kritiken hemeroteka

8.402 kritika

« | »

Boccacioren Dekamerone tipi bat / Giovanni Boccaccio / Kriselu, 1979

Giovanni Boccaccio eta Gabriel Aresti Dekamerone tipi batetan Joseba Sarrionandia / Anaitasuna, 1980-02-15

GIOVANNI BOCCACCIO

Hiru toskano dira XIV mendeko italiar literaturako idazle gorenak: Dante Alighieri, Francesco Petrarca eta Giovanni Boccaccio. Garai honetan Florentzia Europako merkatalgoaren eta burjeseria finantzariaren hiriburua zen. Oraindik Erdi Haroa zen, Antigualaren eta Modernoaren arteko garaia alegia, baina jadanik soma zitezkeen Errenazimenduaren eta Hare berri baten ezaugarriak. Giovanni Boccaccio 1313.ean sortu zen Florentzian, merkatari aberats baten seme borta. Biografoek diotenez, oso ikasia zen eta maitasunaren sukarretara arras emana. Napolin bizi zelarik, neskatila lirain bat ezagutu omen zuen, Fiametta, eta harekiko sentimenduez idatzi zituen lehendabiziko poemak. Baina 1330.ez geroztik hasi zen idazten, latinez zein toskaneraz, ezagunak zituen Dante eta Petrarca eta gogoan ere, haien obrak. Lehen urte haietan maitasun olerki anitz egin zituen eta “Fiocolo” deritzon hizlauzko liburua ere, nobela bizantinoa, argitaratu zuen.

Gero beharakada ekonomikoa eta istilu politiko ugari Florentzian, baina Boccacciok asko idazten zuen, maitasun arkadiak eta eresiak, batez ere. Eta halako batetan, 1348.ean hain zuzen, izurritea hedatu zen Florentzian ere, Europan barrena erratu ondoren. Huraxe izan zen Dekameronearen sorrera, eta ipuin bildumaren lokarria.

1350.ean Francesco Petrarca ezagutu eta adiskide minak egin ziren. Figura arras desberdinak dira G. Boccaccio eta F. Petrarca, bata zentzuala, irekia, demokratikoa eta laikoa, bigarrena alderantziz sublimatua, hertsia, aristokratikoa eta klerikala, baina ez ditu elkarrengandik heriotzak baino bereiziren. Eta, bata hizlauz, bestea neurtitzez, Tretecentoko idazle gorenak dira.

Geroago latinez idazten hasi zen, liburu eruditoak eta moralistak, “De Casibus virorum illustrium” esate baterako. Beste liburu erudito interesgarri bat “De Genecologia deorum gentillum” deritzona izan zen, mitologia eta aintzinateari buruz. Azken urteetan, edozelan ere, askoz ere begiratuagoa eta erlijiosagoa bihurtu zen. Dekameronea idazteaz damutzera ere iritsi zen.

1374’ean Francesco Petrarca, bere adiskidea, hil zen. Kolpe mingarri honen ondoren Certaldo delako herriskara erretiratu zen Giovanni Boccaccio eta neguan, 1375’eko Abenduaren 21ean, hil egin zen. Epitafio hau eskribatu zuten haren hilarrian:

“Hac sub mole iacent
cineres ac osa Iohannis”

Hala ere, beste askorentzat ez bezala, ez zen epitafioa izan hari buruzko azken aipamena. Menderik mende oroitua eta irakurria izan da haren obra, eta ez gainera haren obra kultoa eta trantzendentala, baizik eta toskaneraz idatzitakoa, herrikoia eta intrantzendentalea. Eta esan daiteke, oraindik ere, ipuin bizi eta atseginak direla, eta Errenazimenduko irakurleari bezala sorterazten deraukula guri ere irria.

Dekameronea

Ehun ipuinek osotzen dute Dekameronea. Ez dira estilo berdinekoak, batzuak garaiko gauza bereziak aipatuz, besteek atenporalak, batzuek oso estilo dotorez eginak, besteak hornidurarik gabe solasaldi arruntetatik jasoak. Baina desberdintasunetarik ez da entelegatu behar ipuin solteak direnik. Dekameroneak ba du egitura bat, artifizio ola edo sorgailu bat bailitzan funtzionatzen baitu.

Izurritearen aitzakiaz egitura oso bat sortzen da, pundu hauetan oinarri daitekeena: (O)Espazio eta motibo narratibo bat. (1)Pertsonaia narradoreak, hamar, desberdinak eta elkar osotuak. (2)Narrazio denbora bat, hamar egun, egunero hamar istorio kontatu ohi direlarik. (3)Halako xede narratibo berezi bat maitasunaz, zuhurtziaz eta fortunaz iharduteko.

Istorioak asmatzeko artifizio sorgailu honek ez du falta, gainera, planteiamendu etikoa ere. Esan nahi dut, Dekameronea irakurrita libertatearen eta alaitasunaren aldeko grina bat susmatu ahal da. Hontaz, hain zuzen, ez da irudi faltsu bat baino Erdi Haro ilun eta asketikoaren ideia. Politikari dagokionez geroztikako gizarteak baino arras libreagoa edo autokratikoagoa zen, jende lleguaren aldetik oso teorizazio interesgarriak egin ziren eta, batez ere, bizimodu arruntaren aldetik garai bestazale eta jolaszalea izan zen.

“Dekameronea, dela” esan zuen Vittore Brancak. Herri arruntaren kronista zen G. Boccaccio, herri arrunta plazerraren eta atsekabearen artean bizi da eta honegatik da Giovanni Boccaccio Fortunaren idazlea ere. Zeren eta Fortuna, amodioa eta zuhurtzia baitira Dekameroneko funtsezko gaiak.

Gainera, Dekameronea liburu oso irakurria izatera iritsi zen, arrakasta izan zuen eta ez genuke gehiegi esanen, askorentzako almohadaondoko liburua zela esanen bagenu. Arrakasta honek, mendeetan zehar iraun duen arrakasta honek, Dekameronearen bikaintasuna eta balioa frogatzen du, zalantzarik gabe.

Gabriel Aresti eta itzulpena

Zertan da itzulpengintza? Paper asko beterazi ditu gai honk lengoaiaren filosofoen artean zein euskaldunen artean. POTT 3 aldizkarian “Itzulpena eta traizioaren praktika” deituriko idazlan bat argitaratu zen literatura nazionalaren mitoa salatzen eta euskal literaturaren apologismo berria kritikatzen. Hantxe gogoratzen zen bezala, arras harrigarria da itzulpena literarioen eskasia, izan ere, hamar urte hauetakoak ez dira dozena erdiren bat baino gehiago.

Gainera, itzulpenetaz zer ardura guti izaten den frogatzea oso erraza da. Adibidez, Hordago editorialeak argitaraturiko Tximista sailean (Mark Twain, Lewis Carroll, H.G. Wells, Jack London idazleen obrak omen dira?) ez da itzultzailearen izena aipatu ere egiten. Bestalde, orijinalarekiko begiramena eta abar zer denik ere ez seguru asko.

Baina, arrazoi hautatik at, komeniko litzateke itzulpenaren kontzeptua eta baliotasuna kontuan izatea. Hontaz, Walter Benjamin-en azterketetan galdera interesgarri bat aurki daiteke: Hizkuntza orijinalez entelegatzen ez dutenek irakurri ahal dezaten bakarrik egiten al da itzulpena?

Ez, itzulpena ez da komunikazio hutsa, mezuaren aldatze hutsa. Itzulpena jenero bat da, hizkuntza biak elkarrengana hurbildu eta itzultzen deneko hizkuntzaren posibilitateak zabaldu egiten ditu.

Eta hau kontuan izanik, zer esan daiteke, bada, Gabriel Arestiren “Dekamerone Tipi Bat” delako itzulpenaz? Dekameronetik hautaturiko hamabost ipuinen bilduma, lapurtera klasikoa. Ezin daiteke esan fidelegia izan denik orijinalarekiko, hots, irakurle euskaldun posiblearentzako beste zentzu bat du irakurketak. Hemen bai esan dakiokeela ezetz Walter Benjaminen arestiko galderari.

Baina Dekamerone Tipia ere atsegina da, lapurtera klasikoaren kultismo eta xarma dario ipuin guzietan zehar, baina ez du kultismo honek edertasuna deuseztatzen, aitzitik, zentzu berri bat eta irakurketa berri bat posibilitatzen baitu.

Bestalde, Gabriel Arestiren itzulpenari dagokionez, ortografiaren arazoa aipatu behar da, ezen ortografia normalez edo normatiboz argitaratu baita eta ez C. Arestik lehendabiziokoz idatzi zuen bezala. Bere beste itzulpen oraindik ineditoa, “Lau Quartetto” (T. S. Ellot), egina den gisara argitaraturen dela espero dugu.

Zeren aski ingratak izan baitziren euskaldunak G. Arestirekiko, Asterix-en itzulpena eta bere liburuen salneurriak oroiteraz daitezke, halako aldaketa (traizio) postumoak egiten irauteko.

Azken kritikak

Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta

Jon Jimenez

Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza

Nagore Fernandez

Zoo
Goiatz Labandibar

Asier Urkiza

Hetero
Uxue Alberdi

Joxe Aldasoro

Euri gorriaren azpian
Asier Serrano

Paloma Rodriguez-Miñambres

Galbahea
Gotzon Barandiaran

Mikel Asurmendi

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Irati Majuelo

Lagun minak
Jon Benito

Mikel Asurmendi

Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga

Jon Jimenez

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Asier Urkiza

Lautadako mamua
Xabier Montoia

Nagore Fernandez

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Bestiak Liburutegia

Rameauren iloba
Denis Diderot

Aritz Galarraga

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

Hedabideak