« Arria! | Ezberdintasuna »
Txoria / Oh Jung-hi (Juan Kruz Igerabide) / Alberdania, 2006
Urrunetik heldutako txoria Ander Irizar / Diario de Noticias, 2007-01-28
Mundua auzo dugun honetan, ordenagailuaren saguarekin klik egin eta edozer eskura izan dezakegula iruditzen zaigun garaiotan, tarteka ohartzen gara badugula oraindik ere zer ezagutu, baita literaturan ere noski. Korear letretako ale bat hurbildu digu Alberdania argitaletxeak, Oh Jung-Hi idazlearen Txoria hain zuzen, eta apustua bera, egia esan, eskertzekoa da.
Nobela laburra dugu Txoria, baina ez du horregatik indar eta bizitasun faltarik. Bi anai-arreba ditugu protagonistak: hamaika urteko Umi izeneko neskatoa eta bederatzi urteko Uil bere anaia, pixka bat atzeratua baita. Ama hilda, aitak eskutik utzita, inoren laguntzarik gabe moldatu beharko dute azkenean neska-mutikoek. Umi dugu narratzailea, neskatxa alegia, eta hamaika urteko haur baten ikuspegi xaloaz adierazten dizkigu gertakizunak. Xalotasun horren ondorioz, ez bat-batean baizik eta gutxika-gutxika jabetuko da irakurlea liburuko errealitate gordinaz, ez baita nabarmenki agertzen. Era berean, haurraren kontatzeko era xaloa dela-eta, are mingarriagoa eta lazgarriagoa gertatuko zaio errealitate hori irakurleari. Leuntasuna eta gordintasuna, Hego Koreako banderan ageri diren ying-a eta yang-a balira bezala. Eta badira binaka elkarren osagarri ageri diren beste elementu kontrajarri batzuk ere liburuan zehar: antzinako mundua —ohiturak, sineskeriak— eta modernitatea, mendebaldea eta ekialdea?
Oh Jung-Hi 1947an jaio zen Seulen, eta berak ere, nonbait, ez zuen bizimodu samurra izan neskatoa zelarik. Autore hau, Europako gure inguruotan, frantsesera eginiko itzulpenen bidez egin zaigu ezagun; baditu frantsesez beste hiru liburu. Gaur hona ekarri dugun Txoria hau ere frantsesez baino ez dugu aurkituko inguruko hizkuntzetan; ingelesezko itzulpena aurten omen da argitaratzekoa. Gauzak horrela, euskarazko itzulpena egiteko, Juan Kruz Igerabidek —berak itzuli baitu liburua— frantsesezko testua izan du iturri; liburuan ez da datu hori aipatzen, baina hala adierazi zuen idazleak liburuaren aurkezpenean. Jatorrizkoa ulertu ezinak eta alderatzeko beste itzulpenik ez izateak salduxea utz dezakete zenbaitetan itzultzailea, eta hark, horrelako zalantza kasuetan, itzulpenerako darabilen testuari orpoz orpo jarraituz aurkituko du irtenbidea. Irudipena dut Igerabidek, liburu honetan, ikusi duela zenbaitetan bere burua horrelako egoera. Edonola ere, ez beza beldurrik izan irakurle euskaldunak, horrelako kontutxoak gorabehera, berdin eroriko baita istorioaren zurrunbiloan.
Zero
Aitor Zuberogoitia
Amaia Alvarez Uria
Oihaneko ipuinak
Horacio Quiroga
Aiora Sampedro
Carvalho Euskadin
Jon Alonso
Mikel Asurmendi
Egurats zabaletako izendaezinak
Rakel Pardo Perez
Jon Jimenez
Antropozenoren nostalgia
Patxi Iturregi
Asier Urkiza
Barrengaizto
Beatrice Salvioni
Nagore Fernandez
Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Lautadako mamua
Xabier Montoia
Aiora Sampedro
Berbelitzen hiztegia
Anjel Lertxundi
Mikel Asurmendi
Haize beltza
Amaiur Epher
Jon Jimenez
Coca-Cola bat zurekin
Beñat Sarasola
Asier Urkiza
Girgileria
Juana Dolores
Nagore Fernandez
Berlin Alerxanderplatz
Alfred Döblin
Aritz Galarraga
Teatro-lanak
Rosvita
Amaia Alvarez Uria