« Giovanni Boccaccio eta Gabriel Aresti Dekamerone tipi batetan | “Ehun metro” »
Caritate / Luis Haranburu Altuna / Luis Haranburu, 1979
“Caritate” bitxia Josu Landa / Zeruko Argia, 1980-02-17
Oso bide bitxi eta berri batetatik abiatu zaigu honetan liburuaren egile eta editorea den Luis Haranburu Altuna. Liburua irakurtzera lotzen duen erdi mailako irakurlea izkribu honen aurrean guztiz harriturik —liluraturik ez bada behintzat— geldituko dela gonbentzituta nago. Ez dut hau rollo hutsa sartzearren soil-soilik esaten. Ikus dezagun zergatik gertatzen den harrigarria liburu hau —hala dela uste baitugu guk behintzat—. Zenbait puntu aurkeztuko ditugu baina ez da esan behar ere, zerbait sakonki ulertu nahi bada liburura bertara jo beharra dagoela.
Zorionez sarrera editorialik eta antzekorik gabe datorkigu liburua eta Introiboan bertan azaltzen zaigu garbi liburua idazteko motibapen eta zergatia —liburuaren beraren fabula munduan sarturik jadanik—. Irakur dezagun: “Izkriba ezak liburu batean ikus dezaana eta bidal ezak eskualde hauetara: Laburdira, Xuberora, Karistira, Barduliara, Arabara, Nafarrora eta Benafarrora. Izkriba ezak, bai besteek ikusi ezin dutena, euk dakuskana eta gerokoan gertatuko dena” (70). Aurreagerpen baten gisa datorkigu paragrafo hau egin nahi dugun azterketarako, argi eta garbi agertzen baitzaizkigu hortxe erabiliko dituen gaia eta idaztankera. Aurreidei bat nolabait eratzeko, sar itzazu koktel ontzi batean, apokalipsia, mitologia piska bat, narrazio hari oso ahul bat, fantastikotasun apur handi bat, eta nahasten badituzu inkunable kutsu batez, narrazioa eta mamiaren irudi bat —nahiz eta inperfektoa izan— jasoko duzu. Eta hau dena lapurtera kutsu klasiko batez —ginda gisa— adornatzen baduzu, baduzu esku artean Caritate liburuaren aurkezpen aprosimatibo bat. Hau dena azaletik begiratuta, noski; pasa gaitezen etxe barrura.
Bi eratako testuak aurki ditzakegu, eta bien arteko erlazioz eta kontraezarketaz sortzen da liburuaren egitura. Lehengoan Caritate mitikoaren mirari eta eginak kontatzen zaizkigu. Caritateren ondoan, pertsonairik inportanteenak bezala honako hauek agertzen zaizkigu: Poliandrio eunukoa, Jazinto Lejionarioa, Zaldun Gorria, e.a. Baina hauen gainetik beste oso pertsonai inportantea agertzen zaigu, akaso Caritate bezain inportante eta aipatua: Jaun. Bi koprotagonista hauek osatuko lukete nere ustez —beste jainko eta jainkosa, maitale eta pertsonai mitikoek lagunduta— liburuaren fabularen —fabula baldin bada— haria. Hau lehen eratako testuei dagokienez. Bigarren eratako testuak —lehen eratakoekin tipografiaz ere ezberdindurik daudelarik—, barruko hizketa huts bat ditugu, Jaunek Caritate itxoinaz duen bakarrizketa alegia. Beraz, bigarren hau lehenaren hariaren une berezi batean erantsiko litzateke: Jaun eta Caritateren arteko aurkitzea baino lehentxoago. Beraz oso lotura estua daramate bi historia moetok. Estruktura aldetik hauk izango lirateke gehien nabarmentzen diren ezaugarririk inportanteenak.
Nahiz eta zentzu honetan beste norbait mintzatua izan jadanik, zer edo zer esan nahi nuke liburuaren irudipen eta sinbolismoari buruz. Ez dut uste nik, liburu hau definitzeko ezaugarririk nabarmenena sinbolismo mundua denik. Inolako sinbolismoa esistitzeko nolabait azpiko esanahi sinboliko bat izan behar du literatur obra batek. Hau kontutan hartuz, ez dut uste Caritate-ren mundua sinbolikoa denik, ez baitu esanahi zehatz bat emateko nahirik azaltzen, ez bada literatur obra guztiek —literatura direnez— berez duten plurisignifikazioa. Caritate-ren mundua fantasiarena da, baina fantasia fantasiarren, Hego Ameriketako ipuin fantastikoen gisa. Hau izango litzateke “Haizeaz bestaldetik” eta “Caritate”ren arteko diferentzi garbia. Lehenak badu esanahi zehatz bat —nahiz eta sinbolismo hertsi batez izkutaturik egon—; Caritate-k ez ordea. Caritate-ren mundu fantastikoak ez du inolako proiekzio errealik izan nahi; izadi mitiko guztiak, hauen poligamia eta poliandria guztiek funtzio bakar bat dute nere iritziz: mundu guztiz irreal bat sortzea eta autoalimentatzea.
Gaurko narratibaren geldirune grabetik irtetzeko bide berriak urratu behar direla esatea topiko bihurtu zaigu. Topiko honen irtenbide praktiko eta posible bat bezala baloratzen dut “Caritate”- bitxia. Ongi etor bitez horrelako saio narratibo berriak.
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro
Erroen izerdia
Jone Bordato
Mikel Asurmendi
Zerua hemen
Oihana Arana
Maddi Galdos Areta
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez
Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca
Amaia Alvarez Uria
Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo
Hasier Rekondo
Agerre
Juan Luis Zabala
Mikel Asurmendi