kritiken hemeroteka

8.746 kritika

« | »

Gosaria Tiffany's-en / Truman Capote (Koro Navarro) / Elkar, 1989

Truman Capoteren mingotsa, kontaeraren soiltasuna Edorta Jimenez / Argia, 1989-06-11

Urlia eta here laguna harako etxalde haretan sartzen dira, bertakoak hiltzen dituzte —odol hotzean— eta alde egiten dute. Laster atxilotuko ditu poliziak, aldiz. Heriotz zigorra ezarriko diete behingoan, gero, epailearen ebazpena bete artekoan, sei urte fuze igaroko badira ere. Sei urte luzeotan sarritan hitz egingo du Truman Capotek kondenatuekin, berbaldioen ondorioz osatuko duelarik “Odol hotzean” Best Sellerra. Zinera ere egokitu zuten erreportai-nobela hau, oraintsu Hego Euskal Herriko zenbait pantailatan berrikustea izan duguna.

Zinerako egokitu zuten, halaber, orain euskaraz ere argitaratu den “Breakfast at Tiffany’s” edo “Gosaria Tiffany’s-en”, Elkar eta Koro Navarro izanik argitaletxea eta itzultzailea, azken honek ingelesetik hara ihardun duela, argitaidariek diotena sinestuz gero behintzat. Diodan baita, sarrera luzetxoa ekarri dudala oraingoan, bai, sarritan lan bakarra hartu izaten delako obra osotzat eta gainerakoak, tamalez, ezkutuan geratzen direlako, nahiz eta bigarren mailakoak ere oso duinak izan. Adituen ustez, Truman Capoteren honek bere hoberenaren beste merezi du, bada.

Euskaraz ere irakurtzeko era dugun hasierako nobela honetako hariak, hala ere, ez du besteak bezain gertaera erdiragarririk josten. Ez du, dena dela, mingostasunik falta, inondik ere. Kontatzen zaiguna soila eta laua da, itxuraz. Mundu Bigarren Gudatea garatzen da Europa aldean —besteak beste—; inperioko bihotzean, N.Y.en, aurrera egiten du eguneroko bizimoduak, aldiz. Bizimodu hori zelakoa izan zen erretratatu gura izan zigun, lehen pertsona erabilita, Truman Capotek, gizonetan arrakasta itzela izaten dakien harako neska haren bidez, gudatekoek atzekaldeko teloiarena egiten dutelarik.

“Homosexuala naiz, drogaren menpekoa naiz, egundokoa naiz”, halaxe aldarrikatu izan zuen inoiz Capotek berak. Hala bada, hasierako honetan bertan ikusten da, daburduko, ez diola begirune lar begiraturik idazleak “bere” gizarteari, egiten duen erretratoan, bera ikusle modura gertaerez at geratuta, esku trebeez sartzen bait du bisturia zaurietan.

Itzulpenari dagokionez, ene eritzian isilik gorde ezinekoak direnetariko batzu esango ditut, Mitxelenaren hitzak erabiliz horretan. “Esate baterako —dio Mitxelenak—, bat usuegi agertzen da, hagitz oker ez banabil, eta -a atzizkia bakanegi, erdararen moduan (hemen, nota bene, erdara gaztelania da, besterik azaltzen ez denean), kontutan eduki gabe gure “artikulu” hura ez dela erdarazkoa bezain mugatzailea, lasaiago lotzen duela izen-multzoa. Horrexegatik, hain juxtu, erabiltzen dugu erdarazkoa baino aise usuago” (Euskal idazlan guztiak VI, Hizkuntzalaritzaz I, 170. orr.).

Bestalde, ez dakit nik zertan baina, euskal plurala akatzeko ahaleginetan ari zaigu aspaldion telebista, irrati, egunkari eta bestetako bat edo beste. Taldekoa bide da oraingo itzultzaile hau ere. Gurata ala gura barik egiten dutenentz, auskalo; hilketa hortxe dihardute burutzen, lekukoon isiltasunak txalotuta. Amaitzeko —eta ez da azkena hurrengo akatsa— “nolatasuna” eta “nolakotasuna” bereizteko ere gai ez bagara —ene bada!— gureak egin du, lagunok. Hala osaturiko estandarra, herkideok, onartezina zaigu askori, beste tradizio aberatsagorik ere ,bada eta, aintzat hartzekoa. Gogorra da, bai, nik hau esatea baina, euskara batua ez da “bat” hamaikatxo bider idatziz batzen, ez eta norberaren kaleko ohitura denon ekandutzat hartuz eraikitzen. Are gutxiago itzulpenak unibertsaltasuna eskatzen duen halakoetan.

Azken kritikak

Itzala
Maixa Zugasti

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Asier Urkiza

Fikziraultzaileak
Kamikaz Kolektiboa

Nagore Fernandez

Haurdunaldi oharrak
Yoko Ogawa

Maialen Sobrino Lopez

Ni, laiko
Markos Zapiain

Mikel Asurmendi

Zainetatik zilarra
Nahia Intxausti

Maddi Galdos Areta

Alderantzira zamalka
Mckenzie Wark

Irati Majuelo

Harakinen alaba
Yurre Ugarte

Joxe Aldasoro

Gaueko zaintzailea
Julen Belamuno

Mikel Asurmendi

Erbeste
Juan Garzia

Asier Urkiza

Barne zerbitzuak
Katixa Agirre

Maialen Sobrino Lopez

Biba gorriac!
Imanol Murua Uria

Mikel Asurmendi

Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa

Patxi Iturregi

Terraza debekatua
Fatima Mernissi

Amaia Alvarez Uria

Artxiboa

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

Hedabideak