kritiken hemeroteka

8.402 kritika

« | »

Erremateko tiroa / Marguerite Yourcenar (Josu Zabaleta) / Alberdania, 2007

Giza-gatazkak, gerra-garaian Inma Errea / Diario de Noticias, 2007-10-05

Josu Zabaleta nobela hau euskarara ekarri duen itzultzaileak dio narrazio hau poliki irakurtzekoa dela, hain baita trinkoa. Ados nago: ehun orrialde pasatxo baino ez ditu, baina irakurleei haietan barna bide luzea egiteko aukera emateko egina da Erremateko tiroa. Luzea eta askotarikoa.

Bere trinkoan kontakizunak ez du alferrikako hitzik edo ornamentuzko pasarterik, eta aldi berean kontalaria eta nobelako hiru pertsonaia nagusietako bat denak, Ericek, deskribatzen eta kontatzen duen orok helmuga zedarritua du, eta norabide zehatza.

Marguerite Yourcenarrek sarrera luze samarra idatzi zion nobelari, non azaldu baitzuen kontakizuna benetako gertaera batean oinarritu zuela. Idazleari nobelako protagonistaren hurbileko lagun batek kontatu omen zion, eta idazleak abentura zirraragarria iritzi zion istorioari, eta “literaturaren ikuspegitik (…) estilo tragikoaren elementu guztiak zituela” ere bai. Yourcenarrek Bigarren Mundu Gerra hasi baino lehentxeago eman zuen argitara berez hogei urte lehenago —egilearen hitzetan, “1914ko gerraren eta Errusiar iraultzaren arrastoan”— gertatua zen kontakizun hau.

Yourcenarrek esandakoaren arabera, aldi berean oso hurbil eta oso urruti sentitu zuen gertaera, oso urruti, hogei urteren epean gerra zibilako halako gertaera askoren berri ugariak pilatuak zirelako, eta oso hurbil, egileak igarria zuelako Erremateko tiroak deskribatzen duen nahasmen morala eta Bigarren Mundu Gerraren atarian zegoena bat eta bera zirela. Nire irudipena da Erremateko tiroa gaurkotasunik galtzen ez duten obra horietako bat dela, bertan oso modu zehatz eta zorrotzean deskribatzen baita gizon-emakumeon baitan emozioek, printzipio etikoek, iritzi politikoek eta interes pertsonalek talka egiten dutenean sortzen den giro nahasia. Maitasuna, gorrotoa, gizon eta emakumeen kontraesanak eta haien arteko harreman beti konplexuak agertzen dira nobela honetan, eta gerra-giroko jokaleku arras dramatikoa halakoak erakusteko aproposa da, arragoa krudel eta bortitz bat nola.

Amodio eta gorrotoen sare korapilatsuetan harrpaturik dauden Conrad eta Sophie anai-arreben eta Eric haien adiskide minaren grinen kontakizunak noiz edo noiz leitzeari utzi eta hausnartzeko eskatzen du, tragikotasunak oro tragikotasun, sarri paraleloan bereizita doazen ibaitzat jotzen ditugun sentimenduen eta ideien ur nahasien uztardura inoiz ez erraza aztertzen eta ulertzen laguntzen ahal digulako.

Zentzu horretan, narrazioak gerra-giroko nobela historiko hutsen ohiko planteamendua gainditzen du. Horrek, hala ere, ez du galarazten gerra-giroko xehetasun estrategikoen zein kokagune eta baldintza fisikoen deskribapen zehatza, deskribapen hori pertsonaien barne-bidaien dramatikotasunaren indargarria bilakatzen delarik.

Marguerite Yourcenarrek idatzi zituen hogeitik gorako obren artean, hau da euskaratu duten laugarrena. Beste hirurak, Hadrianoren oroitzapenak —egilearen lan ezagunena—, Alexis eta Ekialdeko kontakizunak izenekoak dira. Zerbait bada.

Azken kritikak

Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta

Jon Jimenez

Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza

Nagore Fernandez

Zoo
Goiatz Labandibar

Asier Urkiza

Hetero
Uxue Alberdi

Joxe Aldasoro

Euri gorriaren azpian
Asier Serrano

Paloma Rodriguez-Miñambres

Galbahea
Gotzon Barandiaran

Mikel Asurmendi

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Irati Majuelo

Lagun minak
Jon Benito

Mikel Asurmendi

Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga

Jon Jimenez

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Asier Urkiza

Lautadako mamua
Xabier Montoia

Nagore Fernandez

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Bestiak Liburutegia

Rameauren iloba
Denis Diderot

Aritz Galarraga

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

Hedabideak