« Zoroa nahiago robota baino | Gerra, eta ez bakea »
Woody Allen. bizitza kontrako eztarritik / Koldo Goitia / Elkar, 2007
Woody Woody Ion Olano / Gara, 2008-01-12
Heriotzak bizitza biribiltzen duenez, bitxia da heriotzak biribildu ez duen biografia bat irakurtzea. Tira, ongi pentsatuta, gero eta ohikoagoak dira biribildu gabeko biografiak, mundu gero eta karratuago honetan. Aitor dezadan: bitxia egiten zait biografia bat irakurtzea. Oraingoan, interesak (morbo mozorrotuak) ekarri nau Woodyrenera. Ez dut liburua irakurri. Irentsi egin dut. Koldo Goitiaren (Beasain, 1969) narrazio biziak “biografia” hitz espantuzkoa ahantzarazi didalako. Eta Woody, badakigu, tipo interesgarria delako.
Has gaitezen azaletik. Oraingoan bai, ederki asmatu du Elkarrek. Lotsarik gabe (ia harro) kale erdian zabal daitekeen liburua da hau. Berde gainean zuri-beltz ageri zaigu Woody, “Biografiak” sailera iritsi den azken izarra, Sabino Arana Goiriren ondotik. Aurkezpenik ez Woodyrekin, “Anarkia hutsa” (Meettok, 2007) atera zuenetik txapinez jantzita dabil gure artean. Eta begira, apurka, izarren bulebar interesgarria ari da osatzen Elkarrenean. Woody ezagun egin duenaz idatzi du gehienbat Goitiak: bere lanaz. Bitxikeriaz gainezka dago liburua, datu interesgarriak inondik ere kontulariontzat. Izan ere, makina bat kontu jakiteko balio izan dit liburu honek. Hasteko, ez nekien Allen abizen artistikoa zuenik Woodyk. Allan Stewart Konigsberg omen da morroiaren jaiotza izena. Izen polita da Allan, baina ohituak gaudenez Woodyrekin, dei diezaiogun Woody.
Woodyk idatzi, idatzi egiten du: “Ezerk ez dit paper-sorta berri batek baino poz handiagorik ematen, orri guztiak bete arteko onik ez dut izaten”. Woodyk badu bere literatur irizpidea: “Komediak idazterakoan Shakespeare nahiko egile eskasa zela ere defendatu zuen Woodyk; behin baino gehiagotan adierazi zuen haren lanak ‘tontolapikoentzat egokiak’ zirela”.
Argi dauka Woodyk: “Galderak ez du axolarik, erantzuna sexua da beti”. Gezurra dirudi, baina kirolzalea da Woody: futbol amerikarrean, beisbolean, boxeoan eta saskibaloian aritu izan da. Zaila behar du Woodyren marka berdintzea: lau liburu, berrogei film luze, ehunka kontzertu, zientoka mila gag, sketx eta txiste. Zaila behar du, halaber, Woodyren ibilbidea 16 ataletan, 132 orrialdetan laburbiltzea. Eta hara, Koldo Goitiak lortu du, bere dokumentazio zehatzaren milaka fruitu oharkabean irentsarazi dizkio irakurle honi. Harrigarria da nola lotu dituen xehetasun itxuraz loturagabeak: “NYUtik bota zutenean, Woody Allenen ama bere onetik atera zen. Umetan kimika-joko batekin berokia more kolorez tindatu zionean baino haserreago zegoen”.
Ase bainoago, gose utzi nauen liburua da. Liburua amaitu eta liburutegira joateko gogoa piztu dit, bideoklubera, Interneten plisti-plasta ibiltzera, Woodyren xerka. Jakin-minetik idatzitako liburua da, argi dago, irakurlearen aurretiko jakin-mina biziagotzen duena. Irakurketaren une batzuetan pentsatu izan dut Goitiaren lana liburua dela, baina aise asko izan zitekeela Woodyzale amorratu batek lagunari pasio osoz egindako hitz-aspertua. Gaiak, izan ere, badu mamia. Zera, hautemangarri gehienak ibili ditu itzulipurdika Woodyk idazmakinako tekletan. Ezer libratu al da Woodyren betaurrekoen begirada ironikotik? Woodyk errana: “Jainkoa akaso hemen dago; baina ezkorra naiz; beraz, Guztiz Ahaltsuaren existentzia ez da hain gauza ziurra, edo baliteke une honetan zerbait egitera joan izana… Orduan, hobe dugu, badaezpada, arduraz jokatu eta ondraduak izan”. Jainko(sa)rik bada, har beza bere beso biribiletan gure Woody.
Naufragoen altzoa
Gorka Setien
Igor Estankona
Etxeak eta hilobiak
Bernardo Atxaga
Ibon Egaña
Amua
Aritz Gorrotxategi
Javier Rojo
Soinujolearen semea
Bernardo Atxaga
Txema Arinas
Afrikanerrak
Eneko Barberena
Joannes Jauregi
Aitaren etxea
Karmele Jaio
Aiora Sampedro
Urre urdinaren lurrina
Jurgi Kintana
Aritz Galarraga
Kabitu ezina
Aintzane Usandizaga
Usoa Alberdi Fernández
Zeldak
Elena Olave
Alex Uriarte
Etxeak eta hilobiak
Bernardo Atxaga
Iratxe Esparza
Iturria
Unai Elorriaga
Javier Rojo
Sorginak, emaginak eta erizainak / Emakumezko sendalarien historia bat
Barbara Ehrenreich / Deirdre English
Irati Majuelo
Ene herri txikia
Gaël Faye
Hasier Rekondo
Andrezaharraren manifestua
Mari Luz Esteban
Javier Rojo