« Bortizkeriaz | Bere buruaz »
Xake nobela / Stefan Zweig (Xabier Mendiguren) / Alberdania, 1998
Xakearen erakargarritasun betierekoa Jon Alonso / Euskaldunon Egunkaria, 1999-05-29
Baldin eta joko unibertsalik bada, joko hori xakea dela esango nuke. Xakearen errepresentazioak ugari dira pinturan, literaturan, zineman. Vladimir Nabokovek askotan aintzat hartu duen gaia da; Zaschita Luzhina (La Defensa tituluarekin gazteleratua) izeneko nobelan, esaterako, Luzhin txapelduna eromenaren mugan ibiltzen da xakea dela-ta; Chandlerren Philip Marlowek xake-taula ateratzen du horretarako denbora edo aukera daukan bakoitzean; George Steinerek bere hainbat saiakeraren jopuntuan jarri du xakea; Andoni Egañaren azken nobelaraino iristen dira xakearen erro metaforikoak… Xakea beti dago hor, bigarren plano batean, nahi bada, baina beti hor. Casablanca guztiz famatuan, Humphrey Bogartek egiten duen Rick pertsonaia horrela aurkezten zaigu, xake-taula baten aurrean eseririk bere buruaren aurkako jokoan.
Galde genezake zerk egiten duen xakea hain erakargarri. Erantzun asko litezke, ausaz. Batek esan lezake ez dagoela, mundu zabalean, joko demokratikoagorik, halabeharra, zorte, asturu edo dena delakoaren parte hartzerik gabea, epaile ustel baten zalantzazko esku sartzerik gabea… Eta, aldiberean, paradojikoki, ez dago bere jokalarien artean hierarkiamaila zorrotzagorik, kategoria-sailkapen erabatekoagoarik ezartzen duen jokorik. Beste batek esan lezake xake-taula bat, bere xumean, zorabioari buruz irekitzen den leiho bat dela, azalera txikiko taula hartan gordetzen direlako aukera guztiak, mugimenduak oro, egin direnak, egingo direnak zein egin eta egingo ez direnak. Infinitoa, alegia. Borgesek, Unibertsoa Liburutegia zela idatzi zuen, edo banatuz doazen bidexken jardina, Laberintoa agian. Oso oker ez banago, ez zuen xake-taula erabili bere jardun literarioan, eta harritzekoa da, horixe bailiteke xakea.
Stefan Zweig idazle austriarraren Xake nobela izeneko honek itsasontzi batean bidaian doan munduko xake-txapeldunaren eta zale ezezagun baten arteko partida ekartzen digu. Ezezaguna naziek isolamenduan edukiriko gizaseme bat da, xakean aurkitu duena salbamendu-ohola, lehen, gerora, paradojikoki berriz ere, barne-espetxe eta zoramen-bide bihurtuko bazaio ere. Erlatiboki ezezaguna den Zweig Vienan jaio zen XIX. mendearen bukaeran, eta bere buruaz beste egin zuen Brasilen, 1942. urtean. Judua zen, sendi aberatseko semea, kultua eta Freud zalea. Bakezalea eta humanista, nazismoak eta bi Mundu Gerra bizi izanak markatua. Alberdaniak atera berri duen Xake nobela hau da euskaratu den Zweigen lehen lana. Itzulpena Xabier Mendiguren Bereziartuk egin du.
Azken urteotan majo bizkortzen ari den euskarazko itzulpen literarioaren eremuak badu, eta etorkizunean areago izango du, seguru asko, eragin izugarria XX. eta XXI. mendean erabiliko den euskara idatziaren gainean. Gaur egun gutxik ukatuko du hau. Neurri handian etorkizunari begira egindako lana izateak ekarri du, baina, nolabaiteko aurreiritzia irakurleen aldetik. Alegia, irakurleak ez du lan itzulia eroso irakurtzen, kosta egiten zaio… Etorkizunean itzulpenak zer ekarriko duen ikusteko dago. Baina ez da zuzena pentsatzea itzulpenak, gaur den egunean ere, gozagarririk ematen ez duenik. Xake nobela hau horren adibide. Liburuen publizitateak esan ohi duenez, eskutik ezin utzi den liburua da, eserialdi bakarrean irakurtzekoa. Kasu honetan ez da publizitatea, egi-egia baizik. Hitz batez, itzulpenen aurkako aurreiritziak dauzkaten guztiak Xake nobela hau irakurtzera gonbidatuko nituzke, oztopo eta traba psikologikoak gainditzen lagunduko dielako uste osoan.
Bestetik ez dut ukatuko eni bederen plazer berezia ematen didala ezagutzen ez nuen austriar baten lana, estrainekoz, euskararen bidez ezagutzeak. Euskara, kultura transmititzeko tresna den aldetik, baliagarria delako esperantza berreskuratzen laguntzen dit, zenbait eztabaida txiki, antzu eta sasiko ahantziarazten dizkit, beti zilborrari begira egon behar nekagarri horretatik askatzen nau. Arnasa hartzen dut, euskara, kasu honetan, bitarteko delako, eta ez protagonista.
Xakea aitzaki, Zweigek senean ala eromenean egotearen arteko marra labainkorretik paseatzera gonbidatzen gaitu. Nire iritzi apalean, komeni zaizu, irakurle, gonbitea onartzea.
Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta
Jon Jimenez
Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza
Nagore Fernandez
Zoo
Goiatz Labandibar
Asier Urkiza
Hetero
Uxue Alberdi
Joxe Aldasoro
Euri gorriaren azpian
Asier Serrano
Paloma Rodriguez-Miñambres
Galbahea
Gotzon Barandiaran
Mikel Asurmendi
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Irati Majuelo
Lagun minak
Jon Benito
Mikel Asurmendi
Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga
Jon Jimenez
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Asier Urkiza
Lautadako mamua
Xabier Montoia
Nagore Fernandez
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Bestiak Liburutegia
Rameauren iloba
Denis Diderot
Aritz Galarraga
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Paloma Rodriguez-Miñambres