kritiken hemeroteka

8.737 kritika

« | »

Zinema paperak / Koldo Mitxelena / Alberdania, 2006

Aitzindari Ibon Egaña / Berria, 2007-01-28

Pisukideak muturra okertu eta erreparoz begiratu dit eskuartean zer dudan ikusita. Koldo Mitxelenaren zinema kritikak, 1954tik 1961erakoak, Egan aldizkarian argitaratuak. Eta neuk ere gogoz adina zalantzaz ekin diot liburuari, jakinik ere Mitxelena irakurtzea beti dela plazera, areago euskaraz. Duela mende erdiko zinema kritikak izan ote dezake interesik eta gaurkotasunik, baina? Ez ote da gaurkotasunarena oso erraz erregalatzen den txarteltxoa? Baina, aitortu behar du, lehen orrialdeak pasatu eta uxatu zaizkio zalantzak berehala irakurle honi.

Aitzindari, horixe da Mitxelenak irabazi duen adjektiborik usuenetakoa, landu zituen hamaika arloetan. Eta baita, askoren (baita neure) harridurarako, zinema kritikarenean ere. Eta hein batean irakurle honek ezin dio inbidia edo nolabaiteko mira sentitzeari utzi, erabateko espezializazioak norbera bere txoko txikira mugatu eta itsutu aurretik duela mende erdi (eta zer esanik ez lehenago) kultura eta jakintza esparru zabal eta interkonektatuago bezala ikusi eta lantzen zuten haiekiko, Koldo Mitxelena tartean, jakina. Baina orotariko izate horrek aitzindari izateak bezala, aitor dezagun, badakar halaber freskotasunarekin batera esparruaren gaineko ikuspegi batzuetan naif bat izatea, ingenuoa nahi bada —eta hau ez diot zentzu peioratiboan—. Hala begitandu zait bederen Mitxelenaren lanok irakurri ahala, bidea urratu gabea, elurra zapaldu gabea dela dakienaren eskuak idatzitako testuak direla, eta horregatik dariela freskotasuna, ingenuitate zerbait. Eta aldi berean horretan datzala bere gaurkotasunaren arrazoietako bat.

Zinema paperak izenburupean bildu ziren artikuluok, 1981ean lehenik, iaz ondoren, eta ez da alferrik saihestu ziurrenik kritika hitza izenburutik. Egileak aitortzen ditu hitzaurrean zein diren bere mugak eta ez duela, esaterako, zinemaren alde teknikoez askorik esango. Erabateko espezializazioari uko egiten dioten lanak dira hemen biltzen diren testuak, beraz. Filmak hartzen ditu oinarri, batzuetan testu laburren bidez haien kritika modukoa egiteko; testu luzeagoetan, berriz, filma gogoetarako abiapuntu izaten du maiz. Guztietan ere, halako humanismo batek blaituta, “gizontasunaz” (gizatasunaz, jendetasunaz) filmek eragindako hausnarketak ditu oinarri Mitxelenaren lumak. Gizon-emakumeen harremanak, fedea, ona eta gaizkia… hemengo nahiz hango filmetan edo liburutan komunak diren gizakiaren barne harrak, horiek ditu gogoetagai errenteriarrak, alderdi formalez edo teknikoez haratago, aitortzen duen arren azala beti dela “mamiaren ide jatorra”. Filmaz haratago, gogoeta orokorrak (eta egiazki larritzen duen gaurkotasundunak) ere biltzen dituzte paperok: kritikariaren betebehar gidatzaileaz, kultura jaso eta herrikoiaren arteko lehiaz, klasikotasunaren eta garaikidetasunaren arteko talkaz…

Testu espezializatu eta hermetiko izateko intentzioetatik oso urruti, arras hurbilekoak egiten dira Mitxelenaren testuok. Pertsonalki inplikatuz (etengabe “gu” eta “ni”-aren artean zalantzati), irakurleari zuzenean hitz eginaz (“zu” eta “zuek”-ka), erreferentzia askotariko eta gertukoak txertatuz (Xenpelarren bertso bat orain, Altzoko Handiaren irudia gero), hartzaile honek oso hurbileko sentitu du egilea, arlo askotarikoez duen jakintzaren zipriztinak ezkutatu ez arren. Erabilitako ironiak, sartutako ziriek, erdizka esandakoek ere laguntzen dute testuak gozagarri egiten.

Zer esan, bestalde Mitxelenaren prosari buruz. Lezioa dela paragrafo bakoitza, eta etengabeko errepikapenari, klixean erortzeari beldur dion kritikoak (eta testugileak, oro har) zer ikasi franko duela orri hauetan. Behin eta berriz irakurtzeko piezatxoak direla paperok.

Azken kritikak

Erbeste
Juan Garzia

Asier Urkiza

Barne zerbitzuak
Katixa Agirre

Maialen Sobrino Lopez

Biba gorriac!
Imanol Murua Uria

Mikel Asurmendi

Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa

Patxi Iturregi

Terraza debekatua
Fatima Mernissi

Amaia Alvarez Uria

Poesia kaiera
Elizabeth Bishop

Irati Majuelo

Godoten esperoan
Samuel Beckett

Aritz Galarraga

Esaterik ez dagoenaz
Fito Rodriguez

Iñaki Lopez de Luzuriaga

Bazter utzietan
Karlos Linazasoro

Hasier Rekondo

Gari errearen urrina
Fertxu Izquierdo

Paloma Rodriguez-Miñambres

Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa

Mikel Asurmendi

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Maialen Sobrino Lopez

Zerua hemen
Oihana Arana

Asier Urkiza

Café Mokka
Jabier Muguruza

Nagore Fernandez

Artxiboa

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

Hedabideak