kritiken hemeroteka

8.402 kritika

« | »

Bizian argitaratuak / Franz Kafka (Naroa Zubillaga) / Alberdania-Elkar, 2007

Herio ezin ei da liburuetaraino heldu Karlos Del Olmo / Eizie.org, 2008-01-08

Franz Kafka datzan tonbako hilarrian idazlearen izena aitaren izen-deituren gainean dago, hura Franz baino zortzi gehiagoan bizi izan zelako. Irudi lezake ez zuela semea aske utzi gura izan ezta hildakoan ere. Aurrez aurreko hilobian, Max Broaden izena aldarrikatzen du plaka batek: aurpegiz aurpegi dautza bi adiskideak, elkarrizketa eternalean, Franzen lanak argitara emateak laguna askozaz ere beranduago hiltzera behartu balu bezala; halere, Kafka haren zain geratu zen, astitsu bezain irrikatsu egonean. Azken buruan, eroapena hildakoena da. Hara zergatik ordaindu behar izan zuten Kafkaren ahizpek, neba baino luzaroago bizi izan arren, bizidun guztiek duten zorra, azken-azkenik, Auschwitz eta Chelmnoko herio zelaietan, dagoen eta modurik ezainenean, idazleak haren zantzuak igarrita, akabu modu humanoago eta arruntagoa aukeratuta bezala. Mende berrian Franzek bizirik dirau utzi zizkigun liburu bitxi bezain preziosoetan, eta mende honetan haren orrioi darien arroztasun sentipena lehen bezain indartsu eta berrituta dago.

Zer edo zer —berezia, jakina— izan behar dute Kafkaren lanok Harold Bloomek hogeigarren mendeko kanonaren erdi-erdian Franz jar dezan. Zergatik? Kritikariak oso argi ez dioen arren, apika europar juduen literaturaren gailurretako bat izan zelako. Edo, bestela, enigma moduko bat izategatik. Eta, falazia hutsa izanik ere, enigmak ebidentzia bihurtu ohi dira sarri. Kafka, nolanahi ere den, jende gutxik osorik irakurri arren, denok hitzetik hortzera darabilten egileen ikurra da. Maitasunak bezala, arteak ez du argudiorik behar, ez du zertan ezer azaldurik. Hogeigarren mendearen erdialdeko lokamutsaren sortzailea izan zela dioskute adituek Franz Kafkaren gainean. Sortzaile moduan barik, idazleak fede-emailearena besterik ez zuela jokatu esan genezake. Zertan dira, nolanahi ere, amesgaiztook? Oinarri-oinarrian, pribatutasunaren eta publikotasunaren arteko nahasketa eldarniozkoan, alegia, gaurko gizarte modernoan zenbait politikarik gurata darabilten joeran. Hala izanik, nola ez du iraungo, bada, gaurkotasun apur bat ere galdu gabe Kafkak? Gaurko gizakiak bere bakardadea, bere barnea babestu behar du Estatu orojalearen atzaparretatik. Eta botereak ez du benetan zertan etengabe jardunik: nahikoa da herritarrak zerbait egingo ote dioten beldur izatea.

Eta zelan berba egin Kafkaren gainean akordura ekarri barik Borgesek 1951n idatzi zuen Los precursores de Kafka? Horra hor kakoa: zergatik izkiriatu zuen Kafkak hala, zer gertatu zen haren aurretik, nor izan zuen bidaide eta gogaide? Borgesek aipatu legez, Zenonen paradoxak, Han Yuren apologoa, Kierkegaarden poema, Leon Bloyren ipuinak, Lord Dunsanyren kontakizunak heterogeneoak dira, ez dira elkarren antzekoak; baina Kafkak, amaraun berean bildu eta, ihintza goizeko argi errainuetan bezala, argi berri barrez distira eragiten die. Idazle bakoitzak bere aurrekariak sortzen ditu, kidetasun berri eta harrigarriak munduratzen ditu; halaxe, lehenaldiaz dugun pertzepzioa aldatu egiten du, etorkizuna ere itxuraldatuko digun modu bertsuan. Beste horrenbeste esan genezake itzultzaileen gainean: bakoitzak beste itzultzaileen tradizio, joera eta ekanduak hartu eta argi berri batez jartzen ditu agerian, gainerako itzultzaileen geroko jokamoldeak aldarazita. Literatur lan berri bakoitzak lehengo sistema osoa berregokitzera behartzen du, balio erlazio berriak ezartzen ditu. Itzulpenek ere berdin. Baina, bestalde, nork bere lehenaldia du, ez dago iragan absoluturik, iraganaldia bada norberak bizi duen heinean. Eta bakoitza bere zoroak bizi du, bakoitza bere literaturak bizi duen moduan, bakoitza bere itzulpenak bizi duen legetxe. Den-denok joaten gara etorkizunerantz abiabururako bidean atzera ibiliaz. Itzultzaileak, idazlearen modura, historia aldez edo moldez berridazten du, apurtxo bat besterik ez bada ere. Babelgo liburutegian legetxe, bada liburu infinitu bat, barruan beste guztiak dauzkana. Eta itzulpen bat, barnean orain arte izan diren eta gerokoan izango diren beste itzulpen guztiak jasotzen dituena.

Bilduma honetako beste zenbait liburutan legetxe, honi ere ez lioke kalterik egingo beste orraztutxoren batek, liburu batetik bestera irizpide batasunik ez halako bat igartzen baita, bildumaren bikaintasun ukaezina gorabehera; nolanahi ere den, ez da estreinaldi makala gertatu Naroa Zubillaga itzultzaileak literatur itzulpenean gauzaturikoa, Kafkaren idazlan bilduma hau askotarikoa denez gero itzultzeko zailtasunen aldetik.

Kafkak Aita familiakoaren kezka ipuinean pertsonaiaren ahoan jarri bezala, zein idazlek, zein itzultzailek ez du kezkabide erabili obra “ni baino gehiago bizi daitekeelako ideia mingarria”?.

Azken kritikak

Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta

Jon Jimenez

Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza

Nagore Fernandez

Zoo
Goiatz Labandibar

Asier Urkiza

Hetero
Uxue Alberdi

Joxe Aldasoro

Euri gorriaren azpian
Asier Serrano

Paloma Rodriguez-Miñambres

Galbahea
Gotzon Barandiaran

Mikel Asurmendi

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Irati Majuelo

Lagun minak
Jon Benito

Mikel Asurmendi

Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga

Jon Jimenez

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Asier Urkiza

Lautadako mamua
Xabier Montoia

Nagore Fernandez

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Bestiak Liburutegia

Rameauren iloba
Denis Diderot

Aritz Galarraga

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

Hedabideak