« Kronika bitxia | Haurtzaroa biluztuz »
Bidean ihes... / Luis Mari Mujika / Kutxa Fundazioa, 1996
Historia lezioa Jose Jabier Fernandez / Euskaldunon Egunkaria, 1998-05-02
Ospakizunetan gaudela eta gaurko honetan, gai beraren inguruan bigarren liburu baten iruzkina egingo dugu. Lehen aurreratu dugun bezala, oraingoan Luis Mari Mujikaren azken aurreko eleberria izango dugu hizpide. Dagoeneko Erein argitaletxeak Mujikaren azken liburua, Ladix Petrirenekoa, kaleratu du, gerra aurreko garaietan kokatuta dagoena.
Baina aurretik Mujikari beste liburu hau argitaratu zioten, 1996an Irun Hiria Literatura saria irabazi zuena eleberriaren arloan. Lan hau Espainiako Gerra Zibilean Euskal Herriko lurretan kokatuta dago. Hala ere, ez du kokagune bakarra, hiru baizik: Erandioko kanposantua, Argentina, eta Gipuzkoa eta Bizkaia arteko ibilaldi bat. Azken kokagune honetan gertatzen da eleberriaren istorio garrantzitsuena. Hirurek gerra badute ere ardatz, azken honetan ezagutzen du irakurleak gerra bera eta bere bilakaera eta garapena Euskal Herrian.
Hala ere, hiru leku hauek erlazionaturik daude, eta ez gerragatik soilik, baita hirurek pertsonaia komun bat dutelako ere. Honela, Fidel, protagonista izateaz gain hiru istorioak elkartuko dituen pertsonaia ere izango da. Fidel Ameriketan bizi den euskalduna da, gaztetan hara joandakoa. Euskal Herrira itzultzea erabakitzen duenean, berriz, gerrarako bidea ere pizten ari da eta orduan hasten da eleberria.
Hiru kokagune hauek, ordea, liburuan ez dira linealki ematen, elkartuz eta txandakatuz baizik. Hiru leku, hiru istorio, hiru denbora eta hiru pertsonaia desberdin konbinatuz. Gipuzkoa eta Bizkaian zehar protagonistak egingo duen ibilaldian Espainiako Gerra Zibilaren garapena eta ondorioak biziz, Fidelek beste bi lagun izango ditu: bere iloba anarkista eta fraide karmeldar bat.
Honekin guztiarekin, Mujikak lortu duen emaitza interesgarria da, bai edukiaren aldetik eta baita formaren aldetik ere. Estilistikoki, berezitasuna egileak jorratzen dituen aldeetan dago: alde deskriptiboan eta alde psikologikoan. Eta detaile hau gero eta arraroagoa da, egungo literaturan alde psikologikoa baztertzen ari baita. Nire iritziz, fenomeno hau zinemaren eta zinemarako egiten diren gidoien eragin zuzena da. Horietan alde psikologikoa ez da deskribatu behar, pertsonaiak egiten dituzten iruzkinekin lortzen baita helburu hau. Eta azken aldian, gure literaturan, hau asko gertatzen ari da. Guztia ekintzekin azaltzen da, era bisual batean, deskripzioak eta psikologiak hitzez azaldu gabe. Mujikaren eleberrian, aldiz, literaturak berezkoak dituen bidea hauek berreskuratu eta erabili egiten dira.
Edukien aldetik, liburu hau ere historiako lezio garrantzitsua da, Chueca eta Fernandezen liburuaren osagarri gisa irakur baitaiteke. Beste lana historiagileen eta kazetarien ikuspegitik baitzegoen idatzia batez ere. Mujikaren hau, ordea, historiako ekintzak baztertu gabe, gizatasunean oinarritzen da. Batez ere, historiak duen gizatasunean. Askotan ekintza historikoek hoztasuna dutela arbuiatzen duen ikuspegia nagusitzen da liburuan, historia gizakiak eta gizatasuna gabe ezin dugula ulertu ahaztuz. Eta Mujikak hori lortzen du, historiaren beste ikuspegi literarioagoa, poetikoagoa azalduz.
Sorbatza
Markel Sanchez
Asier Urkiza
Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz
Nagore Fernandez
Ipuinak eta antzezlanak
Lourdes Iriondo
Amaia Alvarez Uria
Ezezagunak trenean... irakurtzen
Miren Billelabeitia
Paloma Rodriguez-Miñambres
Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz
Mikel Asurmendi
Narrugorrik
Ixiar Rozas
Peru Iparragirre
Lera
Castillo Suarez
Maialen Sobrino Lopez
Hezitopia
Nora Salbotx
Joxe Aldasoro
Atzerakarga
Fermin Etxegoien
Asier Urkiza
Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea
Aritz Pardina Herrero
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Mikel Asurmendi
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Maialen Sobrino Lopez
Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr
Peru Iparragirre
Olibondoaren herria
Markel Elortza
Mikel Asurmendi