« Menditik mundura | Erramun harginaren oroitzapenak »
Laberintoaren oroimena. Gure garaiko olerkigintzaz / Jon Kortazar / Baroja, 1989
“Etiopia”, gaur egungo poesiaren alfa eta omega omen Josu Landa / Argia, 1989-06-04
Ez da saiakera ugari argitaratzen gurean. Areago, sekulako desoreka dago literaturgintzaren eta beronen gainean egiten diren hausnarketen artean. Ez da berau hori hola izatearen zergatia aztertzeko unerik egokiena, aitzitik. Ardura diguna da, besterik gabe, Jon Kortazarrek desoreka hori leuntzearen aide berea ekarri digula “Laberintoaren oroimena” izeneko honetan.
Zazpi lanek osatzen dute Barojak ttukun eta irakurketa errazteko eran argitaratu duen liburu hau. Zazpi saiook, banan bana, argia ezagutu dute hemen baino lehen ere beste inon. Lehena, “Gaurko euskal poesiari sarrera” izenekoa, katalanez izan zen argitaratua 1984ean “Reduccions” aldizkarian, hizkuntza horretan egin den lehen euskal olerkigintzaren antologiarako sarrera gisa. Era eskematikoan azaltzen dizkigu, lekuak berak ere halaxe eskatzen zuelako edo, gerraondoko lehen poeta nagusi biak, Aresti eta Mirande, ondoren, eta hurrenez hurren, gure lehen belaunaldi gazteari, gure berrogeitako belaunaldiari, poesia eta kantari eta, azkenik, Pott bandari ekiteko. Garrantzizkoa da abiapuntu hau, aipatu hasierako biek goldatu zuten ildoetan ereindakoaren ernaltzea ikusiko bait du geroan Jonek, sekulako eragina izanik abiamolde honek geroko saiakera guztietan.
Bigarren saioa, “Gaurko euskal poesiaren ikuspegi baterako” izenekoa, “Cuadernos del Norte” aldizkarian argitaratu zen, lan hau berau bezala Verines-eko hartan aurkeztu izan ziren gainerako lanekin batera. (“El estado de las poesías” izena eman zitzaion argitalpen hari, bestalde. Diodan bide batez Jonek berak sarreran ohartarazten digunarekin ere —“beharbada, ez da liburu hau jarraian irakurtzekoa, atalka baina”— bat natorrela ni neu ere. Saio honek, esate baterako, aurrekoaren antz haundia du, oraingo hau idaztera “olerkigintzaren interpretazio metafisiko batek bultzatu” bazuen ere egilea.
Katalanez argitaratua dugu, lehenik, “Konpromezu poesia Euskadin” izenaz hirugarren saioa dena liburuan. Inork halakorik galdetu gabe ere, here buruari egin bide izan dion galderaren erantzuna argitzen saiatuko da luze Jon, hurrengoarena hain zuzen ere, “zertarako hulbilketa hau —sozialari, alegia—, gaur eguneko euskal lirikako idazlerik hoberenetarikoen artekoek (Lekuona, Atxaga) kanpoan geratu beharko badute” (77. orr.). Egileak berak aitortzen digu, bada, ez “zaiola gehiegirik atsegin” poesi mota hau (80. orr.). Aginduzko lana da, beraz, hirugarren hau.
“Literatur Gazetak” argitaratu duen beretsua dugu laugarren lana, “Euskal Herriko olerkigintza gazteari begirada”, hain zuzen. Tituloa ere aldatu diote oraingoan lanari eta, zer esanik ez, mesede egiten dio horrek barruan dakarrenarekiko zintzotasunari. Irakurleak ez du ezein lanaren azterketa zehatzik aurkituko hemen, horregatio, oraingo poesibide eta egile ezberdinek elkarrekikoan dituzten antz eta bestalekoak “interpretatzeko” ahalegina baino. Interpretazioari dagokionez, argi eta garbi azalduko digu Octavio Paz-en “Los hijos del limo” lanarekin duen zorra Mundakakoak.
Octavio Pazekiko zorrak eta Lauaxeta aztertzean umatatukoak zertzen dute hurrengo saioa, RIEVen irakurria nuena, hots, “Jon Mirande eta ironia”. Lan horrek berorrek eta hurrengo biek osatzen dute idazle banaren gainean egindako hiru azterketak. “Juan Mari Lekuonaren olerkigintza bideak” eta “Etiopia. Inora ez daraman bidea”, liluramen banaren lekukoak dira biak. Liburuaren osagarriak elkarri egokitzeko ahalegina ikusten da sailkatze-era honetan, nik uste. Susmoa sorrarazten dit, hara, liburuaren omega den “Etiopia” berau ez ote den liburuaren alfa ere. Areago, liburua irakurri eta gero, azken saioa lehenengoz irakurri nuenean bezalatsu, euskal poesiaren omegatzat duela Jonek “Etiopia”, burutik baztertu ezineko tema dut nik hori. Hara hor beharrezko liburu honek eztabaidarako dakartzan gaietariko bat.
Beste zerbait
Danele Sarriugarte
Maialen Sobrino Lopez
Palinpsestoa
Joxe Austin Arrieta
Asier Urkiza
Katona
Antxiñe Mendizabal Aranburu
Nagore Fernandez
Haize begitik
Mikel Ibarguren
Paloma Rodriguez-Miñambres
Guztia urruntzea da
Hasier Larretxea
Mikel Asurmendi
Esker onak
Delphine De Vigan
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Enarak
Bernardo Atxaga
Irati Majuelo
Ez da erraza gizon on bat aurkitzea
Flannery O'Connor
Aritz Galarraga
Moebiusen ertzak
Garazi Kamio
Joxe Aldasoro
Düsseldorfeko txibatoa
Karlos Linazasoro
Mikel Asurmendi
Odola kantari
Unai Elorriaga
Asier Urkiza
Rosa Parks: Nire istorioa
Rosa Parks / Jim Haskins
Nagore Fernandez
Eguna hasteko olerkiak
Miren Billelabeitia
Paloma Rodriguez-Miñambres
Izen baten promesa
Hedoi Etxarte
Mikel Asurmendi