kritiken hemeroteka

8.787 kritika

« | »

Portukoplak / Kirmen Uribe / Elkar, 2006

Arria! Aritz Galarraga / Gara, 2007-01-27

Itsasoarekin harreman estua duen herria da Euskal Herria. Esaldi horrekin hasi nahi nuen, eta baita hasi ere, Portukoplak liburuaren gaineko iruzkina. Badakit baieztapen absolutuak egitea irristagarria dela, baina ados egongo zarete nirekin itsasoari begira bizi den (edota bizi izan den, zalantzak ditut dagoeneko) Euskal Herri bat egon badagoela diodanean. Nik bizi dudan Euskal Herriak behintzat harreman estua du itsasoarekin. Eta baita, noski, itsasoaren inguruko literaturarekin ere. Nola azaldu bestela, Portukoplak honetako hainbat eta hainbat testu ezagun, gertuko, etxeko ia suertatzea? Horrexegatik justiziazkoa iruditzen zait itsasoari, itsasoaren inguruko jende eta bizitzari Kirmen Uribek eskaini dion testu sorta hau. Eta ez soilik “Melvilleren zale naizelako”, ez soilik “ni neu ere portuan jaioa naizelako”.

“Portukoplak” izena zuen Non dago Basques’ Harbour liburuko Koldo Izagirreren poema ezagunak. “Aitortzen dizut portua dela / Nire aberri bakarra / Aitortzen dizut portua dela / Nire aberri bakarra”, otoitz kutsua duen errepikapenarekin hasten zen. Aipatu poemak Uriberen liburuari izena mailegatzen badio ere, antologia kresaltsu honetan apenas aurkituko dugu ondarrutarraren garaikide direnen testurik (Izagirre bera, Aurelia Arkotxa edota Leire Bilbao salbuespenaren adibide). Ugariago dira, nabarmen, atzera begira arrantzatutakoak: “hobetsi egin ditut liburuaren osotasuna, poema eta kanta solteak baino. Hobetsi egin ditut kantak, poemak baino, eta poema klasikoak garaikideen gainetik”. Horra hor, egilearen sarrera hitzetatik, irakurleak liburu honetan aurkituko dituenak, gehigarri kitzikagarri batekin: testu bakoitzaren inguruan Kirmen Uribek idatzitako testu bat aurkituko dugu, albokoaren aberasgarri.

Arrain motxokara bildu duela esango lukete gure herrikoek: kanta herrikoi ezagun batzuk (“Itsasoa laño dago”, “Anteron txamarrotia”), musikarien ahotsetan ezagututakoak (“Jaun Zuriano” Hiru Trukuren bertsioan, “Muthilik ttipiena” edota “Txatxamatxalinatxu” Mikel Urdangarinenean), musikariei erabat loturiko testuak (Oskorriren “Gaztelugatxe”, Benito Lertxundi eta Jon Maiaren “Itsasoari begira”) eta artean ezagutu gabeko kanta-poema-bertso multzo interesgarria ere bai (Antropofagia zantzuak agerian uzten dituen “Untzi galdu baten gainean bertsuak” edota imajinatu dezakegun horretaz mintzo diren “Ternuako penak”). Eta guztien gainetik, guztiak elkarlotzen, hari fin moduko bat: “hor zintzilikatu ditut nire gogoetak, sentimenduak, oroitzapenak, ipuinak, kostaldeko jendearen perfilak”. Gehitze horrek, testuen nolabaiteko harilkatzea bideratzen du eta osotasun bat erantsi, hasi eta buka (kasik narrazio liburu baten gisan) irakur daitekeen liburua bilakatuz. Gainera Portukoplak itsasoaz ari delarik, itsasoarekin harremanetan bizi den jendeaz ari delarik, jendeaz ari delako besteren gainetik.

Liburuaren sarrera hitzetan aipatzen denez, “Julio Caro Barojak esan zuen euskaraz ere, hitzik zaharrenak kenduta, dela itsaso edo ur, itsasoarekin lotutako hitz tekniko guztiak antzekoak direla gainontzeko hizkuntzetan”. Motxokara, surbesta, kalima. Lanbasa, tirliya, marlaxka. Txotxua, kroka, arria! Hitz horien gisakoak erabiltzen dituzte gure herrian. Batzuk Caro Barojak aipatzen zuen itsas-kode internazional horretakok izango dira, bertakoagoak bestetzuk, baina guztiak ere esanahiz beteak arrantzalearentzat. Azken batean ez baitio hainbeste axola hango ala hemengo, bizi-bizirik egotea baita azken batean garrantzitsuena.

Azken kritikak

Zerua hemen
Oihana Arana

Maddi Galdos Areta

Odisea
Homero

Aritz Galarraga

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Barazkijalea
Han Kang

Jon Martin-Etxebeste

Café Mokka
Jabier Muguruza

Aiora Sampedro

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak