kritiken hemeroteka

8.402 kritika

« | »

Ehun metro / Ramon Saizarbitoria / Lur, 1976

“Ehun metro” Jon Kortazar / Jakin, 1980-03

Sarrera

Argi dago R. Saizarbitoria azken urteotako euskal nobelari nabarmen bat dena. Honen orainarteko hiru nobelak nobelagintzan esplorazio bana izan dira. Narradorea berriztatzen zen Egunero hasten delako-n, eta Ene Jesus-en narratiba planoak.

Sarasolak lehen euskal nobela modernotzat konsideratu du Egunero…. Argi baino argiago dago Saizarbitoria nobelagile modernoa dena.

Modernotasun hori demostratzea da lan honen helburua. Edo, demostratu baino hobe (oso ebidentea da demostratzeko), argitan jartzea. Eta batez ere teknikaren eta formaren aldetik abiatuko gara, haren nobela bat aztertzean: Ehun metro.

1. Gaia

Hau dateke liburuaren gai nagusia: poliziak inguraturiko ETAr batek egiten dituen azken 100 metroak. Baina ez da gai bakarra; beste batzu ere aurkitzen dira.

Nobelak 50 zati ditu; 6 gai nagusitan bil daitezke:

A) ETAr hori ume zenean, kolegioko giroa eta kolegioan pasatutakoak.

B) Han zebilen mutil bati poliziak egiten dion interrogatorioa. Haien ustez, etarraren kontaktu bat da mutil hau.

C) Hurrengo egunerokotik harturiko zatiak.

D) Pertsonaiak korrika egiten dituen azken 100 metrook, haren heriotzaren ostean kontatzen dena ere berton sarturik.

E) Pertsonaiaren gogoramenak. D saileko bi zatiren artean sarturik, sentido bat dute.

F) Jendeak, mutila hil den lekuan egiten dituen komentarioak. Akzioa Donostiko Plaza de la Constitucion-en kokatzen da.

Gaiak sei dira; eta beste horrenbeste, kapituluak.

2. Gaien estruktura

Liburuaren eskema, gaion arabera, hau dateke:

1. kapitulua: A! B2 C3 D4 E5 D6 C7 F8: 8 zati.

2. kapitulua: A9 F10 C11 D12 E13 D14 C15 B16: 8 zati.

3. kapitulua: A17 C18 D19 E20 D21 C22 B23 F24: 8 zati.

4. kapitulua: A25 F26 B27 C28 D29 E30 D31 C32: 8 zati.

5. kapitulua: A33 B34 C35 D36 E37 D38 C39 F40: 8 zati.

6. kapitulua: A41 D42 B43 D44 B45 D46 B47 D48 B49 D50:10 zati.

Letrek gaietara bidaltzen dute. Zenbakiak, berriz, zati bakoitzak liburuan duen ordenua baino ez dira.

Gai guztiak liburua zehar kokaturik, eta horien lekuak bilaturik, datu batzu dauzkagu. Interpretazioak gerorako utziko ditugu.

1. Gai berak irekitzen ditu kapitulu guztiak: A deitu dugunak, pertsonaiaren haurtzaroaz berba egiten duenak.

2. Gaien ordenuari begiratzen badiogu, simetria bat lortzen dutela ikus genezake.

Hasi gaitezen obserbazio honetatik: E gaia D gaien artean dago beti. Protagonistaren gogoramenak, nobelaren akzio garrantzitsuaz inguraturik agertzen dira. Beraz, eskema hau agertzen zaigu beti nobelan:

D+E+D

Har dezagun, ba, azken eskema hau situazio bat legez. Estrukturaren simetria argiago ikusten lagunduko digu honek:

1. kapitulua: A B C D+ E+ D C F

2. kapitulua: A F C D+ E+ D C B

3. kapitulua: A C D+ E+ D C B F

4. kapitulua: A F B C D + E + D C

5. kapitulua: A B C D+ E+ D C F

Orduan, ba: 1) 1. eta 2. kapituluak simetrikoak dira. Ikusten dugunez, F eta B gaiek trukatu egin dituzte beren lekuak. B bigarren lekutik zazpigarrenera pasa da; eta F, zazpigarrenetik bigarrenera.

2) 3. eta 4. kapituluek B – F taldeen ordenua aldatu dute. 3. kapituluan, B seigarrena zen eta F zazpigarrena. 4.ean F lehenengoa da eta B bigarrena.

3) 1. eta 5. kapituluen arteko berdintasunaz ez dago berba egin bharrik.

4) Kapitulu guztiek dute sekuentzia hau: C D+E+D C

5) 6. kapituluak estruktura ezberdina agertzen du. Ezberdintasun horrek gaiaren mailan egon den aldaketa azaldu nahi du. Hau da, lehen bost kapituluetan pertsonaia bizirik zegoen seigarrenean hil egiten dute. Gai mailan suposatzen duen aldaketa, estrukturan ere agertu egiten da.

3. Nobelaren 50 zatiak

Hemen ipiniko dugun lista hau soberan duke irakurleak, liburua aurrean badu eta nobela zatitzen eta banatzen duten zatiak berak bere lanez ikusten baditu. Lan hau egiten duten irakurleek trankil pasa dezakete parte hau. Berton, nobelaren parte guztiak batzen ditugu, gero estudio batzu egiteko. 50 zatiok hauexek dira:

1. (A) Eskolan sartzea.

2. (B) Poliziek estudiante bat interrogatzen dute. Amableak agertzen dira berarekin.

3. (C) Hurrengo eguneko egunkariak heriotzaren berria ematen du.

4. (D) Pertsegizioaren hasiera. Etarra taberna itxi baten terrazan jezarria dagoen mutil bategana doa.

5. (E) Gogoramena: zapatak busti zituenean, aitak emandako zigorra.

6. (D) Etarrak polizien pausoak sentitzen ditu.

7. (C) Egunkariaren testutxo bat.

8. (F) Herriak haren heriotzaz egiten dituen komentarioak.

9. (A) Kolejioan: Izena: Zuazalagoitia. Irakasleak ez du aditzen.

10. (F) Hil den lekuan entzuten diren komentarioak.

11. (C) Egunkaria.

12. (D) Korrika egikeran sentitzen duen sentsazioa: Parabellum-ak ez dio trankil korritzen uzten. Giltza batek paparrean jotzen du.

13. (E) Gogoramena: Medaila batek gauza bera egiten zion gimnasi klasean. Baina giltza hori Michelek eman zion.

14. (D) Estudiantea jezarrita ikusten du eta harengana doa.

15. (C) Egunkaria.

16. (B) Interrogatorioa: zergatik zegoen han azaltzen hasten da estudiantea.

17. (A) Kolejioan egindako diktaketa. Gaia: Espainiako bandera.

18. (C) Egunkaria.

19. (D) Korrika doala, giltza alborantz botatzen du. Giltza horrek M darama grabatua.

20. (E) Gogoramena Michelegaz oheratu zen egunaz.

21. (D) Polizia batek lehen tiroa egiten du.

22. (C) Egunkaria.

23. (B) Interrogatorioa: Estudianteak neska bat gonbidatu zuen taberna hartara gosaltzera, itxia zegoela jakin barik.

24. (F) Azokan, bere amaren lagun batzuk egiten dituzten komentarioak.

25. (A) Eskolan. Bere ikurrina “blanca roja y verde” dela diotsa maisuari.

26. (F) Conchan neska batzuk egiten dituzten komentarioak.

27. (B) Interrogatorioa. Estudianteak neska berak emandako giltza zuen, M eta guzti. Poliziak kontaktu bat zela pentsatzen du.

28. (C) Egunkaria.

29, (D) Korrika, bere pistola sentitzen du. Une berean tiroak jotzen du.

30. (E) Gogoramena: zauritua zegoen lagun bat eroan zuen behin Baionara.

31. (D) Zaurituta, bere bizitzak beste minutu bi iraungo duela konturatzen da. 120. segundutik 103.era

32. (C) Egunkaria.

33. (A) Irakasleak zigortu egin du. Esaldi bat 500 bider idatzi beharko.

34. (B) Estudianteak giltza zelan lortu duen azaltzen du: Michele deitu neska batek eman zion.

35. (C) Egunkaria.

36. (D) 100. segundotik 32.era.

37. (E) Bere aita hil zen egunaren gogoramena.

38. (D) 23. segundutik 0 segundura: hilda jausi da.

39. (C) Egunkaria: Identifikatua izan da.

40. (F) Txikiteoan, gauaz egiten diren komentarioak.

41. (A) Kolejioan harturiko zigorraren segida.

42. (D) Hil denetik 5 minutu pasa dira. Hospitalera daramate: 8,30 dira.

43. (B) Interrogatorioa: aktibistak zerbait esan ziola estudianteari uste du poliziak. Hori atera nahi diote.

44. (D) Hil zenetik 20 minutu pasa dira.

45. (B) Interrogatorioa.

46. (D) 8,45: Bere anaia kolejiora sartzera doa.

47. (B) Interrogatorioa.

48. (D) 8,45-8,53: Irratiek musika ematen dute.

49. (B) Interrogatorioa: “Aqui no se trae a nadie por casualidad”.

50. (D) 8,58: Hil dela esaten diote bere anaiari.

4. Kronologia

Kronologia hitza, Frantziako estrukturalistek darabilten sentidoan erabili nahi dugu, hots: zein modutan ematen diren akzioak nobelan: jazo ziren ordenuan ala jazotakoak idazleak bilaturiko beste ordenu batetan. Nobela honetan pertsonaiaren bizitza kontatzen da. Baina ez bizitzaren ordenu ber-berean, saltoka baino. Nire ustez, behinik behin momentuok bereizi behar ditugu:

– A gaia. Pertsonaia kolejioan ikasten ari da.

– E gaia. Bere aitak zigortu egiten du (19 or.).

Aitaren heriotza. Idazleak “mutiko” deitzen dio, eta ez du ematen tarte asko dituenik (82 or.).

– Michelegaz oheratzen denekoa (44-59 or.).

– Laguna Baionara daramanekoa.

– Pertsegizioa (D gaia) goizeko 8etatik 8,30etara.

– Interrogatorioa eta kaleko komentarioak nobela guztian zehar presentatzen dira, eta egun berean jazotakoak dirateke.

– Egunkaritik hartutako zatiak: heriotza gertatu eta hurrengo egunekoak direla pentsatu behar.

Hor ditugu datuok. Kronologia eten egiten dela esan genezake. Bai, eta zer? Datu honek ez digu hotz-hotzean ezer berririk esaten.

Baina Literatura aztertzerakoan, konstatazio bati interpretazio bat erants dakioke: guri, egunean eguneko momenturik inkonszienteenean gertatzen zaiguna hurbilketa bat baino ez da eten hori. Pentsamendua, gizonaren barnea, ez da logikoa, ordenatua izaten. Pentsatzen duguna saltoka ari da. Inkonszientetik sortzen zaiguna ez da askotan logikoa izaten. Benetako errealitate honi hurbilketa dateke nobela denboraz apurturik ematea.

5. Iraupena (Durée)

Zera adierazi nahi dugu: Fikziozko denboraren eta orrietan hartzen duen tokiaren arteko erlazioa dugu iraupena. Jeneralduz, ekintza bat honela ager daiteke: narrazioa luzatuz; “gertatu” den modu eta denbora berean emanez (elkarrizketak); ekintza batzu estali eta iraupena laburtuz (exenplu tonto bat ematearren, nobelaren batetan kontatu egiten zaigu pertsonaiaren lo-aldia —besterik ditugu ametsak—; hain zuzen, interesik gabe gertatzen bait da aldi hori).

Hori horrela, hiru posibilitateak ematen dira, Ehun metro nobelan.

Kontakizuna luzatu egiten digu idazleak, esate baterako, etar horren karreran: ehun metro 20 segundutan egiten dira, gutxi gora behera, eta idazleak denbora gehiago tardatzen du. Hau azaltzeko, oso inportanteak iruditzen zaizkigu 70, 71, 78, 79, 80, 81, 87, 88 orrialdeak. Minutu bi kontatzeko, 8 orrialde erabiltzen ditu. Kontakizunaren haria luzatu egiten da helburu bat lortzeko: pertsonaiaren azken minutu biak, inportanteenak, angustia guztiarekin kontatzeko.

Bestalde, ugariak dira elkarrizketak (hitz teknikoak isokronia deitzen dio iraupenarenn erabilkera honi: berdin tardatzen du kontalariak kontatzen eta irakurleak testua irakurtzen).

Zergatik hainbat teknika ezberdin kontakizunaren elementu batetan? Kontakizuna aberastu egiten du Saizarbitoriak.

6. Kausalitatea

Nobela (in media res) erdi maila batetan hasten da. Ez dugu pertsonaia bere jaio momentutik ezagutzen. Guk ezagutzen dugunean, bere bizitzako urte pilo bat eginak ditu.

Datu honek ez digu askorik laguntzen konklusioak ateratzeko; baina segi dezagun aurrera.

Has gaitezen datu jeneraletatik: 1) nobela honetan ez dugu kausa-efektu erlaziorik. Ekintza batzuren aurrean aurkitzen gara, baina idazleak ez digu horien arrazoirik ematen. 2) Ematen zaizkigun azalpenak ez dizkigute efektu guztiak esplikatzen. Askotan, sujerentzia hutsak dira.

Konkretatuz: A gaia dugu beste ekintzen kausarik argiena: haurtzaroan sofrituriko errepresioak esplika ditzake hurrengo ekintzak.

Baina kontutan izan behar dugu, halaber, A gai hori sinbolo moduan darabilela idazleak.

Har dezagun beste ai bat, B gaia: poliziek estudiantea lotzen dute. Zergatik? Nobelaren azken orrietan (75. eta 96. or.) azaltzen zaigu.

D gaiko ihes egite horren arrazoia ere ez da bat batean ematen. Nobela zehar enteratzen gara.

Eta guzti honi, interpretazioa eman behar diogu.

1) Kausalitate falta: gaurko irakurleak ez du esplikazio larregi behar, bere haragitan bizi bait du pertsonaiari gertatutako anitz gauza. Ez dago, beraz, ezer azaldu beharrik. Ondo baino hobeto dakigu zerk bultzaturik gabiltzen Herri honetan.

2) Kausalitatea estaltzeak, edo arrazoia nobela zehar emateak beste helburu bat du. Irakurlea, horrela, adi ego tea lortzen du.

Argi geratu da, nik uste, nobelaren ekintza nagusiak ez direla larregi azaltzen. Baina kausalitatearen beste arlorik ere argitu behar dugu. Ekilibrioa lortzeko, ekintza txikiak (esaterako: poliziek zergatik egiten dute semizirkulo bat) luze azaltzen dira (orri oso batetan, 37-38. orrialdeetan, ematen da goiko datu hori).

Hirugarren alde bat ere badago. Esan dugunez, pertsonaiak oroitzapen batzu ditu, korrika doan momentu horretan gertatzen zaion ekintza batek iradokiak: zigorraren mehatxuak haurtzaroko zigorrak gogorarazten dizkio; giltzaren kolpeak, Michelena; bere zauriak, lagunarena; heriotza sentitzean izarrak ikusteak, bere aitaren heriotza.

Honela, bada, kausalitatearen hiru erabilketa ezberdin egiten ditu Saizarbitoriak. Kronologian eta Iraupenean ikusi dugun aberastasun berbera.

7. Ikuspuntua

Hasi baino lehen, karakteristika bat azpimarkatu nahi nuke. Kontalaria (narradorea) ez dela bat bakarra nobela guztia zehar. Hiru aurkitzen ditugu: idazleagaz identifikatzen den kontalaria hurrengo eguneko periodikoan idazten duena; Donostiako Guía Turística-ren egilea.

Hori argitu ondoren, azter dezagun ikuspuntua. Eta elementu honetan ere idazleak ugaritasuna darabilela aitortu behar.

Alde batetik, A, C, eta F gaietan kontalari objetiboa mintzo da, pertsonaien kanpotik ari dena, zineko kamara bailitzan.

Bigarren erabilketan, B gaian, ez dago ia kontalaririk, teatro eszena baten aurrean gaude.

Hirugarrenean, D eta E gaietan, kontalaria pertsonaiaren barrura sartzen da; baina ez da guztiz kontalari orojakilea. Argi dago, pertsonaiaren barrura sartzen dena: “Higan behintzat instintiboa duk inguratzen hauen arriskuaz berri zehatzik jakin ez nahi hori” (15 or.). Ez dugu ahaztu behar, ordea, nobela honetan (eta pasarte honetan zuzenki) ni eta zu, lehen eta bigarren pertsonak batu egiten direla. Gogora dezagun ni pertsonan hasten dela pasartea (“egin nahi nuke, 14 or.). Honela, pertsonaiak bere buruarekin egiten duen solasaldia da, fire ustez, pasarte osoa.

Baina ez da oker interpretatu behar. Saltoak ere badaude: “Dena den, ez duk, ez du burua bueltatzen” (15 or.). Bigarren pertsonatik hirugarrenera iragaten da.

Beste pasarte batzutan ere oso objetiboa bihurtzen da ikuspuntua: “Atzekoak, berriz, basket-ekipo baten formazio eran abantzatzen dute: Hegalak, batez ere eskuin aldekoak, erdialdetik -pivotaren posizioan doazenek baino gehiago aurreratuz” (15-16 or).

8. Klabe narratiboak

Nire ustez, lau klabe narratibo nagusi erabiltzen ditu Saizarbitoriak:

1. Gorago aipatu duguna: ni-zu pertsonak nahastea. Norbere burua zu-ka izendatzea. Hego Ameriketako nobelagileek era bili dute teknika hau.

Barne elkarrizketa solte uzten da; baina bigarren pertsona erabiliz, dramatikotasuna lortzen du idazleak.

2. “Nouveau Roman” frantsesak erabiltzen duen teknika. Objetibitatea eta zehaztasuna ditu bereizgarririk nagusienak.

3. Hego Ameriketako nobelisten eragina argi nabari zaio Saizarbitoriari; estilo rasgo honetan, esaterako: ekintza bat hiru-lau aditzez matizatzen da. Teknika berbera erabili du Vargas Llosak, Pantaleón y las visitadoras bere nobelan.

4. Materiale (eta hizkuntza) ezberdinen pilaketa. Karakteristika, ikuspuntu ezberdinak ematen dira. Periodikotik jasotako lerroak adierazten dira.

Zein da honen funtzioa? Zertarako egiten da hori? Nire ustez, errealitatearen konplexutasuna adierazteko; funtzio bera du aditzak matizatzeak.

Kasu berezia dugu Guía Turística horren funtzioa. Badirudi kontrastea sortu nahi duela idazleak hori sartuaz: Donostia ofizial estereotipatua, egiazko, benetakoaren tartean.

9. Laburpena

Demostratu beharrik gabeko ebidentzia batetatik abiatu ginen: Saizarbitoria idazle modernoa da. Ebidentea zen; orain arrazoiz jantzi dugu.

Modernoa, erabiltzen dituen teknikengatik, eta narrazioaz egiten dituen jokoengatik.

Azken begirada honetan, zera azpimarkatu nahi nuke: idazleak sortu duen estruktura: elementuen ordenua, elementu bakoitza hiru era ezberdinez erabiltzea (gogora: 3 ikuspuntu, 3 ikuspuntu mota, 3 iraupen ezberdin).

Guzti honek nobela aberats eta ekilibratua sortu du.

Beste alderdi batetik, hainbeste ekilibriok sor zezakeen hoztasun arriskua garaitzen jakin duela uste dut.

Azken kritikak

Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta

Jon Jimenez

Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza

Nagore Fernandez

Zoo
Goiatz Labandibar

Asier Urkiza

Hetero
Uxue Alberdi

Joxe Aldasoro

Euri gorriaren azpian
Asier Serrano

Paloma Rodriguez-Miñambres

Galbahea
Gotzon Barandiaran

Mikel Asurmendi

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Irati Majuelo

Lagun minak
Jon Benito

Mikel Asurmendi

Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga

Jon Jimenez

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Asier Urkiza

Lautadako mamua
Xabier Montoia

Nagore Fernandez

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Bestiak Liburutegia

Rameauren iloba
Denis Diderot

Aritz Galarraga

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

Hedabideak