kritiken hemeroteka

8.769 kritika

« | »

Porto Pimeko dama / Antonio Tabucchi (Fernando Rey) / Alberdania-Elkar, 2007

Azoreetako postal zaharrak Ander Irizar / Diario de Noticias, 2007-05-22

Literatura Unibertsala bildumaren azken aleetako bat dugu Antonio Tabucchi autore italiar prestigiotsuaren liburutxo hau, Porto Pimeko dama alegia. Edo, hobeki esanda, Porto Pimeko dama eta beste istorio batzuk, hori baitu izenburu osoa edo osatua, lagungarria gertatzen baita irudikatzeko ez dela honakoa, inondik ere, istorio bakarra kontatzen duen liburua.

Dena dela, ez da erraza azaltzen zer-nolako liburua den aipagai duguna. Bidaia-koaderno bat dugu, nolabait, oharrez, istorioz, aipamenez, irudiz eta kontu zaharrez betea, espazioan ez ezik denboran ere atzera-aurrera eta batetik bestera garamatzana. Edozein modutan, amaierako ohar laburrean ematen diren ohartxo historiko eta geografikoak alde batera utzita, ez dezala inork uste ohiko bidaia-liburu bat topatuko duenik, bidaia baten halako kronikarik-edo, nahiz eta liburuaren oinarria eta sorburua autoreak Azoreetako uhartedira egin zuen bidaia bat izan. Liburuak kontatzen dizkigunak fikzio direnik ezin bada ere esan, errealitatea, hori bai, gandututa bezala agertzen zaigu. Postal zaharretako argazkiekin sarritan gertatzen den moduko zer edo zer gertatzen da; hau da, ez dago esaterik agertzen dutena egia ez denik, argazkiak baitira, baina, denboraren joanaren poderioz, nolabait ere errealitatea itxuraldatua, antzaldatua, erakusten digute.

Edonola ere, kasu honetan, ez da gehiegi kostatzen Atlantikoaren erdian dauden uharte bolkaniko, haizetsu eta bakarti hauetako giroan murgiltzea, baleak eta kaxaloteak irudikatzea, kresal usaina eta balea-arrantzale zailduak. Faial uharteko Peter’s Bar mitikoa ere, Hortako badian, hor ageri zaigu, Atlantikoan zehar dabiltzanen gutunez, mezuz eta oharrez betea iragarki-ohola. Liburua bera ere horrelako zerbait da, denetik duen halako bilduma bitxi bat, baina Tabucchik ederki taxutzen duena; izan ere, nahiz eta liburua osatzen duten testuak era askotakoak izan, trebetasunez lortzen du idazle italiarrak liburuari halako homogeneotasun bat ematea.

Fernando Rey izan dugu liburu honen itzultzailea. Ez du ordea hau Tabucchiren obra bat itzultzen duen lehenbiziko aldia. Izan ere, iazko udazkenean, Igela argitaletxearekin, Sostiene Pereira (Pereirak dioenez) argitaratu zuen, Tabucchiren lanik ezagunena seguruenik. Eta itzultzaile beraren eskutik heldu zaigu, orobat, Piccoli equivoci senza importanza (Oker ttiki garrantzigabeak), hori ere Literatura Unibertsala bilduman.

Hizpide dugun itzulpen honetatik, aipatzekoa iruditzen zait, besteak beste, Tabucchiren testuak ez ezik, beste autore batzuenak ere euskaratu behar izan dituela itzultzaileak, Tabucchik zenbait autoreren testu zatiak biltzen baititu liburura. Hor ditugu, besteak beste, Melvillen Moby Dick klasikoko pasarteak —ez ditugu alferrik baleak liburuko gai nagusietako bat—, eta horrek zer pentsa ere ematen du; alegia, badugula bai oraindik zer euskaratu eta zer eskaini euskal irakurleei.

Azken kritikak

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Turismoa
Asier Basurto Arruti

Maialen Sobrino Lopez

Geratzen dena
Ione Gorostarzu

Maddi Galdos Areta

Zerua hemen
Oihana Arana

Maialen Sobrino Lopez

Barne zerbitzuak
Katixa Agirre

Amaia Alvarez Uria

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Joxe Aldasoro

Ni, laiko
Markos Zapiain

Aritz Pardina Herrero

Zure bazterrekoak
Cesare Pavese

Asier Urkiza

Termita
Garazi Albizua

Nagore Fernandez

Argazkiaren erabilera
Annie Ernaux

Maialen Sobrino Lopez

Café Mokka
Jabier Muguruza

Mikel Asurmendi

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Irati Majuelo

Basatiak
Maria Reimondez

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Zerua hemen
Oihana Arana

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

Hedabideak