« Nobela historikoa | Fikzioak kale »
Hil ala bizi / R.L. Stine (Itziar Otegi) / Elkar, 2007
Zalantza ikara bihurtzen denean Inma Errea / Diario de Noticias, 2007-06-29
Batzuek diotenez, helduen literaturan bere aberkide Sthepen King nola, hala dabil Robert Lawrence Stine idazle estatubatuarra (Columbus, Ohio, 1943) gazteen literaturaren esparruan. Eta, alafede, liburu-salmenta erraldoiari dagokionez, behinik behin, hala da: R. L. Stinerrek gazteei zuzenduta idatzitako beldurrezko nobelak hogeita zortzi hizkuntzetara itzultzen dira —besteak beste, euskarara—, halako moldez non 300 miloi ale omen ditu salduak munduan barrena.
Gaur orrialde honetara hizpide ekarritako Hil ala bizi hau, Stinerren Goosebumps (Ikarak) bildumako nobeletako bat da, ingelesez 2004an argitara emana, zeinak, gazte-nerabeei zuzendua bada ere, ez baitio itzuri egiten, inondik ere, benetako izua eragiteari.
Kontakizuna film eta telesail amerikarretan etengabean erakusten dizkiguten Estatu Batuetako hiri ertain horietako batean dago giroturik, filme eta telesail amerikarrei esker gure auzoa bezain arruntak iruditzen zaizkigun klase ertaineko auzo horietako batean, gure hurbilekoak bezain ezagunak egiten zaizkigun nerabe amerikarrak direlarik protagonistak. Horregatik agian, liburua irakurtzen hasi berria dugularik ere, zuzen-zuzenean murgilduko gara kontakizunean, giroaz eta pertsonaien tankeraz berehala jabetuta. Eta kontakizunak ekarriko digu, jakina, ustekabeen eta izu-ikaren kate luze eta etengabea.
Argumentuak ere telesailetan agertzen diren horietako bat dirudi: neska protagonista, Joanna nerabe aberats apetatsua, bi mutil-lagunekin ari da irteten aldi berean: Dex, Joannarekin arras maitemindurik dago, aldirietako etxe xume batean bizi da, izeba zahar batekin, eta antzerkia eta abentura ditu zaletasun nagusiak; bestalde, Shep dugu, familia aberatsekoa, eta, horrenbestez, “egokiagoa”, Joannaren amaren ikuspegitik. Biei ala biei erakargarri irizten die Joannak, modu ezberdinetan, nahiz Dex harentzako xumeegi dela pentsatzen hasia den. Dex hil dela dirudienean, maitasunezko istorioa intriga eta beldurrezkoa bilakatuko da. Hortik aurrera istorioak hainbat itzuli eginen ditu, batera eta bestera, eta korapiloa azken lerroetan baino ez da askatuko.
Nobelaren erritmo hasieran lasaiagoa bizkortu egiten da pixkanaka, eta gero eta biziagoa da, hainbeste non edozein irakurlek laster sentituko baitu bere burua harrapaturik istorioaren ingurumarietan. Agerikoak dira Stinerrek halako kontakizun biziak txirikordatzen erakutsitako trebetasuna eta ofizioa. Euskarazko bertsioan, orpoz orpo heldu die Itziar Otegi itzultzaileak egilearen asmoei.
Istorioak, bestalde, badu ikasbide moraletik zein erretratu psikologikotik zerbait, poliki-poliki, intrigazko gorabeherekin batera, protagonistaren nortasun ez arras zintzoa azaleratuko baita, bere ezaugarri eta ñabardura psikiko eta sozial guztiekin.
Laburbilduta, nobela interesgarria dute honako hau izu-istorioak gustuko dituzten gazteek, betiere haien adinekoen arazo eta kezketako batzuk tartekatuta.
Airemortuak
Gorka Salces Alcalde
Maddi Galdos Areta
Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña
Asier Urkiza
Izotz ura
Lide Hernando Muñoz
Nagore Fernandez
Airemortuak
Gorka Salces Alcalde
Paloma Rodriguez-Miñambres
Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano
Mikel Asurmendi
Mesfida zaitez
Bea Salaberri
Irati Majuelo
Transgresioa irakasgai
Bell Hooks
Bestiak Liburutegia
Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu
Paloma Rodriguez-Miñambres
Airemortuak
Gorka Salces Alcalde
Asier Urkiza
Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena
Nagore Fernandez
Zoriontasunaren defentsan
Epikuro
Aritz Galarraga
Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga
Aitor Francos
Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro
Sara Cabrera
Gizon barregarriak
Joxean Agirre
Sara Cabrera