kritiken hemeroteka

8.496 kritika

« | »

Berdin dio / Agota Kristof (Eskarne Mujika) / Alberdania, 2005

Ez dio berdin Ander Irizar / Diario de Noticias, 2005-08-01

Hogeita bost kontakizun labur bildu ditu Agota Kristofek azken liburu honetan. Kontakizun mingotsak dira, hunkigarriak; hala ere, ez dezala sentimentalismorik espero irakurleak. Estilo soila erabiltzen du Agota Kristofek, apaingarririk gabea; bihozberatasunez batzuetan, ironiaz beste batzuetan, baita umore beltza baliatuz ere, baina funtsezkoak baizik ez ditu jartzen paperean. Besterik pentsa badaiteke ere, soiltasun horrek, kontakizunen biluztasun horrek, adierazi nahi duena ageriago uzteko balio dio ordea. Eta gai gogorrei heltzen die gehienetan idazle hungariarrak liburu honetan, egunerokoak eta betikoak diren gaiei. Kontakizun horietako asko, bestalde, aspalditik mingarri zaizkiola susmatzen dugun gai batzuen agerkari dira: norberaren etxea, jaioterria, erbestea… Izan ere, eta nahiz eta Kristofen bizitzaren inguruan misterio asko egon, nabaria da bizimodu eta bizipen gogorrak izan dituela. Hungarian jaioa, lehenbizi herritik hirira joan behar izan zuen gerraren ondorioz, gero, berriz, 1956an, senarra sobietarren beldur zela-eta, erbestera alde egin beharrean gertatu zen. Gazterik oso eta alaba batekin, Suitzan jarri zen bizitzen, eta han, erbesteratuen bizitzaz hitz egin nahiak bultzatuta, literaturari heldu zion; poesiari lehenbizi, antzerkiari hurrengo eta azkenik, 80ko hamarkadaren erdialdean, prosari. Bide horretan, ama-hizkuntza utzi eta —idazkera soil horren bila, agian—, frantsesez idazten hasi zen; egia esan, literatur bideari ekin berritan baztertu zuen hungariera, argitaratu duen guztia frantsesez idatzia baita.

Idazle honen euskarazko hirugarren liburua dugu hau. Aurreko biak bezala, Koaderno handia arrakastatsua eta Literatura Unibertsala sailean argitaratutako Atzo, hau ere Eskarne Mujika Gallastegik itzuli du. Itzultzaileak, horrenbestez, ezaguna zuen lehendik ere autorea, eta maitea edo kuttuna ere bai, eta hori lagungarri ederra da emaitza ona lortzeko. Nago, gainera, profesionaltasunaren eta amateurtasunaren arteko horrelako uztartze egokiak gehiagotan gertatzen direla gurea bezalako hizkuntza txikietan. Alde onen bat ere beharko genuen, ala? Oraingo honetan, gainera, jatorrizkoa argitaratu den urte berean ekarri du euskarara Alberdania argitaletxeak, eta hori ere eskertzekoa da. Azken batean, aho zapore gozoa utzi digun liburu mingotsa, nahiz eta, Agota Kristofek esaten duenez, liburu bat ezin izango den inoiz bizitza bezain tristea izan.

Azken kritikak

Zuzi iraxegia
Amaia Alvarez Uria

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

O.ten gaztaroa neurtitzetan
Arnaud Oihenart

Gorka Bereziartua Mitxelena

Ez-izan
Jon K. Sanchez

Aiora Sampedro

Pleibak
Miren Amuriza

Jon Jimenez

Ehun zaldi trostan
Ainhoa Urien

Asier Urkiza

Oroi garen oro
Beatriz Chivite

Nagore Fernandez

Jakintzaren arbola
Pio Baroja

Aritz Galarraga

Antropozenoaren nostalgia
Patxi Iturregi

Hasier Rekondo

Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga

Mikel Asurmendi

Baden Verboten
Iker Aranberri

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ezer ez dago utzi nuen lekuan
Itziar Otegi

Mikel Asurmendi

Dolu-egunerokoa
Roland Barthes

Asier Urkiza

Guardasol gorria
Lutxo Egia

Nagore Fernandez

Zero
Aitor Zuberogoitia

Jon Jimenez

Artxiboa

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

Hedabideak