kritiken hemeroteka

8.773 kritika

« | »

Maitalea / Harold Pinter (Iñigo Errasti) / Elkar, 2007

Geure jokabideak, agertokian Inma Errea / Diario de Noticias, 2007-02-22

Beti da gauza bitxia taula baten gainean antzeztua izateko sortu dena liburu batean leitzea, baina antzerki-lan bat irakurtzeak, irudimena eragiteko ahalegin handiagoa eskatuta ere, antzezlana beste ikuspegitik dastatzeko aukera ematen digu.

Bereziki interesgarria da Harold Pinterren obrak irakurtzea, haietan hitzek eta hizkuntzaren erabilerak duten berebiziko muntarengatik.

Harold Pinter (Londres, 1930) erabat ezaguna egin da, 2005eko Literaturako Nobel saria eskuratu eta gero. Baina aurretik ere bazuen ongi irabazia ospea, hala zinema- eta antzerki-lanengatik —non boterearen, harremanen eta hizkuntzaren arteko lotura sakonak agerian paratzen baititu, Ionesco edota Becketten oihartzunak lagun— nola justiziaren alde eta agintekerien kontra borrokatuta erakutsi duen konpromiso politikoagatik.

Maitalea eta beste antzerki-lan batzuk izenburuaren aterpean, Iñigo Errastik Pinterren bost lan eskaintzen dizkigu ederki euskaratuta; bost lan, Pinterrek antzerkiaren arloan jorratutako ibilbidean mugarri eta erakusle doi direnak. Iñigo Errastik Nobel sariaren irabazleen lanak itzultzeko urtero deitzen den Jokin Zaitegi saria irabazi zuen 2005ean, eta horren emaitza dira, hain zuzen, gaur hona ekarritako liburu honetako Maitalea (1963), Lehengo denborak (1971), Alaska moduko bat (1982), Festa giroan (1991) eta Mendiko hizkuntza (1988). Lan guztiotan nabarmenak dira Pinterren kezkak —banakoen arteko botere-harremanak, harreman horietan sarri agertzen den bortxa, boterea eskuratzeko hizkuntza usteltzeko gizon-emakumeon trebezia eta botere politikoak gizartea mendean izateko baliabide horiek beraiek erabiltzeko duen manera lotsagabea— eta horien gainean egileak egiten duen salaketa gogorra.

Maitalea-n, senar-emazte protagonisten joko sofistikatuan haien irudimenezko maitalea ia erreala, benetakoa, nola bilakatzen duten erakusten digu Pinterrek, eta Lehengo denborak-en, oroimenak pertsonengan uzten dituen aztarnen subjektibotasunak gertaeren objektibotasuna bera nola menderatzen duen aztertzen du. Alaska moduko bat-en benetako kasu kliniko batez baliatzen da egilea, denboraren iragateari buruzko pertsonen pertzepzioetan murgiltzeko. Hiru antzezlan horiek espazio pribatuak (etxea, ospitalea…) dituzte eszenatoki, eta harreman pribatuak, lotura. Festa giroan eta Mendiko hizkuntza, ordea, esparru publikoan jokatzen dira, eta zuzen-zuzenean jotzen dute botere-abusuen kontra, dela gizarte-maila altuko pertsonaiek festa pribatu batean dauden bitartean kanpoan gertatzen ari diren izugarrikeriez jabetzeari egiten dioten ukoa (Festa giroan) dela boteredunek beren hizkuntza inposatuta menderatuen eta horien hizkuntzaren kontrako jarrera krudela (Mendiko hizkuntza) —turkoek kurduen kontra jokatzeko erakutsitakoa, kasu— salatuta.

Finean, antzezlan hauek ez dira atsegin emateko eginak, begiak irekitzeko baizik, gurengandik ez oso urruti gertatzen diren gauzen aurrean, gainera.

Azken kritikak

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Turismoa
Asier Basurto Arruti

Maialen Sobrino Lopez

Geratzen dena
Ione Gorostarzu

Maddi Galdos Areta

Zerua hemen
Oihana Arana

Maialen Sobrino Lopez

Barne zerbitzuak
Katixa Agirre

Amaia Alvarez Uria

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Joxe Aldasoro

Epilogorik gabe
Elena Sanchez

Maite Lopez Las Heras

Ni, laiko
Markos Zapiain

Aritz Pardina Herrero

Zure bazterrekoak
Cesare Pavese

Asier Urkiza

Termita
Garazi Albizua

Nagore Fernandez

Argazkiaren erabilera
Annie Ernaux

Maialen Sobrino Lopez

Café Mokka
Jabier Muguruza

Mikel Asurmendi

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Irati Majuelo

Artxiboa

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

Hedabideak