kritiken hemeroteka

8.439 kritika

« | »

Kontakizunak / Edgar Allan Poe (Koro Navarro) / Ibaizabal, 2001

Mundu izugarrian barna Karlos del Olmo / Euskaldunon Egunkaria, 2001-07-07

Ezer baino lehen esango bagenu marasma hari zilarrezko eta hotz batek lotzen dizkiola elkarri punka, rock gotikoa, Alan Parsons Projecten rock sinfonikoa, Silvio Rodriguezen trova berria, Tom Waittsen katakonba musika, Mirande, Aresti, Wilde, Baudelaire, Conan Doyle, Borges, Stephen King, Murnau, Hitchcock, Kubrick, Coppola, Polanski, Alex de la Iglesia, Tinieblas Gonzalez… baten batek esku osoa leukake zoro garbiak garela pentsatzeko… Poe akordura etorri arte.

Koldo Mitxelena parafraseatuz, itzulpen honen kritika egiten, besteetan ez bezala, gogoz abiatu naizela esan beharrekoa naiz, Edgar Allan Poe atzera ere euskararako berpiztu digutelako. Teorilari batzuek dioskutenez, belaunaldi bakoitzak klasikoak berriro itzuli behar ditu bere erara, bere eredura, bere gustura. Amodioaren dominatxoarekin legez, itzulpen honen gainean esan daiteke “atzo baino gehiago, bihar baino gutxiago”, hau da, XIX. mendeko amerikar “ingeles” (Arturo Erregearen gortean izandako yanki) horren testu euskaratua zurubirik egokiena dugula XX. mendetik XXI.era igarotzeko. Jaioko dira berriak eta beren itzulpenak gauzatuko! Guk, bitartean, badugu gozagarririk!

Edgardok fantasia hutsezko ipuin izugarriak idatzi zituen. Edo, Borgesek zioenez, bizarrerie hutsezko ipuinak. Ez da asko esatea ipuin poliziakoa asmatu zuela. Poek mundu izugarria sortu gura zuen. Ondorioz, bere lanetan jori agertzen zaizkigu laztura mota guztiak. Armiarmaren antzera, Poek lokamutsezko amaraunak ehuntzen dizkigu. Eta orain hainbat euskal irakurlerengan amesgaiztoak piztuko ditu Koro Navarroren euskara bitartekari. Eta ez da gutxi. Ez da gutxi, idazle madarikatuaren labela badu ere, Poe garraio publikoetan irakurtzeko modukoa ere badelako. Gauez bezain ondo egunez ere leitu daitekeelako. Hondar aleak orriotatik garbituta zein neguko gau euritsuko farola argi mehean jausitako euri tanta sikaturik. Neonezko argipean bezala… etxolako argimutilaren argi sukarrezkoan.

Poeren gainean, gazte hildako beste artista madarikatu gaitzetsi askoren antzera, esan beharrean gaude pertsona eta obra elkarri gainjartzen zaizkiola, hainbesteraino non gaitza baita fikzioaren eta egiaren arteko muga lausoak bereiztea. Ez zen profeta izan etxean, ospea eta itzala batez ere Europan eskuratu zituen eta, Frantzian gehienbat (bestela gerta ote liteke?). Atzerrian fama eskuratutako lehenengo idazle amerikarretako bat dugu. Alkoholikoa. Baina beste edale batzuek ez bezala, oso gutxi edanda ere guztiz mozkortzen zen, alkohola ia ezin zuelako jasan. Bizialdiaren hondarretan alkoholiko anonimoen elkarte bati atxiki zitzaion. Laudanoa ere hartzen zuen, beti labanaren ahotik dabilen idazlearen irudia osatzeko.

Ezin bestela gertatu, izan ere. Oso umezaro zorigaitzekoa izan zuen (bere obra ikusita, horren susmoa berehala hartzen du irakurleak). Lantzean behin halako “buru kalentura” moduko batek jotzen zuen. Horrelako aldiotan eldarnioak jota egoten zen eta espirituekin egiten zuen berbetan. Egun, sintomak kontuan, aldi psikotikoak izaten zituela esan behar genuke.

Izena, ospea zuen grina. Modu etsian irrikatzen zuen itzala. Eta lortu ere berehala lortuko zuen… behartsurik behartsuena baino behartuago hiltzeko. The Raven (Belea) poemari esker bereganatu zuen hain sutsu itxarondakoa, artean literatur kritikari gaztea zelarik. Poema hori dugu segur aski amerikar batek idatzitako poemarik ezagunena.

Poe hil zen erdi biluzik edaritegi batean eguraldi hotzak axola ez omen ziola mozkor-mozkor eginda topatu zuten batean. Gaixotegira eroan eta berehala hil zen. Azken hatsarekin batera, horra hor kondaira, “Jainkoak lagun diezaiola nire arima gaixoari!” ala “Adiskiderik onena dut buruan bala sartuko didan laguna!” esan zuen. Bakoitzak bere gustukoari euts diezaiola!

Adituek diotenez, itzultzailerik onena, nabari ez dena, gardena. Koro Navarro ere halakoxea dugu. Ez dakit noiz esango dugun euskara estandarra gauzatuta, burututa dagoela. Halere, kontakizun hauetako euskarak ederto erakusten digu literatur hizkuntza normalizatua zer izan litekeen. Eta hori XIX. mendeko prosa lodia langai izanda: joskera erlatiboz josia, adjektibatze harrigarriak, lehenengo pertsona sarri erabiltzea… Oso giro eder eta kezkagarriak jartzen dizkigu itzultzaileak euskaraz. Kontakizunen batean jatorrizko izenburua laburrago eman digu Korok, baita adjektibo “harrigarri beldurgarriren” bat ere tartekatu, baina horrek zer digu emaitza ikusita? Irakurri ahala jabetuz goaz itzultzaileak ez duela nahitaez zertan traidorea izanik. Poezale intelektual astunok zein nerabe izu zaleak asebeteko dituen itzulpena, ezbairik gabe.

Besterik zer gainera daiteke “zorigaitzetik zorigaitzerako bizimodua” —biografo batek esan zuenez— izan zuen lagunaren gainean? Noiz arte egongo zara liburua begietaratu gabe?

Azken kritikak

Zoriona, edo antzeko zerbait
Karmele Mitxelena

Asier Urkiza

Pleibak
Miren Amuriza

Nagore Fernandez

Euskaldun fededun
Pruden Gartzia

Jon Jimenez

Ezer ez dago utzi nuen lekuan
Itziar Otegi

Ibon Egaña

Amok
Stefan Zweig

Paloma Rodriguez-Miñambres

Hetero
Uxue Alberdi

Mikel Asurmendi

Itzulpena-Traducción
Angel Erro

Anjel Lertxundi

Detaile xume bat
Adania Xibli

Amaia Alvarez Uria

Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza

Paloma Rodriguez-Miñambres

Bar Gloria
Nerea Ibarzabal Salegi

Mikel Asurmendi

Euri gorriaren azpian
Asier Serrano

Jon Jimenez

Lurpeko ezkutuan idatziak
Fiodor Dostoievski

Asier Urkiza

Gailur ekaiztsuak
Emily Brontë

Aritz Galarraga

Pleibak
Miren Amuriza

Joxe Aldasoro

Artxiboa

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

Hedabideak