kritiken hemeroteka

8.402 kritika

« | »

Tunela / Ernesto Sábato (Mikel Garmendia) / Alberdania-Elkar, 2007

Tunelak irteerarik ez Karlos Del Olmo / Eizie.org, 2007-07-10

Ernesto Sabatok ez omen zuen zoriontasunaren edo dibertimenduaren gaineko lanik idazteko asmorik honako honi heldu zionean. Tunela eleberrian ez digu konponbiderik ematen, arazoa azaldu bai, ebazpiderik ez. Beraz, nobelak ez dauka amaiera zoriontsurik, ezta halako ikaskizun moralik ere —ez, bederik, irakurleari argi eta garbi agertzen zaionik—. Trama baino, irakurleak gizon protagonistaren pentsamolde ero eta sutsuak ditu gehiago begi aurrean. Saiotzat ere har litekeen idazlan honek Sabatoren giltza nagusiak ematen ditu: existentzialismo halako bat, narratzeko estilo berezia, zer edo zertan sinetsi beharra (eta ezina) eta izenburu sinbolikoak erabiltzea. Lana 1948. urtekoa izan arren, atzo arratsaldekoa izan zitekeen, inolako arazorik gabe.

Sabato ez da, ikasketaz, filosofoa, baina zientziak eta matematikak ikasi arren, Tunela lanak Kafkak, Dostoievskik eta beste egile eta pentsalari batzuek hain kutun zuten existentzi kezkari egiten dio aurre, alegia, idazgai darabil mundu etsai edo axolagabearen aurrean gizabanakoak sentitzen dituen singulartasun eta isolamendua, existentzia azalpenik eza, nork bere ekintzen ardura lepoan hartu beharra. Lana, ezin bestela gertatu, pesimista eta goibela da, gizona ez da inguruko mundua kontrolpean izateko gauza; hala, gizakion emoziorik ilunenak agertuko dira: bakardadea, frustrazioa, larridura emozionala… Protagonista margolari hermetiko samar bat da, Buenos Aires hotz eta bere baitara bildu batean bizi dena, eta Kafkaren Itxuraldaketa* laneko protagonistaren antzera, bere burua aurkezterakoan, Maria Iribarne hil zuen gizona dela esateaz gain, bere burua ezgizakitzat, ezberdintzat, estrainiotzat aurkezten du. Erabateko bakardade fisiko eta izpiritualean bizi da. Ekintza eta gertaera guztiak margolariaren begiez ikusten ditugu, eta berehala ikustaraziko digu idazleak, gizon hura bitarte dela, zeinen hermetikoa den tunela. Azkenean, gizartean libro izan arren, bere buruan preso bizi den Pablo Castel, benetako atxilotua izango da espetxean. Eta tunela presondegiko burdinen artetik ikusiko du.

Mikel Garmendia itzultzailea nabigatzaile trebea da Sabatoren estiloaren itsasoan, zuzeneko elkarrizketaren enbatatik zeharreko solasen uhin handietara joan doa tramaren portua eta erritmoaren iparra beti ondo begi aurrean dituela. Eroaren bakarrizketa zoroan erraza da norberak ere iparra galtzea, baina ez da halakorik jasotzen honako honetan.

Bizitza lokamuts luze baten antzera ikusiz gero, suizidioa liberazioa litzateke, itzartze bat, baina, norako esnatzea, barren? Bere buruaz beste egin… zer topatzeko? Askatasuna ala amesgaizto txarrago bat?

Castel gero eta sakonago murgilduko da erotasunean, ezin komunikatua izango du inguruko gizarte gero eta teknologikoagoa, modernoagoarekin. Tunela ez da fisikoa, sentimenduek eratzen dute, baina eraikin ikusezin hura benetakoa bezain trinkoa izan daiteke haren aurka topeka jardunez gero. Etsipengarria behar du, inondik inora, protagonistaren antzera aitortu behar izatea haurtzaro osoa, gaztaro osoa, bizialdi osoa desesperaziozko tunel batean eman dugula aitortzeak. Kritikari askoren ustez, pintorea Sabatoren beraren uste batzuk islatzen dituen erretratu moduko bat da.

Sarreran Mikel Garmendia itzultzaileak dioskunez, Sabatok honela erantzun omen zuen behin batean: “Nik egin behar nuena egin nuen. Gainera, ez nuen denen gustukoa izan nahi. Nik idatzitakoa gustatzen ez zaionak ez dezala irakurri. Hori ez da lagun izateko ala ez izateko arrazoia”. Itzultzaileak, ordea, zenbateraino ote du antzekorik esatea, horren moduko askatasun batekin jokatzea? Alegia, esatea ote du “nik nahi nuen moduan itzuli nuen, eta ez dut denen gustukoa izan gura. Nik itzulitakoa gustatzen ez zaionak, ez beza irakur!”? Hara hor itaunaren latza, itzulpen teorilariek eta, jakina, kritikoek eta editoreek nekez askatuko duten korapiloa!

Azken kritikak

Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta

Jon Jimenez

Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza

Nagore Fernandez

Zoo
Goiatz Labandibar

Asier Urkiza

Hetero
Uxue Alberdi

Joxe Aldasoro

Euri gorriaren azpian
Asier Serrano

Paloma Rodriguez-Miñambres

Galbahea
Gotzon Barandiaran

Mikel Asurmendi

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Irati Majuelo

Lagun minak
Jon Benito

Mikel Asurmendi

Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga

Jon Jimenez

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Asier Urkiza

Lautadako mamua
Xabier Montoia

Nagore Fernandez

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Bestiak Liburutegia

Rameauren iloba
Denis Diderot

Aritz Galarraga

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

Hedabideak