kritiken hemeroteka

8.496 kritika

« | »

Pausoa noiz luzatu / Andoni Egaña / Alberdania, 1998

Argi argirik ez,itzal itzalik ere ez Jose Jabier Fernandez / Euskaldunon Egunkaria, 1999-02-27

Andoni Egañak, bere lehen eleberriaren pasarte batean, honela dio: “Bizitza legea da hori. Argi argirik ez da, itzal itzalik ere ez”. Gutxitan islatu ditu hain ongi liburu bateko esaldi batek lanaren izaera, izpiritua eta ezaugarriak.

Egaña gizartearen gehiengoarentzat bertsolari bezala soilik bada ere ezaguna, badu beste alde bat, literaturaren esparruan, nahiz eta oraindik gehiegi jorratuta, edo kaleratuta behintzat, ez egon. Guztira hiru dira argitaratu dituen liburuak: Sokratikoek ere badute ama ipuin bilduma, Aitaren batean artikulu bilduma eta Jon Sarasuarekin batera idatzitako Zozoak beleari gutun bilduma. Egun, igandero, egunkari honetako Begizeharka izeneko sailean, bere kolaborazioekin jarraitzen du.

Gauzak honela ikusita, badirudi Egañak bilduma jeneroa edota formato laburra atsegin duela. Eta aurriritzi honetan oinarrituz, iruditzen zait Egañak orain arte egindako lanarekin ez dituela merezitako txaloak jaso. Bai hiru liburu hauek eta baita iganderoko lanak ere bikainak baitira. Hainbestetan bertsoen bidez Egañak sonatu egin dituen bere ezaugarriak —umorea, gaietan sakontzeko abilezia, aurriritziak hankaz gora jartzeko grina, distantziarako eta zehar esanerako maisutasuna— bere literatura lanetan ere antzematen ditugu. Honegatik, guztiok hartu dugu jakinminez Egañaren lehenengo lan serio eta handia. Liburua, esan behar, gainera, Euskalgintza Elkarlanean Fundazioak emandako beka bati esker idatzita dago eta iazko Durangoko azokan aurkeztu zen.

Eleberrian, hasieratik bi istorio desberdintzen dira eta biak kontatzen zaizkigu. Bata 1930eko abenduan Jacan gertatzen da. Bertan, Espainiako ejerzitoaren talde bat Errepublikaren alde matxinatzen da. Bestean, 1960an Zarautzen gertatzen da eta protagonista Lanbide Eskolako sortzaile eta zuzendaria den fraidea da. Gizon honek, Francok eskolari eman behar dion saria jasotzera joan beharko du Madrila.

Istorio ezberdinak hurbilduz

Bi istorio hauek, hasieran bananduak hasten badira ere, espazioan eta denboran, narrazioak aurrera egiten duen heinean hurbiltzen joango dira. Eta ez bakarrik alderdi batzuetan, azalekoetan, baita sakonagoak diren beste batzuetan ere. Hemen dago eleberri honen giltza eta, ondorioz, baita ate garrantzitsua ere.

Pausoa noiz luzatu —eleberriaren izenburuak dioen bezala— gizakiak bizitzan hartu behar duen erabakirik garrantzitsuenetakoa da. Luzatze horretan, beti egon dira argiak eta itzalak, zalantzak eta erabakiak, istiluak eta liskarrak. Azken finean, helburuak edota bitartekoak zein diren garrantzizkoagoak erabakitzea bezala da. Eta Andoni Egañak liburu honetan horretaz guztiaz hitz egiten digu, inoiz ez zuzenean, beti zeharka, ohituta gauzkan estiloarekin eta maisutasunarekin.

Idazlearen eta irakurlearen arteko komunikazioa

Baina argiak eta itzalak, tamalez, ez dira soilik bere estiloan edo gaietan nabarmentzen. Eleberriaren bilakaera orokorrean eta pasarte askotan ere agertzen dira. Ondorioz, orrialde batzuetan narrazioa argi eta itzal hauen artean galtzeko arriskuan egoten da, nondik jo jakingo ez balu bezala. Argiaren eta itzalaren arteko bidea, garbia ez den neurrian, aurkitzea eta jarraitzea zaila izaten baita askotan.

Hala ere, liburua portu onera heltzen da, eta irakurleari geratzen zaion zirrara gozoa da. Horretan ez da zalantzarik. Eleberri on eta interesgarriek maila guztietan ematen dutenaren antzekoa. Eta azkenean, Egañaren lehenengo eleberriak, argi eta itzal batzuk nahasiz —besteak ahaztuz—, idazlearen eta irakurlearen arteko komunikazioa lortzen du. Zer gehiago eskatu diezaiokegu literaturari?

Azken kritikak

Zuzi iraxegia
Amaia Alvarez Uria

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

O.ten gaztaroa neurtitzetan
Arnaud Oihenart

Gorka Bereziartua Mitxelena

Ez-izan
Jon K. Sanchez

Aiora Sampedro

Pleibak
Miren Amuriza

Jon Jimenez

Ehun zaldi trostan
Ainhoa Urien

Asier Urkiza

Oroi garen oro
Beatriz Chivite

Nagore Fernandez

Jakintzaren arbola
Pio Baroja

Aritz Galarraga

Antropozenoaren nostalgia
Patxi Iturregi

Hasier Rekondo

Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga

Mikel Asurmendi

Baden Verboten
Iker Aranberri

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ezer ez dago utzi nuen lekuan
Itziar Otegi

Mikel Asurmendi

Dolu-egunerokoa
Roland Barthes

Asier Urkiza

Guardasol gorria
Lutxo Egia

Nagore Fernandez

Zero
Aitor Zuberogoitia

Jon Jimenez

Artxiboa

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

Hedabideak