kritiken hemeroteka

8.698 kritika

« | »

Gauza baten ametsa / Pier Paolo Pasolini (Josu Zabaleta) / Alberdania, 1998

Herria eta bihotza Mikel Aldalur / Euskaldunon Egunkaria, 1998-09-19

Ekainaren erdi aldera, atseginez irakurri genuen orrialde hauetan bertan argitaratutako berria. Alberdania argitaletxeak Pier Paolo Pasoliniren euskarazko lehen eleberria argitaratu eta aurkeztu zuela, alegia. Il sogno di una cosa, Josu Zabaletak Gauza baten ametsa bihurtua, gainera, Pasolinik argitaratu zuen lehen eleberria da, horren aurretik idatzi zituen beste bi lan ez baitziren idazlea hil ondoren baino argitaratu. Udan irakurri beharreko liburua genuen, beraz. Eta, egia esateko, ez gara damutu irakurri beharrekoen zerrendan Pasoliniren hau sartzeaz.

Itzultzaileak hitzaurrean paraturiko hitzetan adierazita, Gauza baten ametsa-ko historia, 1948-1949. urteetan gertatzen da. De Gasperiren gobernuak lur jabeen eta partzuerren arteko harremanetan justizia gehiago ezartzeko legea emanik, Italiako ipar-ekialdeko Friuli eskualdeko lur jabeek lege hura bete zezaten laborariek egin bebar izan zituzten huelga eta borroka luzeen garaian”. Garai hura ez ezik, gertaera haiek ere islatzen dira liburuan.

Bi atal ditu Gauza baten ametsa honek. Lehenengoan 1948. urteko kontuak dira hizpide; eta bigarrenean, berriz, 1949koak. Zenbait gazte protagonistatzat hartuta, lehenengo atalean, herri txikietako dantzaldi eta festa giroaz gain, gazte horien emigrazioa azaltzen du Pasolinik. Friuliko lurrak utzi eta Jugoslaviara ihes egiten dute, bizimodu hobearen bila. Goseak estuturik, ordea, azkenean Italiara itzultzen dira gazteak. Laster iritsiko dira lur jabeen aurkako manifestazioak eta bilkurak. Bandera gorria eskuan hartuta, De Gasperiren gobernuak hartutako erabakiak betearazi nahi izango dizkiete lur jabe handienei. Helburua lortuko dute batzuetan. Beste batzuetan, aldiz, polizia iritsi eta istiluak izango dira nagusi. Erretiradako garaia da, baina mutilak ez daude etsitzeko prest: “Orduan, mutilak, Gruaroko bidean zehar mahasti eta azkeneko artalasto artean banaturik zeuden herriko azkeneko etxeetara geroz eta abiada handiagoan iritsirik, ez baitzuten beren burua garaitutzat eman nahi; kantuan hasi ziren eurak ere, indar batean, soro hotz eta berde artean galtzen ziren ahotsekin: Avantipopolo, ala riscossa, bandiera rossa… bandiera rossa…”.

Bigarren atalean, herriarekikoak ahazten ez badira ere, bihotzaren kontuak dira nagusi. Mutiletako batek, Ninik, Piarekin eta Ceciliarekin osatzen duen hirukia da atal horren ardatza, eta amodio kontuek harilkatzen dituzte gertaerak batik bat. Ceciliaren familia eliztarra eta Nini komunista izateak, gainera, baldintzatu egiten du amodio istorioa.

Gertaerek eta abenturek baino gehiago kontaketak eta giroaren aurkezpenak eta deskribapenak indarra duen eleberria da hau. Casalen, Lilugnanan, Rosan, San Giovannin eta beste zenbait herrixkatan kokatutako kontuak garai eta ingurune hartako bizimodua islatzeko istorioak bihurtzen ditu Pasolinik. Liburu ederra da, malenkoniaz betea. Luzaroan gogoan gelditzen den horietakoa.

Itzulpenari dagokionez, berriz, Josu Zabaleta zoriontzea besterik ez zaigu geratzen. Euskaraz sortutako liburua balitz bezala irakurri ditugu orrialde guztiak, eta hori, zalantzarik gabe, itzulpen on baten seinale da. Pasoliniren eta Zabaletaren lanak, beraz, literaturaz euskaraz gozatzeko beste aukera bat eman digu.

Azken kritikak

Haize begitik
Mikel Ibarguren

Maddi Galdos Areta

Bide bihurrietan
Elena Martinez Rubio

Asier Urkiza

Moebiusen ertzak
Garazi Kamio

Nagore Fernandez

Zainetatik zilarra
Nahia Intxausti

Paloma Rodriguez-Miñambres

Landura
Jose Luis Otamendi

Mikel Asurmendi

Harakinen alaba
Yurre Ugarte

Irati Majuelo

Clevesko Printzesa
Madame de La Fayette

Aritz Galarraga

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Joxe Aldasoro

Akabo
Laura Mintegi

Mikel Asurmendi

Mio marito deitzen zion
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Nonahiko musika
Juan Kruz Igerabide

Nagore Fernandez

Barazkijalea
Han Kang

Maialen Sobrino Lopez

Beste urte batez
Samira Azzam

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Ulhaintsaren negarra
Jon Garmendia

Aiora Sampedro

Artxiboa

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

Hedabideak