« Zirrikituak | Gure baitatik ihesean »
Haize hegoaren aroak / Luis Garde / Pamiela, 2007
Gerra poemetan Jon Kortazar / El País, 2007-10-08
Luis Garde (Iruñea, 1961) idazlearen Haize hegoaren aroak poema liburua irakurtzen hasterakoan ideia bi etorri zaizkit burura.
Lehena, urte honetan, eta iaz ere bai, asko irakurri dudala Gerra Zibilari buruz, baina irakurritako gehienak nobelak izan dira, edo noiz edo noiz saiakera lan bat ere bai. Baina, pentsatzen jarrita ez dut betarik izan poema libururik irakurtzeko gai horretaz.
Bigarrena, poesia liburuen aro berezi bat bizi dugula uda honen aldean. Prosa liburu nahiko argitaratu ziren udaberri aldean, Liburuaren Egunaren jaia ospatzen den aroetan ziurrenik garai horretan zerbait saltzen delako. Baina argitalpenak murriztu egin diren garaian poesia liburuak ugaritu egin direla dirudi. Errepaso arin batean, bi atera ditu Luis Mari Mujikak, Aintzane Galardirena agertu da, Aritz Gorrotxategik berea eman du, Sarasolarena, pixka bat lehenago, eta Garderen hau. Urte hasieran izan zen Fertxu Izquierdorena. Uzta ez da oso oparoa baina badirudi zerbait eman duela. Gaurko egunez, Serranoren poema liburua ere aipagarria da.
Fertxu Izquierdoren poema liburua aipatu nahi dut zeren baditu honek harekin loturarik poesiaren molde nagusian, ahotsa erritmo luzeetan emateko gogoan, nahiz eta, bistan da, oso liburu desberdinak izan.
Baina biek dute nolabaiteko joera epikoa lerroen artean. Luis Garde sinbolikoagoa da. Poema liburuak hasieran Gerra Zibila hartzen du gaitzat, baina atalak aurrera doazelarik, beti ere Lauaxeta poeta gogoangarriaren testuak atalburu hartuz, Haize hegoaren aroa ez da soilik uztaila, baizik ere gerratearen aroa, edo urrutiago joaz, etsipenaren eta akabuaren aroa (“Gure dantza Herioarena zela inork esan zuen”). Autopoetika omen da poema liburuetako lehen testua. Eta horrelaxe gertatzen da Luis Garderen liburu honetan. Lehen testuak aipatzen ditu 1936ko “oihu ordiek”, eta “oroimenak” (“Oroimenik ez dugu; / oroimen hutsak gauzka”) eta sinbolo nagusi diren “zaldiak” (“Oraindik zaldien erritmo urdina zur ustelduan adit dezaket”), eta txakur zaunkak.
Eromenaren eta ametsaren arteko eszenografia darabil poetak, herioaren eta eromenaren mugetan.
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro
Erroen izerdia
Jone Bordato
Mikel Asurmendi
Zerua hemen
Oihana Arana
Maddi Galdos Areta
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez
Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca
Amaia Alvarez Uria
Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo
Hasier Rekondo
Agerre
Juan Luis Zabala
Mikel Asurmendi