« Denak batera | Agur, Darwin »
On Camillo / Giovannino Guareschi (Koldo Biguri) / Ibaizabal, 2001
Komunista onkote gaiztoa eta abade txintxo zitala Karlos del Olmo / Euskaldunon Egunkaria, 2001-12-15
On Kamilo: —Pozik egongo haiz, gure arteko katramilak euskarara ere isuri dituzte-eta!
Peponne: —Pozago berori, horrela, ausardia barkatzen badit, berorren mezu zaharkitua euskaldunen artean lau haizetara barreiatuko delako, belar galgarriaren antzera. Eskerrak Euskal Herrian ondo eskarmentu ederra hartuta dabiltzan berorren moduko abadeak direla eta!
On Kamilo: —Asto bai astoa! Berrogeita hamar urte paperezko argia ikusi genuenetik eta gero… hau! Gu biok ikur hutsak gaituk, aditu? Ikurrak! Giovannino Guareschi idazle-kazetariak biok erabili gintian mende honen lehenengo erdialdean Italiako egoera zertan zen erakusteko.
Peponne: —Barkatuko du berorrek nire adimenduaren laburra, baina ni ez nau ezeren ikur, ezta hurrik eman ere! Ni gorria naiz, eta kito! Halere, ez nuke aukera galdu gura euskaraz jantzi gaituen Koldo Biguri itzultzaileari eskerrak emateko, ez zaidalako inoiz gauza erraza iruditu letrak beste hizkuntza batera aldatzea. Eta italieratik euskarara itzultzea ez da neke makala, ez!
On Kamilo: —Ezbairik gabe, euskal irakurleek gustura eta pozarren leituko ditiztek hire astakeriak!
Peponne: —Bai eta barre zantzoka hasiko berorren petralkeria hain ederto jasota ikusita!
On Kamilo: —Ni petrala? Petrala ni? Hamaika entzuteko jaioak gaituk, ene-ene!
Peponne: —Petrala esan dut, bai, eta ez diot pikorño bat ere kenduko esandakoari! Edo beharbada adierazi beharko nuke aurre-eder-eta-atze-demonio horietako bat dela berori, Elizaren mezua zabaltzeaz batera halako aukera politiko baten alde egiten duenetik?
On Kamilo: —Hi ere ez haiz makala, kanpotik irina baino zuriagoa, barrutik kedarra baino beltzagoa! Komunista besteen gauzetarako, kapitalista zekena hire gauzak banatzeko orduan!
Peponne: —Tira… tira! Ederra mesedea itzultzaileari, argitaratzaileari eta sustatzaileei egiten dieguna horrelakoak esanda!
On Kamilo: —Bai, izan ere, bat natorrek hirekin, ohikoa ez den arren! Betoz, betoz irakurleak gogo txarrik erakutsi gabe EIZIE elkarteak eta Eusko Jaurlaritzak bultzaturiko Literatura Unibertsala bildumako lan honetara! Atsegina atseginaren gainean irabaziko ditek.
Peponne: —Bai, bederen itzulpen irakurtzen erraz, eramangarri eta barreragilea da izan ere, ez berorren sokakoek plazaratzen dituzten paper ezin irensteko horien modukoa!
On Kamilo: —Aspergarriak hire lagunen panfletoak, astakilo bai astakiloa! Begira, hire parteko sasikritikari eta sasijakintsu progre eta gorriek epelak bota izan ditiztek luzaro gutaz paperean erditu zen idazleaz, azpiliteratura edo garelakoan! Azpisugeak bai eurak, baina!
Peponne: —Horretan berorren lagun katedradun handiek ere mesede argala egin digute! Eskerrak gauzak onbideratzen hasita daudena eta Guareschi eskribatzaileari zor zaiona aitortzen hasi direna! Komunistok diogun moduan, nori berea da zuzenbidea!
On Kamilo: —Hori ez duk komunisten aldarria, ergel hori!
Peponne: —Ergela izango bide naiz, bai! Baina berorrek, ez jakitearren, zer denik ere ez daki: demokristaua, demokrata kristaua, kristau demokrata… Ni ez nau inoiz oso paper zalea izan, berorrek ederto batean daki eta. Kontua da idazle, itzultzaile, zuzentzaile, kazetari eta kontakatilu jendaila horrekin beti berdin gertatzen dela, kontuz ibili ezean, laprastadatxoren bat edo beste isuri eta, gero, irakurle xehea zorabio batean edo noraezean ibili beharrean. Han zeozer irakurtzen du, hemen ika-mika, harantzago kailentura, geroago aitasantua… zer errenta modu da hori, abade orojakile hori?
On Kamilo: —Horiek iratxoak baino ez dituk! Hire moduko ezjakin bati baino ez zaiok bururatzen horrelakoetan hastea! Hizkuntza eta kalamatika kontu horiek politak dituk jakin uste handiko maiseatzaileentzat, bai, baina txikikeria hutsa irakurlearentzat. Irakurleak irakurgai eroso eta gezurrik bakoak behar ditik, ez duk ibiltzen lupa hartuta akatsa non topatuko, nik ezagutzen ditudan batzuen antzera. Egia duk, bestalde, zuzentzaileak ez duela beti lana behar bezala egiten. Gainontzekoan, gizakiak, itzultzaileak, bere-bere dik akatsa, guri jazotzen zaigun legez. Gure Jaunak esan zuen moduan, bekaturik egin ez duenak bota dezala lehenengo harria!
Peponne: —Konforme! Gure irakurgai honek berorrek esandako baldintzak betetzen ditu: erosoa eta gezurrik bakoa da. Halere, ni beste gauza batek kezkatzen nau, barren: berorrek uste ote du, zinetan eta benetan, gaurko euskal irakurleari interesa dakiokeela aberria, borroka armatua, komunismoa, kristau demokrazia… berbakizun darabiltzan liburu xume hau?
On Kamilo: —Liburuari, bederen, egiaren indarra zariok, gure aita pontekoak kontzentrazio eremuak ezagutu zituen-eta bere ideologia erregezalea zela bitarte! Eta hori, nonbait, orriotan nabaritzen duk, ez? Gainera, Internetera edo dena delako deabrukeria horretara ere ailegatu gaituk! Eta antzerkira! Eta zinemara! Gauden, beraz, euskaraz ere!
Peponne: — Bestalde, ez dira ahuntzaren gauerdiko eztula Biguri jaunak testuari erantsitako itzultzaile ohar argigarriak, ez horixe!
On Kamilo: —Elkarrizketen arina atzendu barik! Eta elizan ohiko den euskara moldea baliatzea ere ez duk azaren azpiko orria!
Peponne: —Eta, zertan esanik ez, joskera muga estu batzuk gainditzeko ahalegina ere ez da astoaren goizeko arrantza!
On Kamilo: —Ene, ene, ez haiz hasiko, bada, azkenean nirekin bat etortzen?
Peponne: —Izan ere, gauza handia da, benetan, eta miraz nago ikusirik berori zelan hurbiltzen den nire iritzi apaletara.
On Kamilo: —Boltxebike halakoa!
Peponne: — Ducezale klerikal
alaena!
Baden Verboten
Iker Aranberri
Asier Urkiza
Diesel
Bertol Arrieta
Nagore Fernandez
Maitasuna eta dirua, sexua eta heriotza
Mckenzie Wark
Jon Jimenez
Basokoa
Izaskun Gracia Quintana
Joxe Aldasoro
Zuzi iraxegia
Amaia Alvarez Uria
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
O.ten gaztaroa neurtitzetan
Arnaud Oihenart
Gorka Bereziartua Mitxelena
Ez-izan
Jon K. Sanchez
Aiora Sampedro
Pleibak
Miren Amuriza
Jon Jimenez
Ehun zaldi trostan
Ainhoa Urien
Asier Urkiza
Oroi garen oro
Beatriz Chivite
Nagore Fernandez
Jakintzaren arbola
Pio Baroja
Aritz Galarraga
Antropozenoaren nostalgia
Patxi Iturregi
Hasier Rekondo
Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga
Mikel Asurmendi
Baden Verboten
Iker Aranberri
Paloma Rodriguez-Miñambres