren ez dakien horietakoa”. Erretorika ez dakit, baina estiloa bai, Bukowskik badaki estiloa zer den. Ez zion alferrik esan esaldi gogoangarri hura Barbet Schroeder zinegileari, The Bukowski Tapes filmean bildutako elkarrizketan: “estiloa da galdera guztien erantzuna”. Argi zekien estiloa ez dela estilotzat jotzen dugun hori, baizik dena, egiten dugun guztia.
Ez iezadazue esan botila batean kabitzen denik. Egia da, errepikakorra da Bukowski, baina esan gabe doa, gehienon bizimoduak bezala. Bere gaiek hiruki soila gainditzen dute: arrakasta, prekarietatea, krudeltasuna, duintasuna, boterekeria, “nahigabeko” matxismoa… “Kaka” esaten duelako ei da erakargarri Bukowski. Zurruteroa, putazalea dela konplexurik gabe aitortzen duelako. Inon ikusi dut (ala amestu egin dut?) Bukowskiri egindako argazki bat, bere lana ederki asko ilustratzen duena: Bukowski zerri eginda dago, kakaz betea, hatz erakuslea zut. Hatz horrekin ez du “ni, ni!” esaten, ez gaitezen tronpa, seinalatzen ari dena kakaren iturria da: han goian, irudian ageri ez den ipurtzuloa.
Harakinen alaba
Yurre Ugarte
Irati Majuelo
Clevesko Printzesa
Madame de La Fayette
Aritz Galarraga
Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena
Joxe Aldasoro
Akabo
Laura Mintegi
Mikel Asurmendi
Mio marito deitzen zion
Joxean Agirre
Asier Urkiza
Nonahiko musika
Juan Kruz Igerabide
Nagore Fernandez
Barazkijalea
Han Kang
Maialen Sobrino Lopez
Beste urte batez
Samira Azzam
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Ulhaintsaren negarra
Jon Garmendia
Aiora Sampedro
Zainetatik zilarra
Nahia Intxausti
Irati Majuelo
Izen baten promesa
Hedoi Etxarte
Aiora Sampedro
Düsseldorfeko txibatoa
Karlos Linazasoro
Aiora Sampedro
Esne berriketan
Uxue Alberdi
Mikel Asurmendi
Guztia urruntzea da
Hasier Larretxea
Asier Urkiza