« Historia lezioa | Mirariei buruz »
Ostegun izan zen gizona / Gilbert Keith Chesterton (Juan Garzia Garmendia) / Ibaizabal, 1997
Chestertonen paradoxak Antxon Gomez / Euskaldunon Egunkaria, 1998-05-09
Gilbert Keith Chestertonek, idazle britainiarrak (Londres, 1874-Beaconsfield, Buckinghamshire, 1936), jenero askotako obra eta artikulu anitz idatzi zituen: poemak, saiakerak, literatur kritikako artikuluak, antzerkia. Sona, berriz, polizia-eleberri sail batek (Aita Brown pertsonaiarekin) ekarri zion. 1922. urtean katoliko bihurtu zen eta hainbat erlijio liburu idatzi zituen harrezkeroztik. Bere bizitzan zehar polemista handia izan zen, eta hori Ostegun izan zen gizona honetan nabarmentzen da.
Liburua ez da definitzen erraza. Ez estiloari, ez gaiari eta ez jeneroari dagokionez behintzat. Narrazioak hasieratik aurrera jotzen du azkar, irakurlearen arreta bereganatuz. Gertakizunak zenbaitetan elkarri lotuak daude, askotan elkarrekin kontrastean, edo, are gehiago, kontraesanean.
Chestertonek maite ditu paradoxak, eta mordoxka aurki dezakegu orrialde bakar batean. Irakurleok pertsonaia baten izaeraz eta rolaz jabetu orduko, irudi hori hankaz gora botako digu idazleak hurrengo pasartean, lehenengoa mozorro hutsa zela erakutsiz. Liburuak aurrera egin ahala, jada ez gara fidatuko aurkezten dizkigun pertsonaien benetako izaeraz. Ustezko matxinada anarkista, hiritar ordenazaleen ustezko anarkisten aurkako oldarketa besterik ez da. Ustezko iraultzaile nihilista Scotland Yard-eko agentea da, eta Scotland Yard-eko anarkisten aurkako brigadaburua, anarkisten garun grisa. Liburuan zehar, bata bestearen barruan sartzen diren panpina errusiar haien irudia etorri zait burura, ezuste bat beste baten barruan topatzen baitugu Chestertonen narrazioan.
Pertsonaia nagusiak, Gabriel Syme poeta eta britainiar polizia sekretoak, Londresko parke batean Lucian Gregory poeta anarkistarekin topo egiten duenean, eta hark anarkistek mundua suntsitzeko antolatu duten batzarrean parte hartzeko bidea irekitzen dionean, narrazioa erritmo bizian abiatzen da. Syme Ostegun ezizenarekin infiltratuko da bilkuran, bertan kide bakoitzak asteko egun baten izena baitu. Igande, jakina, guztien burua da. Londresko paisaia eta giroen deskripzio ia gotikoak. Ukitu errealistak eta erromantikoak elkarrekin nahastuak. Absurdua eta arrazionalismoa eskutik helduta. Batzuetan, idazlea serioski filosofia anarkistaren “arriskuaz” sermoia botatzen ari zaigula dirudi, eta hurrengoan dena broma bat delako ustea izango dugu. Ordenazaleen gehiegikeriaz trufatzeko trikimailu bat.
Zenbaitetan Fu-Mantxu txinatar gaiztoaren txuri-beltzezko film batean gaudela irudituko zaigu, segidan sinboloz betetako eszena batekin topo egiteko. Protagonistaren ateraldiek badute Groucho Marxen zelebrekerien antza. Egia esanda, Chestertonen estiloa guztiz zinematografikoa iruditu zait, nahiz eta eleberria 1908. urtean idatzia izan. Liburua ez da eleberri beltz bat, eta ezta kontakizun erromantiko edo filosofikoa ere, nahiz eta denetik pixka bat baduen. Gauza bat argi atera badaiteke eleberri honetatik, bere antimanikeismoa da. Ezer ez da zuria edo beltza. Ezer ez da ehuneko ehunean dirudiena.
Zinez merezi duen liburu bat da. Konplexu eta aurreiritzirik gabe irakurri behar dena. Ostegun izan zen gizona ez da, nahiz eta azaleko irakurketa batean hala irudi, idazle erreakzionario eta ordenazale batek anarkismoaren aurka egindako liburua. Zerbait konplexuagoa da, eta, aldi berean, saio literario atsegin eta interesgarria.
Baden Verboten
Iker Aranberri
Asier Urkiza
Diesel
Bertol Arrieta
Nagore Fernandez
Maitasuna eta dirua, sexua eta heriotza
Mckenzie Wark
Jon Jimenez
Basokoa
Izaskun Gracia Quintana
Joxe Aldasoro
Zuzi iraxegia
Amaia Alvarez Uria
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
O.ten gaztaroa neurtitzetan
Arnaud Oihenart
Gorka Bereziartua Mitxelena
Ez-izan
Jon K. Sanchez
Aiora Sampedro
Pleibak
Miren Amuriza
Jon Jimenez
Ehun zaldi trostan
Ainhoa Urien
Asier Urkiza
Oroi garen oro
Beatriz Chivite
Nagore Fernandez
Jakintzaren arbola
Pio Baroja
Aritz Galarraga
Antropozenoaren nostalgia
Patxi Iturregi
Hasier Rekondo
Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga
Mikel Asurmendi
Baden Verboten
Iker Aranberri
Paloma Rodriguez-Miñambres