kritiken hemeroteka

8.799 kritika

« | »

Herri maitea, Herri dorpea / Sebastian Gartzia Trujillo / Euskaltzaindia-BBK, 2007

Inurri bat txitxar batentzat Bixente Serrano Izko / Berria, 2007-10-07

Txitxarren bizimodu kantaria inurrien pilatze-lana baino laketago omen zitzaion Bitoriano Gandiagak inurri-lan mardul hau sorrarazi dio Sebastian Gartzia Trujillori, poetaren Hiru gizon bakarka liburu zentrala aztertzerakoan: hamar atal luze eta guztira 900 orrialde baino gehiagoko ikerketa, ohar bibliografikoez josirik lan akademiko bati dagokion bezala. Liburuak CD bat dakar berarekin, zinez eskertzekoa, irakurleak aurki ahal ditzan nahi bertze mintzo, erramolde, aipu edo erreferentzia, paperezko edozein aurkibide tematikotan baino aiseago.

Liburuan barna sartu ahala, inpresioa du irakurleak saiakeragile batek garaturiko diskurtso bat bainoago eruditu batek sailkaturiko fitxa bilduma bat dela, fitxak elkarri lotzeko ozta-ozta adina testu propio idatzi duelarik Gartzia Trujillok.

Guztiz faltsua, inpresioa. Oso diskurtso berea du egileak. Inurrien pilatze-lan metodikoa egin du, bai, baina fitxa horien antolaketan, elkarren arteko loturetan, haien segida guztiz logikoan dago saiakeragilearen diskurtsoa. Hiru gizon bakarka liburuaren irakurketa zehatz bat proposatzen digu: Gandiaga Euskal Herrira “bidalitako” profeta baten antzera aurkezten digu. Askapenerako Teologiaren ildotik irakurtzen ditu Gartzia Trujillok poemak: Euskal Herriaz, euskaraz, euskaldunon herri izaeraz, gure etorkizun dudagarriaz kezkarazi nahi gaituen profeta gisa, oinazez beterik, adoretsu, basati, oihulari, gogor, probokatzaile eta aldi berean herriarekiko maitemindurik, herabeti eta askapen bidea guri erakustera etorritakoa…, horrelako klabeetan gonbidatzen gaitu poetari irakurtzera.

Semiotikatik ikertu ditu poemak, errekurtso formaletatik baino askoz gehiago. Hau da, Gandiagaren bizipenek, mundu sinbolikoak, erreferentzia literarioek, erlijiotasunak…, nola blaitzen duten poema liburua, profeta askatzaile baten adierazgarritzat jotzeraino. Saiakeragileak berak aitortzen du Arantzazuko fraidea inoiz ez zela formalki azaldu Askapen Teologiari loturik eta molde laikoetara itzuli zituela hainbat eta hainbat erreferentzia bibliko esplizitu edo inplizitu. Halere, Gartzia Trujilloren ustez, liburuaren egitura, estiloa, izpiritua eta mezuak bete-betean egokitzen zaizkio teologia horrek aurkeztu ohi duen profeta irudiari. Hori doa frogatzen metodiko eta sakon bere lanean. Koherentzia biribileko irakurketa egin dio.

Nahiz eta ni bezalako Gandiagaren irakurlek hunkitzen gaituenak bertze kontu batzuk izan —hala nola, poemen freskotasun landua, herrikoitasuna, sentiberatasuna, indarra, lirika, musikaltasuna, hitz-jokoak, aliterazioak, onomatopeiak, hizkeraren aberastasuna…—, nahiz eta hotz geldi gaitezkeen Gartzia Trujilloren interpretazioarekin, aberasgarria suertatuko zaio edozeini lan sendo hau. Ez bakarrik poesia zaleei, baita 60. urteetatik aitzina kozkortu egin zen euskal kultura, arte, musika, literatura eta herri mugimenduen berpizkundea ezagutu/gogoratu nahi dutenei ere. Izan ere, poeta bera, haren obraren ikerleak, haren lagun, bizikide eta ezagun anitz, Gandiagak zuzen edo zeharka ukitu zituen hainbat eta hainbat auziren harira ekartzeko Gartzia Trujillok interesgarri deritzen poeta, idazle, hizkuntzalari, antropologo, arkeologo, artista, filosofo nola teologoen sorta oparo bat agertzen zaizkigu hitzez hitz mintzatzen saiakeran. Egilearen pedagogiari esker, ez da zertan espezialista izan altxor horretaz gozatzeko. Eta arlo horietako batzuetan baizik ez badago interesaturik, badu irakurle bakoitzak, CDa lagun, aukera bikaina bere gustuko kontuetan soilik sartzeko.

Azken kritikak

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Erroen izerdia
Jone Bordato

Mikel Asurmendi

Zerua hemen
Oihana Arana

Maddi Galdos Areta

Odisea
Homero

Aritz Galarraga

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

Hedabideak