kritiken hemeroteka

8.811 kritika

« | »

Bela Kabelatik Ternuara / Xabier Etxaniz / Pamiela, 2007

Orokorretik zehatzera eta alderantziz Mikel Ayerbe / Berria, 2008-03-16

Xabier Etxanizek urteak daramatza Haur eta Gazte Literaturaren (HGL) aldeko aldarrikapena egiten. Literatur molde berezi horren definizioen bila abiatu zen 1997an Haur eta Gazte Literatura liburuan. Euskal haur eta gazte literaturaren historia (1997) eta Manu Lopez Gaseniren laguntzaz egindako 90eko hamarkadako Haur eta Gazte Literatura (2005) etorri ziren jarraian. Berriki, Bela Kabelatik Ternuara. Atxagaren Haur eta Gazte Literatura liburua kaleratu du.

Liburuko tesi nagusia honako hau da: “Atxagaren literatur produkzioa ezagutzeko Haur eta Gazte Literatur lanak oinarrizkoak direla. Izan ere, asteasuarraren obran gertaturiko eboluzioa, garapena, aldaketak eta hobekuntzak, HGLn izan dute ispilu eta sarritan, oinarri”. Eta tesi hori azaltzeko hamaika argudio eta argibide eskaintzen ditu Etxanizek Atxagaren ibilbide literario osoa aintzat hartuz, haren HGLko produkzioa tentuz sailkatuz eta irakurleen harrera nahiz bestelako osagaiak egoki ikertuz. Aipatzekoa, besteak beste, Atxagaren liburuetako ilustrazioei buruzko atala, ilustrazioak gurean duen hutsunea harrigarria baita oraindik.

Bela Kabelatik Ternuara saiakerak egitura eta edizio erakargarria dauzka. Sarreraren ondoren Atxagaren HGLko garapen historikoaren berri ematen da liburuaren hasieran. Ondoren, batasun bat osatzen duten hiru atal bereizten ditu Etxanizek: Bernardo Atxagak Bernardo Atxagaren HGLz atalean Atxagak gai honen inguruan hainbat liburu eta elkarrizketetan zehar botatako hitzak biltzen dira; Bernardo Atxagaren HGLz kapituluan aldiz, Atxagaren HGLren azterketa kritiko zorrotz bat eskaintzen da; eta azkenik, Atxagaren HGLk Atxagaz atalean, idazlearen HGL lanetako pasarteak aukeratuz eta interpretatuz, Atxagaren HGLren hainbat ezaugarri azaleratzen dira. Liburua ixteko, Azken hitzak atalean ondorio nagusiak zerrendatzen dira.

Etxanizek argi eta garbi dauka Haur eta Gazte Literatura ez dutela haur eta gazteek bakarrik kontsumitzen, eta hori horrela, helduok ere garrantzi handia dugula (erabatekoa ez esatearren) HGL deitzen den eremu horretan. Izan ere, haurrak edo gazteak HGLren irakurleak izango dira agian, baina sortzaileak eta bitartekariak helduak dira. Irakurtzen ari zaren kritika honen behealdean dauden HGLko hiru liburuen gaineko iruzkinak dira horren erakusle: helduentzako edizioan kokatzen dira eta ez haur edo gazteei zuzendutako Matraka edo Mantangorri gehigarrietan (izatez, gehigarri horietan ez dago literaturari propio eskainitako lekurik). Horregatik, Etxanizek Atxagaren HGL irakurri, landu eta ulertzeko lantresna ezin hobea biltzen du helduei zuzendutako Bela Kabelatik Ternuara horretan.

Irakurketan murgilduta nengoela, euskal literaturan “lehenengo harriaren konplexuak” duen pisuaz ere egin dut gogoeta. Sarritan, etengabe lehenengo harriak jartzen ari garelako uste erabatekoa gailentzen baita irakurle honen baitan. Beti aurreneko ahalegin horren lekuko garela, hain zuzen. Eta oraingoan idazle bat eta bere HGL ikertzea litzateke beste aurreneko harri bat. Eta horretarako, nola ez, Etxanizek Atxagaren HGL aukeratu du. Jada inork zalantzan jartzen ez duen pontifikaturiko Atxaga idazlearen HGL aztertuz, Haur eta Gazte Literatura bera aldarrikatu nahi delako liburu honetan.

Erabat egokia izan daitekeen bidea, ondoren harri edo liburu gehiago jartzen badira behintzat. Eta badirudi horrela izango dela, Etxanizen hasierako asmoa B. Atxagaren, M. Landaren, J. K. Igerabideren, P. Zubizarretaren eta A. Lertxundiren HGL aztertzea zela kontuan hartzen badugu. Atxagaren HGLi buruzko lan monografiko hau gozatuz, etorriko direnen zain gelditzen naiz ni neu behintzat.

Azken kritikak

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak