kritiken hemeroteka

8.787 kritika

« | »

Sommer jaunaren istorioa / Patrick Süskind (Lourdes Oñederra) / Erein, 2007

Mutiko izengabe baten istorioa Ander Irizar / Diario de Noticias, 2008-02-27

Patrick Süskind idazle bavariarra Perfumea nobelarekin egin zen mundu osoan ezaguna. Bide batez, esan dezagun liburu hori, iaztik, euskaraz ere irakurtzeko modua badugula, Alberdania argitaletxeak argitaratu baitzuen, Miren Arratibelek itzulita. Oraingo hau, ordea, oso bestelako lana dugu. Ipuin bat da; gaztetxoentzako ipuintxo bat, hasiera batean. Erein argitaletxeak ere haur eta gazte literaturako Perzebal sailean eman du argitara. Nabarmena da, baina, Süskinden lan ederrari motz samar gelditzen zaiola sailkapen hori, eta, nire iritzirako, Sommer jaunaren istorioa aise har daiteke helduentzako ipuintzat ere.

Narratzaileak —ez da haren izenik agertzen—, Sommer jaun xelebrearen istorioa aitzakia hartuta, haurtzaroko oroitzapenak ekartzen ditu gogora. Edo, beharbada, zehatzagoa izango litzateke esatea narratzailea haurtzarora itzultzen dela eta garai hartako oroitzapenak, berriturik, bere haurtasunetik kontatzen dituela. Izan ere, hein batean, haur batena edo gaztetxo batena da liburuan ageri den gauzak kontatzeko modua; izanen zuen esaldien joskeraren aldetik zailtasun bat baino gehiago itzultzaileak. Bestalde, esan beharra dago, ikuspegi naif eta xalo horren oso lagungarri gertatzen direla Sempé ezagunaren ilustrazioak, euskarazko itzulpen honetan ere, beste hizkuntzetara eginikoetan bezala, bere horretan gorde baitira. Irudiek ez ezik, liburuko pasarte barregarriren batek ere —piano irakasleareneko pasadizo gogoangarriak, bereziki— ekarri dizkigu bai gogora gure ume garaietako Nikolas Txikiren irakurketak.

Liburuaren itzulpena Lourdes Oñederrak egin du. Idazlea, unibertsitateko irakaslea, berriki euskaltzain oso izateko aukeratua, argitaratu duen lehenbiziko literatur itzulpena du honako hau. Liburuaren aurkezpenean aitortu zuenez, asko ikasi omen du itzulpen-lanarekin eta sufritu ere egin omen du, itzultzea oso lan zaila delako. Ez dira horiek, inondik ere, gauzak axolagabeki egin dituenaren adierazpenak; ez horixe. Irudipena dut, hala ere, gauzak ongi egin nahian, jatorrizkoari estuegi ez ote zaion lotu batzuetan, itzultzaile hasi berriaren beldurrak erabat uxatzea lortu ez eta, ondorioz, tarteka naturaltasun pittin bat ez ote zaion falta testuari. Edonola ere, irudipenak irudipen, eta akats txiki batzuk gorabehera, zinez ederra da Lourdes Oñederraren eskutik euskal letretara heldu zaigun liburu hau.

Azken kritikak

Zerua hemen
Oihana Arana

Maddi Galdos Areta

Odisea
Homero

Aritz Galarraga

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Barazkijalea
Han Kang

Jon Martin-Etxebeste

Café Mokka
Jabier Muguruza

Aiora Sampedro

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak