kritiken hemeroteka

8.402 kritika

« | »

Don ibaiko ipuinak / Mikhail Sholokhov (Olga Martinez de Marigorta / Roberto Serrano) / Alberdania-Elkar, 2007

Gerra, eta ez bakea Beñat Sarasola / Berria, 2008-01-13

Mikhail Sholokhov Sobietar Batasuneko idazle ofizial kontsideratu izan da maiz, baina bere herrialdetik kanpo ere idazle estimatua izan da, 1965. urtean Literatura Nobel saria jasotzeraino. Batez ere Don Barea lanagatik ezagun, bere gaztarako ipuinen bilduma den Don ibaiko ipuinak liburu honek osatu du Literatura Unibertsala bildumako 133. alea.

Izenburuak berak aditzera ematen duen legez, Don ibaia inguruan kokatutako kontakizunak dira denak, kosakoen lurraldean, 1917ko iraultzaren ondorengo gerra-giroan. Ipuin gordin eta krudelak dira denak ere, tragediaz betetakoak. Gehienetan armada gorria eta zuriaren (kosakoek osatua batik bat) arteko enfrentamenduak deskribatzen dira, baina ekintza armatuetan bainoago gerraren ondorio moraletan paratzen du bere arreta Sholokhovek. Ipuin guztietan azaltzen da pertsonaiaren bat erabaki moral sakon bati aurre egin beharrean: aita batek bere burua salbatzeko semea hil ez-hil deliberatu behar du (Familia burua), hil ez dezaten etsaiari barkamena eskatu-ez eskatu (Estepa anil-kolorea) eta abar. Ez da harritzeko, testuinguru honetan, heroiaren etika izatea narrazioetan gailentzen dena. Pertsonaiak euren idealen alde erailtzeko eta erailak izateko prest agertzen dira beti, ez dago saldukeriarentzako zirrikiturik. Era berean, liderrarekiko miresmen eta hordidura irudikatzen da zenbaitetan, bereziki Sasikoa kontakizunean. Dena den, badaude egon zenbait elementu eredu honetatik kanpo geratzen direnak ere, esaterako Odol arrotza ipuinean.

Izan ere, ipuinok topiko askotatik aldentzen dira eta egitura nahiz garapen sinplekoak izanagatik, mundu konplexu eta ez-estereotipatu bat azaltzen dute. Narratzaileak gordetzen duen distantziari esker, irakurlea ez da sutsuki identifikatzen gorriekin; izatez, badira narrazioak non protagonistak komunisten aurkariak diren eta ez diren gaiztoki deskribatzen. Alegia, Sobietar Batasunaren aldeko aldarri panfletarioak bilatzen dituenak ez ditu liburu honetan aurkituko.

Sarritan esaten da literaturak historia liburuek baino hobeto azaltzen ahal duena denbora bateko gertakariak; bada, seguruenik narrazio hauek horrexen adibidetzat har litezke. Iraultza sobietarraren arazoetako bat, iraultzarekiko nekazal-munduaren mesfidantza, primeran azaltzen da irudikatuta ipuin gehienetan. Adierazgarria da, esate baterako, ipuin bakar batean ere ez dena azaltzen burges edo langilerik, eta ondorioz, bertako liskar gehienak nekez sailka daitezkeela klase-gatazka gisa.

Itzulpena dela eta, ezin uka zenbaitetan etsipen puntu batek hartu nauena. Inpresioa izan dut sarritan testuari aurrera egitea kostatzen zaiola, gehiegizko errefinamendu baten kariaz agian; eta batez ere, erabiltzen den euskara liburuaren gordintasunarekin bat ez datorrena. Areago, hitzaurrean itzultzaileek beraiek Sholokhovek erabiltzen duen hizkera herriaren eguneroko hizkera arrunta dela aipatzen dute, baina euskal irakurleak bertan topatuko duen euskara ez dut uste gisa honetakoa denik. Hots, iruditu zait liburua itzulpena dena gehiegi nabaritzen dela.

Sobietar Batasunaren usaina edukitako ezer zuzenean gaitzesteko halako joera bat egon da urte luzetan, baita arte munduaren baitan ere. Akaso, pixkanaka denborak ematen ari den distantziak lagundurik, momentu egokia da bertatik zer erreskatatu daitekeen ikertzeko, eta, adibidez, orduko literatur lan interesgarriak itzultzen hasteko, Don ibaiko ipuinak hau bezalaxe.

Azken kritikak

Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta

Jon Jimenez

Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza

Nagore Fernandez

Zoo
Goiatz Labandibar

Asier Urkiza

Hetero
Uxue Alberdi

Joxe Aldasoro

Euri gorriaren azpian
Asier Serrano

Paloma Rodriguez-Miñambres

Galbahea
Gotzon Barandiaran

Mikel Asurmendi

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Irati Majuelo

Lagun minak
Jon Benito

Mikel Asurmendi

Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga

Jon Jimenez

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Asier Urkiza

Lautadako mamua
Xabier Montoia

Nagore Fernandez

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Bestiak Liburutegia

Rameauren iloba
Denis Diderot

Aritz Galarraga

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

Hedabideak