kritiken hemeroteka

8.698 kritika

« | »

Joanes (itxaropenaren semea) / Alaitz Olaizola / Euskaltzaindia-BBK, 2007

Zoroa nahiago robota baino Mikel Asurmendi / Irunero, 2008-01

Alaitz Olaizolaren liburua daukat eskuetan. 2006ko Toribio Altzaga Antzerki saria jasoa. Sarietako liburuen azalak ez dira jasoak izaten. Hau ez da apartekoa, azalak daraman irudia baina, bere txikian, bai. Irudi erakargarria da. Iradokigarria da irudia. Zerua, eguzkia, mendia, noria bat, eta pertsona bat ageri dira irudian.

Gure ametsen gunea —haurtzaroan jasoa edo—, amets eta errealitate helezina dugu zerua. Eguzki goria bizitzeko eta amesteko energia iturria izaki. Mendi berdearen (h)egia, gure naturaren jatorria eta itxaropena. Noria berriz mundua. Jira eta bira dabilen mundua. Zaldi-maldikoaren figuren antzera gu geu pertsonok gabiltzala.

Pertsona mutiko bat da berriz. Joanes izena du. Antzerki obraren eta istorio honen protagonista da. Bizkarrez ageri zaigu, munduari begira. Munduak —munduko jende gehienak— norian igotzeari eta ibiltzeari beldurra dio alabaina.

Horra hor, labur-zurrean azaleko irudiak iradokitakoa paperean paratua. Joanes (itxaropenaren semea) liburua irakurri nuenetik hilabete luzea joan zait. Iradoki zidana modu lausoan daramadan arren, hona paperean isuri dezakedana:

Itsasoa ez da ageri aipatu dudan irudian, alta bada, itsasoa hartuko dut nire kontakizunaren eramaile eta gogaide. Alaitz Olaizolak bizitza mundualdiko bidaia gisara irudikarazi digu obra honetan. Itsasontzi batera igotzera gonbidatu gaitu. Amarrak laxatzera eta gure gogoa askatzera proposatu digu, hala ere, askatasun gogo horiek benetan bizi nahi izanez gero, ez gaitezela inongo itxaropenaren bila abiatu eman digu aditzera.

Obra zureganatzeko erabili ditudan metaforak ez zaitu tronparazi behar ordea. Antzerki obra hau oso errealista eta gaurkotasun handikoa duzu. Familiako harremana duzu istorioaren oinarria, baita familien arteko harremanak ere. Pertsonon arteko harremana, funtsean.

Arau eta legeen menpeko jendartearen, gero eta lotuago bizi den gizarte baten erretratu ikaragarria bezain zoragarria eskaini digu antzerki obra honek. Gizarteak baina pertsona “robotak” hobesten ditu pertsona “zoroak” baino. Joanesek, aldiz, zoroa nahiago du robota izan baino.

Egileak ondo baino hobeto eraiki du gaur egungo familia eta gizarte eredua. Kontsumo gizarte honek irudimena agortu digu. Irudimena agortu eta gure nortasuna kamustu. Horiek horrela direla onartuko bagenu, gaitzerdi. Ez garena azaltzea eta agertzea gustatzen zaigu horregatik. Eta horiek gezurrez estaliz osatzen dugu gure izatea.

Bejondeizula Alaitz. Zatozen mundutik amini bat ezagututa, ez nau antzerki obra honek “harritu”, bai liluratu ordea. Orain, jokatua ikusteko irrikan nago. Urte berriko menturak eta esperantzak lagun zaitzala/gaitzala berau taula gainean ikusten!

Azken kritikak

Haize begitik
Mikel Ibarguren

Maddi Galdos Areta

Bide bihurrietan
Elena Martinez Rubio

Asier Urkiza

Moebiusen ertzak
Garazi Kamio

Nagore Fernandez

Zainetatik zilarra
Nahia Intxausti

Paloma Rodriguez-Miñambres

Landura
Jose Luis Otamendi

Mikel Asurmendi

Harakinen alaba
Yurre Ugarte

Irati Majuelo

Clevesko Printzesa
Madame de La Fayette

Aritz Galarraga

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Joxe Aldasoro

Akabo
Laura Mintegi

Mikel Asurmendi

Mio marito deitzen zion
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Nonahiko musika
Juan Kruz Igerabide

Nagore Fernandez

Barazkijalea
Han Kang

Maialen Sobrino Lopez

Beste urte batez
Samira Azzam

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Ulhaintsaren negarra
Jon Garmendia

Aiora Sampedro

Artxiboa

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

Hedabideak