« Herri kantuak | Poema herrenak »
Ripley trebea / Patricia Highsmith (Asun Garikano) / Igela, 1999
Bortizkeria urpean Markos Zapiain / Euskaldunon Egunkaria, 1999-11-27
Liburu hau eskuan hartzen duzunean bertan sartzen zara etxe tronpagarri batean, guztia baitu ispilu eta mudantza. Itzultzailea bera, Asun Garikano, ez ote da Faulknerren Hotsa eta ardaila euskaratu zigun Maria Garikano hura? Zer indar enigmatikok bultzatzen du itzultzaile hau bikoizketak eta besterentzeak gertatzen diren putzuetara? Hemen Tom Dickie bilakatzen da, baina han Faulkner ez zen Benjyz kanpotik eta zentzunez mintzo, baizik Benjy bihurtu zen, atzeratu, ume. Mozkor bat sasirik sasi-ren protagonista ere, galduriko pattarra berriro nasaiki edatearren, Jainkoen aita zein txori erraldoi bilakatuko da, gizatasunaz harat. Bere semearen izena, gainera, ZURRJIR da, “seme bat laster beste zeozer bihurtuko dena” alegia. Han zen noski Garikano.
Orain P. Highsmithen lehenbiziko Ripley eleberria itzuli digu. Garikanok berak itzuli eta orobat Igelak argitaratu Ripleyren jokoa-rekin gozatuak eta kezkatuak ginen aurretik franko. Highsmithek, izan ere, gezurti, iruzurgile eta hiltzaile batekin osotoro identifika gaitezen erdiesten du. Bere burua zintzo eta zuzentzat dukeen irakurlea, Ripleyren gezur, iruzur eta hilketak ongi joan daitezen nahi duela ohartuko da supituki, harrapa ez dezaten, aberats bihur dadin. Gizatxar nazkagarri nabarmen batekin bat egingo du irakurle harrituak. Hain da aldi berean maitagarria Tom umezurtz malderra, hain apaina eta psikopata!
Oraingo honetan, estatubatuar aberats batek Italiara alde egin dion seme margolari eskasa etxera ekar dezan eskatzen dio. 24 urteko Tom Ripley, hortaz, Napoli aldera doa, 24 bat urteko Dickieren bila. Baina Ripleyk izugarrizko joera du antzezteko, bestelakotzeko, imitatzeko. Halatan, esan bezala, Dickie da bilakatzen, nolabait. Asko ikasten du Dickie den bitartean. Luzio ere, soilik asto bihurturikoan hasi zen ganoraz ikasten Urrezko astoa-n. Izan ere, ikastekotan, benetan ikastekotan, beste zerbait behar duzu bilakatu: asto, atzeratu, Jainko, aberaskume. Gero, zenbait, etxera itzultzen da, norberaren baitara. Itzuleran oztopo latzak gainditu beharko ditu Ripleyk. Azkenik, berriz ere Tom Ripley huts dugularik, aberastu egin zaigu arras, zentzu guztietan.
Lehenbiziko irakurraldia ziztu bizian doa, irakurtzen ari zarela ere ahantziz murgiltzen zara kontakizunean. Bigarrencan, aldiz, P. Highsmith sorgin bakartiak zeure gogoaz jabetzearren baliatu estrategiak aztertuz goza dezakezu, ikusgarria baita zelan atontzen duen pozoia bere eltze larrigarrian, amaraunean oharkabean sar gaitezen: suspensea; Tom negarrez Dickieren gurasoen oparia jasotzean; ezustekoak; Tomen adimenaren hoztasunaren eta aldi berean bortizkeriarako joera kontrolagaitzaren zantzuak, Freuden irakurle arretatsua izan zen Highsimithek sexu gurariaren gabeziarekin lotzen baitu dotore, aipatu gabe hots; eta oroz lehen ura, guztia setiatzen duen ura, ez baita hemen bizi iturri, baizik arrisku itogarri, eromen, heriotza finean, azaleko Olariagaren margolanak egoki adierazten duenez.
Gabonetan zinema aretoetan agertuko da Anthony Minghellak (Gaixo ingelesa) zuzenduriko Ripley trebea, Matt Damon eta Gwineth Paltrow oskarduna protagonista. Estatu Batuetan 500 sarrera ematen dituzte doan “Amazon.com”-en liburua erosten duten 500 lehenbizikoentzat. Berez da gehiago amerikar arraza geurea baino. Kontua da euskaraz irakurtzen ez duen euskaldunak ezin duela liburu hau baztertu, gatz eta piperdun gogoeta alimalea (“ona filma; liburuaren aldean, hala ere, galdu egiten du”) patxadaz botako badu. Itzulpen hau ederragoa baita espainola eta frantsesa baino, eta munduaren astuna arinduko dizu.
Ele eta hitz. Ahoz eta idatziz
Jose Angel Irigaray
Asier Urkiza
Idazketa labana bat da
Annie Ernaux
Nagore Fernandez
Bisita
Mikel Pagadi
Jon Jimenez
Hamlet
William Shakespeare
Aritz Galarraga
Hau ez da gerra bat
Mikel Ayllon
Hasier Rekondo
Feminismo zuriaren aurka
Rafia Zakaria
Jon Martin-Etxebeste
Dimisioa
Juan Luis Zabala
Mikel Asurmendi
Hetero
Uxue Alberdi
Irati Majuelo
Barrengaizto
Beatrice Salvioni
Amaia Alvarez Uria
Coca-Cola bat zurekin
Beñat Sarasola
Patxi Larrion
Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta
Jon Jimenez
Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza
Nagore Fernandez
Zoo
Goiatz Labandibar
Asier Urkiza
Hetero
Uxue Alberdi
Joxe Aldasoro