kritiken hemeroteka

8.544 kritika

« | »

Guizzardiren abenturak / Gianni Celati (Fernando Rey) / Igela, 2006

Zoratzekoa Ander Irizar / Diario de Noticias, 2006-07-27

Ale bakarra falta zen Gianni Celati italiarraren Parlamenti buffi (Erretolika irrigarriak) trilogia osatzeko. Aurreko biak, Denak hasperenka eta Paradisuko almanaka, orain hilabete batzuk argitaratu ziren, eta, haiek aurkeztean agindu bezala, udaberrian heldu zaigu saila osatzeko falta zena, hiru liburuetatik lehena berez: Guizzardiren abenturak.

Bereziak dira, inondik ere, Parlamenti buffi osatzen duten hiru lanak, eta hiruretan bereziena, zalantzarik gabe, hauxe dugu. Celatik berak Fernando Rey itzultzaileari adierazitako moduan, “erotutako gizagaixo baten hizketa islatzen da liburuan, ero lotsati, obsesiodun eta katatoniko baina dotore hitz egin nahi lukeen batena”. Liburuak duen puntuazioa ere —ez da komarik liburu osoan, ez da paragraforik…— hortik heldu da besteak beste, krisi psikotikoan dagoen eskizofreniko baten hizkera islatu nahi izatetik alegia, eta esaldien joskera “traketsak” ere hori du helburu. Behin, Pesaroko ospitalean lan egiten zuen lagun psikiatra batek “eroen” idazkiak helarazi omen zizkion Celatiri, eta halatan bururatu omen zitzaion haien moduan idazteko ideia. Lehenbiziko saioak Napoliko aldizkari batean argitaratu zituen, eta idatzi haiekin Italo Calvinoren eta Giorgio Manganelliren babesa lortu zuen.

Itzultzea beti baldin bada berridaztea, horrelako kasuetan zer esanik ez. Izan ere, hitzak eta esaldiak banan-banan berridatzi beharrean, liburua bera, osorik harturik, berridatzi behar du itzultzaileak. Celatik, aurreko hori gogoan, Fernando Rey euskaratzaileari gomendatu omen zion eroetxe batera joan eta eroek zuten hitz egiteko moduari errepara ziezaion; ero euskaldunek, noski… Itzultzailearentzat, jakina, ezinezkoa izan da hori betetzea, eta horrelako proposamen bat bete ezinak gure hizkuntzaren egoeraren berri hausnartzeko bidea ere ematen du. Hala ere, esan behar da alderdi hori, hau da, eskizofreniko baten hitz egiteko modua islatzearena, ongi lortua dagoela. Testua, hasieran, harrigarria gerta badaiteke ere, segituan ohartzen gara burua nahasturik duen norbait ari zaigula hizketan.

Ahozkotasunak garrantzi handia du Parlamenti buffiko hiru liburuetan. Ahozko italiera saiatzen da Celati paperera ekartzen, baina bere horretan, gordin-gordin, artifizialtasuna eman diezaiokeen inongo literatura-bernizik gabe. Guizzardik, gainera, hizkera guztiz berezia du: italiera eta dialektoa nahasten ditu, modu dotorean hitz egiten saiatu eta hanka sartzen du… Horrelakoak ez dira nolanahiko mugak itzultzailearentzat, eta, hein batean, gainera, gaindiezinak gertatzen dira. Fernando Reyk, gutxienez, Celati beraren laguntza izan du, eta ez da gutxienekoa, ez horixe; korapilo bat baino gehiago askatzeko balio izango zion, segurutik, laguntza horrek.

Hiru liburuek, zein bere aldetik irakurtzeko modukoak izanda ere, badute, ahozko italieraren gaiaz gainera, elkarren arteko beste antzekotasunik. Etxetik alde eginda munduan zehar dabilen mutila dugu Guizzardi, Paradisuko almanakako protagonistaren modura. Beste bietan bezala, Denak hasperenkan bereziki, pasadizo xelebre eta irrigarriak ere ugari aurkituko ditugu hemen. Baina, Guizzardiren ibilera irrigarriek, barrea eragitearekin batera, xamurtasuna ere piztuko digute sarritan. Eta hori ez da meritu txikia, idazleak gauzen muinera hurbilarazi gaituela erakusten baitu.

Azken kritikak

Oihaneko ipuinak
Horacio Quiroga

Jon Jimenez

Reset
Aitziber Etxeberria

Mikel Asurmendi

Baden verboten
Iker Aranberri

Jose Luis Padron

Gizaberetxoak gara
Mikel Urdangarin Irastorza

Jon Jimenez

Iragan atergabea
Julen Belamuno

Hasier Rekondo

Haragizko erreformak
Mari Luz Esteban

Mikel Asurmendi

Eusqueraren Berri onac
Agustin Kardaberaz

Gorka Bereziartua Mitxelena

Juana
Jon Artano Izeta

Mikel Asurmendi

Kontra
Ane Zubeldia Magriñá

Jon Jimenez

Simulakro bat
Leire Ugadi

Maddi Galdos Areta

Carmilla
Joseph Sheridan Le Fanu

Ibon Egaña

Kontra
Ane Zubeldia Magriñá

Paloma Rodriguez-Miñambres

Patrizioak eta plebeioak
Kepa Altonaga

Mikel Asurmendi

Turismo hutsala
Fito Rodriguez

Asel Luzarraga

Artxiboa

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

Hedabideak