kritiken hemeroteka

8.573 kritika

« | »

Kilkirra eta roulottea / Joxemari Iturralde / Erein, 1997

Hariak eta korapiloak Jose Jabier Fernandez / Euskaldunon Egunkaria, 1997-12-13

Joxemari Iturralderen eleberri berriaren emaitza azkenik gure artean daukagu. Azkeneko urteak haur eta gazte literaturari eskaini ondoren, eta igarotako zortzi urte eleberri honen prestakuntzari eskaini ostean, bere liburu berria irakurtzeko aukera dugu. Haur eta gazte literaturaz gain, Iturraldek beste lau lan ditu argitaratuta: Dudular eta Pic-nic zuen arbasoekin ipuin liburuak eta Nafarroako artizarra eta Izua hemen eleberriak.

Kilkirra eta roulottea izeneko azken lan honek, Ipar Ameriketatik etorritako mutil gazte baten istorioa kontatzen du. Liburuaren protagonista gazteak bere burua erdi ipar amerikar, erdi euskalduna du, gurasoak euskaldunak dituelako. Bere helburua Euskal Herriko lurrak eta, batez ere, bizimodua eta jendea ezagutzea da. Hau guztia kontatzeko, eleberria ez da nolanahiko garaian kokatzen. Lehenengo orriak Francoren heriotzarekin hasten dira, eta hurrengoek ondorengo eta aurreko egunetako giroa erakusten digute.

Hala ere, ez gaude eleberri historiko baten aurrean. Gure historiarako garrantzitsuak diren une asko azaltzen dira, baina inoiz ez nabarmenki. Ez dago kontakizun zehatzik. Iturralde datua baino giroa islatzen saiatu da. Horretarako, kanpotik datorren pertsonaia ardatz nagusitzat hartu badu ere, bertako errealitatearekin identifikatzen den norbait da hau. Honela, liburuak sinesgarritasunean eta bizipenetan oinarritutako pasarteez osatua egotearen itxura du, eleberriak historikoa baino gehiago autobiografiko kutsua hartzen duelarik.

Eleberriak ez du istorio bakarra kontatzen. Nahiz eta pertsonaia nagusia bakarra izan, bere ingurua beste pertsonaia anitzez osatuta dago. Ondorioz, liburuan istorio txikiak ugariak dira. Pertsonaiak sartu-atera egiten dira liburutik. Istorio eta pertsonaia hauek hari txikiak bezala dira, bakoitza bere independentzia eta askatasunarekin, baina era berean lotuak daude guztiak. Eta ez argumentu nagusira soilik, azalean, estruktura formala dela eta, baita edukinetan ere. Honela, hari hauek sortzen duten ehunarekin Iturralde garai hartako giroa islatzen saiatu da.

Baina hari hauek sortzen duten ehun hori ikustea eta arretaz jarraitzea ez da erraza. Eta ez gara ari Iturraldek erabiltzen duen hizkuntzaz hitz egiten. Nahiz eta Iturralderen beste lanak euskara aldetik zailagoak izan, hemen ez da hau gertatzen. Bere estiloa, lehen bezala, errealismoaren eta ironiaren artean mantentzen du, baina oraingoan zertxobait sinplifikatu du, erraztu. Baina kalitaterik galdu gabe. Orduan, non daude ehunaren egitura ikusi eta jarraitzeko arazoak? Irakurlearen arretan eta irakurlearen nahian.

Liburua aurrera doan heinean, eleberriak perspektiba historikoaz gain pertsonaia nagusiaren abentura eta gogoetak azaltzen ditu. Baina pertsonaia honen istorio nagusiak ez du honelako eleberri bat sustengatzen eta, ondorioz, Iturraldek bere inguruan dauden beste istorio txikiz osatu eta betetzen du hari nagusia. Hau dela eta, gero eta hare gehiago azaltzen dira eta azkenean gurutzatu eta nahastu egiten dira, korapiloak sortuz, bai istoriaren jarraipenean eta baita irakurlegoaren arretan eta nahian ere.

Gainera, Iturraldek hari hauek azaltzeko erabiltzen duen baliabidea oroitzapenarena da, atzera begiradak, eta hauek oraindik liburua pisutsuagoa egiten dute. Honetarako erabili duen estilo lauak eta sinpleak ere gutxi lagundu du, kalitatezkoa izanik ere ñabardura gutxiegi baititu.

Hala eta guztiz ere, liburuaren irakurketa gomendagarria da. Agian orrialde gehiegi ditu. Beharbada hariez asetzeak eta ondorengo korapiloek sortzen dute arazoa. Faltan botatzen da kronika historikoa eta, batez ere, fikziozko hari nagusia landuagoa eta aberatsagoa izatea ere. Liburuaren gehiegizko salneurriak ere ez du geihegi laguntzen. Baina Euskal Herriarentzat garrantzitsuak izan ziren une historiko hauek ezagutu eta bizi nahi dituztenentzat eta, gainera, Iturralderen ikuspegia kontakizun hauetako irakurketan sumatu nahi dutenentzat, liburuak merezi du. Azkenean, beti bezala, azken hitza irakurleak izango du.

Azken kritikak

Lakioa
Josu Goikoetxea

Irati Majuelo

Poesia guztia
Safo

Aritz Galarraga

Kontra
Ane Zubeldia Magriñá

Maddi Galdos Areta

Amorante frantsesa
Miren Agur Meabe

Hasier Rekondo

Akabo
Laura Mintegi

Jon Jimenez

Akabo
Laura Mintegi

Asier Urkiza

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya

Nagore Fernandez

Beste zerbait
Danele Sarriugarte

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Kuntzak eta kerak
Sara Uribe-Etxeberria

Jon Martin-Etxebeste

Hitzetik ortzira
Ana Urkiza

Mikel Asurmendi

Askatasun haizea
Javier Buces

Irati Majuelo

Amorante frantsesa
Miren Agur Meabe

Ibon Egaña

Iragan atergabea
Julen Belamuno

Aiora Sampedro

Meditazioak
John Donne

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

Hedabideak