kritiken hemeroteka

8.783 kritika

« | »

Gure barrioa 1975 / Xabier Mendiguren Elizegi / Elkarlanean, 1998

Haurtzaroa biluztuz Mikel Aldalur / Euskaldunon Egunkaria, 1998-05-09

Baudelairek esan zuen denon aberria haurtzaroan dagoela. Xabier Mendiguren Elizegi, aberri horretan gure izate sakonenaren sekretua gorde ohi dugula jakitun, hara itzuli da Gure barrioa 1975 honetan. Hamar bat urte zitueneko garaiak gogoratuz, 1975eko herri industrial bateko auzora itzuli da oraingoan, eta nonbaiten nobela labur honek irudimenetik oroimenetik adina duela irakurri badugu ere, erabat sinesgarriak egiten dira orrialdeak. Irakurleari, ezinbestean, haurtzaroa dakarkio gogora Mendigurenek, eta hizkera eta estilo single batean haurtzaroko oroimenak agertzen dizkio orrialdez orrialde. Hizkera eta estilo single hori dela-eta erraz irakurtzen da liburua, hasieratik amaieraraino, eta azkenerako liburua laburregia den irudipenarekin uzten du irakurlea.

Andoni Egañak sarrerako hitzetan gogoratzen duenez, “Kantauri-txoko honetan eta mendeak hirurogeitaka zituela jaio ginenok, denok izan dugu tankerako haurtzaroa, baina denok, eta horrek du xarma, desberdina. Atsegin zaigu horrelakoetan, zertan den berdin eta zertan desberdin arakatzea. Berdinak sinpatia lortzen du eta desberdinak jakinmina, literaturaren bi iturri funtsezkoenak. Haurtzaroaz ari garela, biluztu egiten gara irakurlearen begietara. Gure txikitako jolasak, jokoak, txirrindulari kuttunak, futbolari ametsak, neskekiko harremanak, eskola… Egia handi asko bistatzen dugu zertzelada txikienetan”.

Bere horretan, geure egiten ditugu Egañaren hitzak. Izan ere, idazleak ezagutzera eman digun haurtzarork sinpatia eta jakinmina sortu baitigu. Sinpatia lehenik, geurearen antzekotasun handiak topatu dizkiogulako idazlearenari ere. Bestetik, jakinmina, irakurketaren bidez desberdintasunak baztertuz ezezaguna hurbildu eta beranduago bada ere haren haurtzaroa guk ere bizitzeko.

Hiru atal nagusi ditu liburuak. Lehenengoak haurren ingurunea, barrioa eta jokoak aurkezten ditu. Bigarrenean neskekiko harremana islatzen da eta hirugarrenak orduko egoera politikoak haurren barrioan duen eragina azaleratzen du. Hiru atalak berehalakoan eta gustura irakurtzen badira ere, guri lehenengoak liluratu gaitu. Mendigurenek ederki asmatu du denon tankerako haurtzaro hori azaltzen, aurkezten, islatzen. Gure haurtzaroa biluztu digute orrialdeek eta oroimenaren bazter galduenetan gordeak genituen garai eta xehetasunak itzuli dizkigute gogora. Nola ez du lortuko sinpatia Mendigurenen kontakizunak bizikleta karrerak, txirrindularien aurpegiak zituzten txapak, txabolak egiteko gorabeherak edota futbolerako taldeak eta porteriak osatzeko modua hizpide dituenean? Halabeharrez egiten du irakurleak bidaia bere haurtzarora eta halabeharrez gogoratzen ditu idazleak kontatutako hainbat kontu bere baitan.

Haurtzaroko xehetasun horiek aurkeztea da, gure iritzirako, liburu hau eder egiten duena. Haurtzaroa biluzten dio irakurleari, erdi-galduak zituenak gogora ekarriz. Mutikoen mundua berreraikitzen du egileak, den bezalakoa: ederra batzuetan, fantasiaz betea; zitala besteetan, haurren gaiztakeria inozente baina mingarriak eraikia. Eta, bukatzeko, Euskal Herria hartzen du kokagune. Goizalde zuri eta hotz batean Txiki eta Otaegi bihurtzen dira haurren heroi, barrioan euskaldunen eta belarrimotzen arteko ezberdintasun eta ezinikusiak baztertuz: “Nuarbetarraren aurpegi zintzoa, eta Zarauzko estremeñoaren irribarre bihurria, bixar apur baten erdian, Che Guevara berri bat balitz bezala; lehen baino askoz gehiago maitatu genuen orduan, eta gure barrio inguruko maketo guztiak ere lagun genituela sentitu genuen lehenengo aldiz geure bizian: aberri beraren seme-alaba, pizti beraren etsai, lur berean hazitako lore”.

Haurtzaroa bezain ederra.

Azken kritikak

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Turismoa
Asier Basurto Arruti

Maialen Sobrino Lopez

Garondoan
Gorka Bereziartua

Mikel Asurmendi

Geratzen dena
Ione Gorostarzu

Maddi Galdos Areta

Mirande, herriminez, ezin-minez
Jon Mirande

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak