kritiken hemeroteka

8.402 kritika

« | »

Ilegorriaren emaztea / Bill S. Ballinger (Xabier Olarra) / Igela, 2007

Bihozkada beltzak Mikel Ayerbe / Berria, 2008-02-17

Fikziozko narratibaren baitan azpigenero nabarmenik bada, berezitasun hori nobela beltzari dagokio. Nobela beltzak, gisa honetako zinemak bezala, bere arau eta ezaugarriak baititu. Polizia-nobelen izaera zehazterakoan eztabaidak egon badaitezke ere, jakina da eleberri beltzak trama eta suspense bizia izan behar dituela. Ustekabeko hilketak, etengabeko ihesak, maitasun eroak, nortasun bikoitzak, erritmo azkarrak… guztiak balio du irakurlearen bat-bateko arreta bereganatzeko. Eta hala bada, liburuko gertaeren garapenak tentuz heldu behar dio irakurlearen interes horri. Kontaketa neurtua eskaini behar da, unean uneko suspense dosiak erraztuz, harria botaz eta eskua ezkutatuz, hari bat beste batekin lotuz. “Arrisku handia da azkarregi aurrera egitea nora iritsi behar duen batek ez dakien arte edo gutxienez badakiela uste duen arte”.

Berriki Xabier Olarrak itzulitako Bill S. Ballingerren Ilegorriaren emaztea nobelak hori lortzen duela deritzot, hasieratik amaiera arte irakurlearen tentsioari maisuki eustea. Nobelaren hasieran, kartzelatik ihes egindako senar ohi ilegorriak emazte izandakoari bisita egiten dio. Mercedes bere egungo senarrarekin dago. Bietako norbaitek senarra hiltzen du. Eta bikote izandakoak ihesari ematen dio. Hilketa argitzen eta bikoteari jarraitzen, detektibe prestu bat. Inondik ere, nobela beltz baten hasieran espero izan daitekeen abiapuntu korapilatsua.

Ilegorriaren emaztea bi maila narratibotan banatzen da. Batetik, bikotearen ihesa kontatzen du narratzaile orojakileak. Bestetik, haien arrastoak jarraitzen dituen poliziaren ikerketa dugu, lehenengo pertsonan. Istorio baten kontaketa bi kontakizun ezberdinen bidez egiteak hainbat berezitasun izan ditzake, baina nago nobela honetan irakurlearekin jolastu eta irakurketa gidatzeko modua dela. Nobela beltzaren ezaugarrietako bat irakurleak beti aurretik joan behar duela omen da. Hau da, nobelaren irakurleak nobelako protagonistek baino gehiago jakin behar duela. Plano narratibo bateko pertsonaiek ez dakite zer gertatzen den beste planoan (eta berdin alderantziz), baina irakurlea guztiaren jakitun da. Irakurleak badaki polizia non dabilen, eta iheslariak zertan ari diren; eta hala ere, irakurleak ez daki gauzak nola amaituko diren. Eta gehiago jakin nahi du. Hori izan daiteke benetako suspensea. Pasarte batean, honela dio ilegorriak: “Horra… gero eta nabariagoa da. Batzuetan beste adimen bat sumatzen dudala iruditzen zait… hementxe dagoena, nireari itsatsirik. Maiz adimen horren jabea, nornahi dela ere, nire pentsamenduak entzuten ari dela iruditzen zait…”. Entzuten baino gehiago, irakurtzen esan genezake. Eta hala ere, ilegorria etengabe atzetik duen poliziaz ari da. Polizia bikotearengana hurbiltzean bihozkadak izaten baititu.

Nobela beltzaren azpigeneroari egotzi izan zaion usteetako bat estereotipo bihurtu den polizia-nobela topiko hutsen pilaketara mugatzen dela izan da. Betiko argumentuak, betiko teknikak eta betiko pertsonaiak. Baina topikoek euren kontra egiteko ere balio dute, eta hori gertatzen da Ilegorriaren emaztea liburuko protagonistekin. Orriek aurrera egin ahala, pertsonaiek garapen jakin bat erakutsi eta hasierako manikeismoa saihesten dute. Poliziak bere burua jarriko du zalantzan (azken ezuste eta guzti); Mercedes emaztea ez da emakume esaneko menderatua (ezta femme fatale bat ere, ordea); eta ilegorria ez da hasieran espero zitekeen bezain kementsua (edo bai).

Esan beharrik ez, baina badaezpada esan, Olarrak itzulpengintzan duen eskarmentua ere (Igelaren Sail Beltzeko hemeretzi itzulpenetatik bederatzi berak eginak dira) nabarmena dela Ilegorriaren emaztea liburuan.

Azken kritikak

Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta

Jon Jimenez

Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza

Nagore Fernandez

Zoo
Goiatz Labandibar

Asier Urkiza

Hetero
Uxue Alberdi

Joxe Aldasoro

Euri gorriaren azpian
Asier Serrano

Paloma Rodriguez-Miñambres

Galbahea
Gotzon Barandiaran

Mikel Asurmendi

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Irati Majuelo

Lagun minak
Jon Benito

Mikel Asurmendi

Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga

Jon Jimenez

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Asier Urkiza

Lautadako mamua
Xabier Montoia

Nagore Fernandez

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Bestiak Liburutegia

Rameauren iloba
Denis Diderot

Aritz Galarraga

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

Hedabideak