kritiken hemeroteka

8.412 kritika

« | »

Deabruaren hiztegia / Ambrose Bierce (Xabier Olarra) / Ibaizabal, 2001

Inoiz faszikuluka salduko ez den hiztegia Karlos del Olmo / Euskaldunon Egunkaria, 2001-10-13

Ambrose: Ama batek zituen hamar seme-alabetako bat. 1842. urtean jaio zen mundura, eta inork (?) ez daki noiz joan zen mundutik. Deabruaren baimena zuen ala ez ezin jakin daiteke, baina kontua da Ambrose Bierce izeneko idazle autodidaktak hainbat urtean hiztegi moduko bat plazaratu zuela aldizkarietan artikuluka. Ordainez, Txerrenek gizaki xeheon heriotzatik libro utzi bide zuen, inork ez daki-eta ez non, ez noiz, ez nola hil zen. Baten bat ausartu ere da esaten Aipatu Behar Ez Dena berbera ez ote zen izango. San Frantzisko hiriko gizonik zital eta gaiztoena zeritzoten. Itsu halakook! Ikus Bierce.

Autodidakta: Gauezko atezain moduan lan egiteagatik, tarteka-marteka asperdura gainditzeko ikasteari eta idazteari lotzen zaien lagunari esaten zaio. Zorionez unibertsitateari joandakoak izan ohi ez direnez gero, eskura heltzen zaien guztia irakurtzen dute, hiztegi potoloren bat lagunik minena zaiela. Berehala uzten diote lanbide zaharrari, hurrengo autodidaktei tokia uztearren.

Bierce: Ama batek hamar seme-alaba zituen. Halere, senarrak jarri zien izena seme-alabei, guztiei a-z hasten ziren izenak eta, jakina, bere deitura emanik. Ikus Ambrose, noski.

Deabrua: Hainbat erlijiok idazle ospetsu eta mitiko bati esleitutako ezizena. Txartasun eta txarkeria guztiak leporatzen dizkiote, baina ez ei dio axola. Bere izenez plazaratu nahi izan ez, eta Ambrose Bierceren bitartez munduko hiztegirik ezagunena eman zuen argitara: Deabruaren Hiztegia. Harrezkero, beste hiztegigile guztiak lan hori etengabe berritzen eta berretzen dabiltza. Guraso arduratsu eta txintxoek seme-alabei oparitu beharreko liburua, batez ere gaurko mundurako prestatu nahi badituzte —baita etxetik bota nahi izatekotan ere, baina argudioak eskuratzeko—. Inork ez daki emakumezkoa ala gizonezkoa den, horra hor bere adimen naturaz gaindikoaren beste erakusgarrietako bat.

EIZIE: Siglek eurek diotenez, Euskal Iruzurgile Zurrutero Infernutarren Elkartea. Gaur egun euskaratik eta euskara itzultzen, zuzentzen eta interpretatzen dituzten eroen elkarte bihurturik dabil, lehengo hutsak zuzendu guran. Bere asmo zoro eta hutsalen artean, munduko literaturako lan bikain baina ez oso komertzial batzuk euskaratzea. Batzuek diotenez, hobe luke elkarteak atzera ere lehengo zereginei lotzea.

Eusko Jaurlaritza: Kontraesana. Gobernu bateko Kultura Sailak EIZIEren moduko elkarte batengan sinistu eta dirua eman ere dio hainbat urtean itzulpena sustatzeko. Ondorioz, Deabruaren Hiztegia moduko liburu arbuiagarria plazaratu arren, oposizioak ez dio konturik batere eskatu gobernuari. Bestalde, inork ez du liburua dela bitarte dimisiorik aurkeztu.

Fuentes, Karlos: Idazle mexikarra, Ambrose Bierceren berri (zuzena ala zeharrekoa) izanda, Gringo Zaharra eleberrian haren bizitzako pasadizo ilun batzuen berri nobelatua eman zuena. Txerrenek berak gidaturik? Hauska lo!

Gomendioa: Bekatuaren sinonimoa. Besteren bati Deabruaren Hiztegia irakurtzeko aholkua ematea. Liburua ume orpo gorrien esku jarriz gero, ustelkeria leporatuko diote berehalakoan gomendiogileari. Bizi osorako paperezko kartzela zigorra du saritzat.

Gringo Zaharra: Izara artean hil nahi ez zuenez gero, Ambrose Bierce izeneko idazle gringoak Mexiko aldera betiko desagertzera joan zenean ostutako izengoitia. Pelikula ezagun baten izenburua, non Txerrenen eskua ikusi omen duten. Non, baina?

Hiztegia: Denek, eskolatu zein ikasgabe, goraipatzen duten liburu mota aspergarri baina oso saldua. Deabruaren Hiztegia argitaratu zenetik, literatura generorik erakargarrien eta debekupekoen ikur bilakatu da. Euskal bertsioa plazara agertu eta gero, euskararen batasunak estandarizazioranzko urratsik irmoena eman du.

Ibaizabal: Ibai zabala izan arren, orain arte Literatura Unibertsala bilduman liburu estu eta lehor bezain gogoangarriak salgai jarri dituen argitaletxea, nahiz eta horretaz ia inor gutxi ohartzen den.

Itzulpena: Munduan den lanbiderik zentzugabeena. Jakintsuek diotenez, itzultzailerik onena gardena, nabaritzen ez dena ei da. Hau da, itzultzaile ikusezina! Ai, baina txarra bada, traidoreka larrutuko eta lumatuko dute, gutxienez. Klaserik txarrena, literatura itzultzen duena, masokista samarra delako. Txarto ordainduta egon ez ezik, beste baten lana itzultzerakoan gozatu egiten ere omen du. Esandakoa: ona bada, ikusezina, txarra bada, liburuaren porrotaren errua hari leporatu! Ikus: masokismoa, endekatua, traidorea, palo zorroa.

Kritika: Itzulpengintza munduko bigarren lanbiderik zaharrena ei da. Gezur galanta! Bigarren ofiziorik zaharrena kritika da, lehenengo lanbideko batzuen gainean (eta pean) kritika ere egiten baita. Denek kritikari onen falta deitoratzen dute, baina inork ez du kritika txarrik bizkarreratu gura. Egilea non, kritikaria han. Ikus: banpiroa, bizkarroia, ekologia, izaina.

Literatura: Ikus 1: zaborra, ezdeusa, gauzaeza. 2: Literatura Unibertsala.

Literatura Unibertsala: EIZIEk eta Jaurlaritzak abiarazitako izaki naturaz gaindiko eta ezinezkoa. Batzuek diotenez, bildumako lan gehienak ez dira literatura, eta bestetzuen iritziz, zerk edo zerk definitzen badu bilduma, unibertsaltasunik eza da. Behin batean irakurle batzuek bilduma osoa erre zuten plaza ezagun batean “Utz diezaiogun zilborrari begiratzeari!” txilio eginda! Euskal alienatuek kalean elkar ezagutzeko bilduma honetako liburuak darabiltzate. Zorionez, ia ezinezkoa da Euskal Herriko liburu dendetan bildumako liburuak topatzea. Hau lasaitua!

Unibertsala: Denek oso gustuko izaten duten adjektiboa, gabeziak baino agerian jartzen ez dituen arren. Alegia, ezinezkoa dela ezer unibertsala izatea. Are gutxiago literatura. Unibertsoak berak ez omen du deitura hori erabiltzen.

Olarra, Xabier: Txerrenen beste zerbitzarietako bat? Bizitzan egin dituenei erreparatuta, hala dirudi. Euskara eta literatura irakastea aitzakia erabilita, hazi gaiztoa ereiten jardun zuen euskal herritar guri eta errugabeen arima bigunetan. Horri gutxi iritzita, administrazioan, botere mundutarretik hurbil, lanean hasi zen belar txarra areago barreiatzeko. Horrezaz gain, batera, argitaletxea eratu eta literatura beltza eta amorala itzultzeari ere lotu zaio bere jaunak/andreak leporatutako zeregina hobeto betetzeagatik. Bizi ibilguan gailurretako bat lortu du Deabruaren Hiztegia modu bikainean itzulita, ezbairik gabe, euskaldun fededun gaixoa usteltzeko asmo garbia duela. Bestela, ezinezkoa litzateke halako prosa aseptiko, irakurtzen erraza eta atseginaren azalez jantzita, hain egokitzapen jatorra egin izana, non euskaraz zuzen sortua baitirudi, horrelakorik berez ezinezkoa bada ere, euskaldunik erratuena ere ezin delako horrelako fruitu batez erditu. Ala bai? A, eta liburuan prosan bezain trebe jardun du poesian, hiztegia halako hitz neurtu ugariz hornituta datorrenez gero!

Zinismoa: Txerrenen zerbitzarien tasunik bikainena. Deabruaren Hiztegia eta horren egilea bultzatu zituen bizi indarra. Eskola guztietan osasun jakintzagaian nahitaez irakatsi beharreko edukia. Liburu hori irakurtzerakoan gozatzeko ezinbesteko osagaia.

Azken kritikak

Ele eta hitz. Ahoz eta idatziz
Jose Angel Irigaray

Asier Urkiza

Idazketa labana bat da
Annie Ernaux

Nagore Fernandez

Bisita
Mikel Pagadi

Jon Jimenez

Hamlet
William Shakespeare

Aritz Galarraga

Hau ez da gerra bat
Mikel Ayllon

Hasier Rekondo

Feminismo zuriaren aurka
Rafia Zakaria

Jon Martin-Etxebeste

Dimisioa
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Hetero
Uxue Alberdi

Irati Majuelo

Barrengaizto
Beatrice Salvioni

Amaia Alvarez Uria

Coca-Cola bat zurekin
Beñat Sarasola

Patxi Larrion

Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta

Jon Jimenez

Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza

Nagore Fernandez

Zoo
Goiatz Labandibar

Asier Urkiza

Hetero
Uxue Alberdi

Joxe Aldasoro

Artxiboa

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

Hedabideak