kritiken hemeroteka

8.664 kritika

« | »

Ipuin hautatuak / Jorge Luis Borges (Juan Garzia) / Ibaizabal, 1998

Unibertso borgestarraren isla Jon Eugi / Euskaldunon Egunkaria, 1999-05-22

Aurten betetzen dira 100 urte Jorge Luis Borges idazle argentinarra jaio zela. Bada, data horren harian Ibaizabal argitaletxeko Literatura Unibertsala sailean egile berberaren Ipuin hautatuak liburua agertu da. Juan Garzia Garmendiak itzulita. Liburuak Juan Garziak berak eta Gerardo Markuletak hautaturiko narrazioak biltzen ditu, kronologikoki sailkatuak, eta haien bidez Borgesen hitz lauzko lanen erakuspen edo muestra bat daukagu.

Jorge Luis Borges XX. gizaldiko literaturen izen handienetako bat dugu. Hitza lehengai harturik, hitzekin jolastuz, sormenezko ariketa berdingabeak osatu zituen. Eta hizkuntza aldetik ere, idazle hegoamerikarrak idazkera propial bat landu zuen.

Istorioak irakurri ahala, apurka-apurka, Borgesen fikziozko eraikuntza ezagutuz goaz eta haren unibertsoan barneratuz goaz. Unibertso berezia da, propiala, beste egile edo korronteren batekin loturarik ez daukana. Baina unibertso horren ezaugarria zenbaitetan konplexutasuna da. Horrela, badira istorio batzuk irakurleari nahikoa zailak egiten zaizkionak. Esaterako, liburua kontakizun metaliterario batez hasten da, Irakurlearen etika sineskeriaz betea, literatur testuaz eta baita ere irakurlearen jarreraz jarduten duena. Hurrengoak ere, Pierre Menard Kixotearen egile, literatura hartzen du gaitzat, eta gerta liteke ez bat egitea hartzailearekin, urruna, distantziaduna, interesgabea egin dakiokeelako. Loteria Babilonian, aldiz, irakurlearentzat gustagarriagoa da, istorio bereganagarriagoa delako, aurreko bien aldean. Fantasia konbentzionalagoa ageri da, irudimenak gidatzen du narrazioa hasieratik bukaeraraino eta idazle argentinarraren etorriaren isla argia da. Babelgo liburutegia beste istorio orijinal bat da, zeinean unibertsoa liburutegi batekin parekatzen den eta gero horri tira eginez errelatoa burutzen den.

Jorge Luis Borgesek hitzekin jolas egiten du eta horiekin asmaketa ezberdinak gauzatzen ditu. Erudizioa ezin zaio ukatu, edonondik ateratzen du kontakizun bat. Horrela, denetariko narrazioak aurkitzen ditugu. Zenbaitetan, hori bai, haien izaera anbiguoak irakurlea apur bat aztoratuta uzten du. Baditugu halaber, ipuin ale laburrak, aski bikainak: Elkarrizketa bati buruzko elkarrizketa, Argumentum ornithologicum, Borges eta ni…

Liburua erreferentzia literarioz, filosofikoz eta abarrez jantzirik dago, irakurri ahala jasotzen goazenak. Horren atzean egilearen literaturzaletasun, kulturzaletasun mugagabea suma daiteke. Halaber, errelatoetan zehar garai, leku, aldi historiko ezberdinak eta anitzak azaltzen dira, era horretan liburua egilearen kosmopolitismoaren, bere kulturekiko maitasunaren agerpena da.

Banatuz doazen bidexken jardina istorioan idazle hegoamerikarraren narraziorako abilezia agertzen da, tamainako itzulpenari esker geureganatzen duguna. Azpimarratzekoa baita ere Juan Garzia itzultzaileak egin duen lan aparta. Eskertzekoa da haren ahalegina eta esfortzua Jorge Luis Borges bezalako idazle zail bat era erraz batean euskarara hurbildu eta ekartzeagatik.

Azken kritikak

Guztia urruntzea da
Hasier Larretxea

Paloma Rodriguez-Miñambres

Diesel
Bertol Arrieta

Joxe Aldasoro

Sakelako bihotzak
Julen Apella

Asier Urkiza

Ni, laiko
Markos Zapiain

Nagore Fernandez

Zorretan
Agurtzane Intxaurraga

Maialen Sobrino Lopez

Haurdunaldi oharrak
Yoko Ogawa

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Sakelako bihotzak
Julen Apella

Jon Agirre

Emognosia
Mitxelko Uranga

Mikel Asurmendi

Silueta
Harkaitz Cano

Irati Majuelo

Koxka bat estuago
Henry James

Aritz Galarraga

Nonahiko musika
Juan Kruz Igerabide

Hasier Rekondo

Dena zulo bera zen
Eider Rodriguez

Mikel Asurmendi

Guztia urruntzea da
Hasier Larretxea

Maddi Galdos Areta

Poesia kaiera
Frank O'Hara

Asier Urkiza

Artxiboa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

Hedabideak