kritiken hemeroteka

6.866 kritika

Azken kritikak

« | »

Hitzen ondoeza / Joseba Sarrionandia / Txalaparta, 1997

Hitzak elikagai Jose Jabier Fernandez / Euskaldunon Egunkaria, 1997-12-20

Azkenean, Durangoko azokarekin urteko uzta oparotsuena irakurtzeko aukera dugu. Dirudienez, aurtengoa ez da beste urteetakoa bezain handia izan, eta batzuen iritziz kalitatearen aldetik beste urteetakoarekin konparatuz aurtengo edizioa ahulagoa ere izan da. Agian, eleberri eta ipuin liburuen artean ez daude lehengo urteko izen handiak eta, orokorrean, kaleratutako lanen artean ez dago maisu lana hitza irabaziko duenik. Baina aurtengo Durangoko Azokan beste arlo batzuetan bai argitaratu direla lan bikainak. Zehazki, saiakeraz ari gara hitz egiten.

Aurtengo Durangoko azokatik lau liburu nabarmendu beharko genituzke. Hauek hain zuzen ere: Joxe Azurmendiren Demokratak eta biolentoak, Andoni Egaña eta Jon Sarasuak elkarrekin argitaratutako Zozoak beleari, Ibon Sarasolaren Euskara batuaren ajeak eta gaur gure sail honetara ekarri duguna, Joseba Sarrionandiak idatzi eta argitaratutako azken lana, Hitzen ondoeza.

Bi urte pasa dira Joseba Sarrionandiak azken lanak argitaratu zituenetik. Hauek, Miopeak, bizikletak eta beste ipuin batzuk eta Hnuy illa nyha majah yahoo izan ziren. Lehenengoa, Erein argitaletxeak Milabidai sailean kaleratua, ipuin bitxi eta berezien bilduma zen. Bertan, ipuinak, gogoetak, aforismoak eta Sarrionandiaren beste pentsamenduak irakurtzeko aukera izan genuen. Bigarren liburua bere poesiaren bilduma zen. Elkar argitaletxeak kaleratu zuen eta bertan 1985. eta 1995. urteen arteko poemak biltzeaz gain, ipuin batzuk ere jasotzen ziren.

Urte hauetan Sarrionandiak bere lanen berrargitalpenak ere ezagutu ditu. Hauen artean esanguratsuena Pamiela etxearen eskutik etorri den Ni ez naiz hemengoa izan da. Sarrionandiak liburu hau kaleratu zuenetik hamabi urte pasa dira, baina bere kalitatea, balioa eta gaurkotasuna ez ditu galdu. Hitzen ondoeza bere liburu berriarekin ere antzekoa gertatuko dela ziur gaude.

Baina, Hitzen ondoeza zer da? Hiztegia? Saiakera kritikoa gramatikari buruz? Ez. Sarrionandiak Ni ez naiz hemengoa eta Miopeak, bizikletak eta beste langabetu batzuk liburuetan jorratutako antzeko formatoa erabiltzen du eta, bertan, 903 hitz dituen hiztegia osatuz, hitz horiek hain gustuko dituen ipuin laburrak, saio ttipiak, aipuak eta beste gauzak osatzeko erabili ditu.

Horrela, hiztegi pertsonal honetako hitz bakoitzak Sarrionandiari bere gogoetak eta aurregogoetak egiteko balio izan dio. Baina inork ez dezala liburuan egia osorik bilatu, bere hiztegia erdiesanez eta eskegita utzitako mezuz osaturik baitago. Sarrionandiak buruz eta bihotzez idatzi du eta bere helburua hitzak eta mintzairak oraindik munduko eta gizarteko egoera hobetu dezaketela sinestea izan da. Bere apustua komunikazioaren balioaren alde egiten du, eta horrela gizartearen eta gizakien arteko erlazioak hobetu daitezkeela uste du. Baina horretarako, komunikazioari ez ezik, Sarrionandiak beste elementu bati ere garrantzi itzela ematen dio: “Hitzen definizioa. Hainbeste hiztegi arauemaile, ez dakit zertarako. Hitzen definizioa alferrikako lana da. Hitzak, definitu beharrean, zalantzan jarri behar dira aldiro”.

Nire iritziz Sarrionandiaren liburuaren alderik interesgarriena hau da. Liburua, ez da oso ongi idatzita dagoen gogoeta liburu bat soilik, lehenago, aurretik, aurregogoeta liburu bat da. Hau da, Sarrionandiak gauzak esan baino pentsarazi egiten ditu. Ondorioz, gehienetan irakurketarekin lortzen dugun iritzia edo pentsamendua ez da Sarrionandiak esan duena, guk geure barnean izan eta Sarrionandiari esker askatu duguna baizik.

Horrezaz gain, Sarrionandiak lehen aipatutako komunikazioaren aldeko apustua egiten du eta, hau gure gaur egungo gizartean hitz merke bihurtu bada ere, berriro kontuan hartzea eta zentzu baikorra ematea oso ona da. Eta azkenik, hau guztia zalantzan jartzea eta pentsamendua aldioro birmoldatzea beharrezkoa dugu. Hau da Sarrionandiaren liburutik atera daitekeen ondoriorik nabarmenena, hots, ez dagoela ondoriorik, bakoitzak bereak asmatu behar dituela.

Liburua ez da bere balio literarioagatik bakarrik gomendagarria (bere ipuin eta aforismoek ez dute irakurlea liluratzeko ahalmena galdu). Baita gure adimenarentzako janari aproposa delako ere.

Azken kritikak

Bidean ikasia
Arantxa Urretabizkaia

Roberto Moso

Jenisjoplin
Uxue Alberdi

Peru Iparragirre

Poz aldrebesa
Juanjo Olasagarre

Iratxe Retolaza

Pekineko kea
Beatriz Chivite Ezkieta

Hasier Rekondo

Iraganik gabe
Felipe Juaristi

Javier Rojo

Bidaiak
Jon Iñaki Lasa

Igor Estankona

Poz aldrebesa
Juanjo Olasagarre

Aiora Sampedro

Bi aldiz erditu zinen nitaz, ama
Alaine Agirre

Estibalitz Ezkerra

Bidaiak
Jon Iñaki Lasa

Javier Rojo

Dramak
Abelino Barriola

Aritz Galarraga

Labur txintan
Juan Kruz Igerabide

Igor Estankona

Haizeari begira
Jon Ariza de Miguel

Javier Rojo

Gerrak ez du emakume aurpegirik
Svetlana Aleksievitx

Javier Rojo

Haizeari begira
Jon Ariza de Miguel

Peru Iparragirre

Artxiboa

Urria 2017

Iraila 2017

Abuztua 2017

Uztaila 2017

Ekaina 2017

Maiatza 2017

Apirila 2017

Martxoa 2017

Otsaila 2017

Urtarrila 2017

Abendua 2016

Azaroa 2016

Hedabideak