« Merezitako saria | Klasiko bat »
Beirazko giltzak / Jaume Fuster (Joxe Austin Arrieta) / Elkar, 1997
Beirazko ipuinak Jose Jabier Fernandez / Euskaldunon Egunkaria, 1997-10-04
Beirazko giltzak hamazazpi istorio biltzen dituen ipuin bilduma da, Liburua Jaume Fuster idazle katalanak idatzi du. Fuster Kataluniako literaturan gizon garrantzitsu eta oparoenetakoa da, dozena bat eleberri argitaratzeaz gain zinema eta telebistarako gidoiak eta prentsarako kolaborazioak ere idatzi baititu. Hau da euskarara itzultzen den haren lehenengo lana.
Hemen aurkezten dizuegun liburu honetan hiru arlo desberdin horietatik zerbait badagoela esan behar da. Horrela, liburuaren jatorria El Mon aldizkarian dago, bertan sail bat enkargatu baitzioten, Ipar Amerikako aldizkariek argitaratu ohi dituztenen modukoa. Helburua detektibe saio moduko bat sortzea zen. Orain liburu formatuan eta euskaraz dugun lana, beraz, berez prentsarako eginiko kolaborazio baten emaitza da.
Baina beste aldetik, Fusterrek idatzi duena literatura da, hots, jenero poliziakoak biltzen dituen hamazazpi ipuin. Bertan, istorio guztiek Lluis Arquer izeneko detektibea dute protagonista, eta ipuin bakoitzean planteatzen den kasua argitu beharko du detektibe horrek. Azken finean ipuin guztiek jenero berezi honek duen ukitua aurkezten dute: putetxeak, drogazaleak, politiko ustelduak, lapurketak, desagerketak, bahiketak, hilketak eta abar.
Estilo aldetik, berriz, Fusterren lanak zinema eta telebistarako prestatzen diren gidoien ezaugarriak eta erritmoa ditu: deskripzio gutxi, pertsonaiak ongi definituak, ipuinen gaia hasieratik garbi planteatua, kokapen zehatzak, erritmo arina, idazteko era argia eta zuzena, elkarrizketa azkarrak… Oro har, esan dezakegu ipuin bilduma honek hiru arlo desberdin eta interesgarriok dituzten alde onak eta txarrak biltzen dituela.
Astero aldizkari batean misteriozko ipuin bat idaztea edo guztiak elkarrekin liburu batean aurkitzea ez da berdina. Agian, aldizkarian izan dezaketen xarma hemen galdu egiten dute guztiz, eta askotan istorioak pisutsuak egiten dira. Horrekin ez dut esan nahi ipuinak txarrak edo eskasak direnik, baina liburuaren formatua ez dela hauen bitarteko egokiena uste dut.
Gainera, lehen aipatutako zinema eta telebistako gidoien estiloak ez die onik egiten ipuinei. Oraingoan ere pentsatu behar da aldizkari batean estilo honen erabilpenak zentzu gehiago izango lukeela, baina estilo horrek ipuin hauei —osotasunean irakurriz gero— kalte egiten die. Istorioen eskemak gehiegi errepikatzen dira, eta pertsonaiak, detektibetik hasita, gutxi landuak daude.,
Oro har, ordea, liburuari aurre egitea esperientzia polita da. Bai, zoritxarrez gure literaturan ez dugu Dashiell Hammett edota Raymond Chandler handi egin zituen jeneroaz gozatzeko aukera gehiegi. Katalunian, ordea, egoera bestelakoa da. Eta ez ditut soilik Manuel Vazquez Montalban eta haren Carvalho pertsonaia gogoan, azken urte hauetan herrialde horrek eman dituen idazle gazteak baizik. Horien artean Andreu Martin eta Jaume Riberaren lana nabarmendu behar da, gazteei zuzendutako detektibe liburuen artean. Horietako bi Anaya argitaletxeak euskarara ere itzuli ditu: Detektibe guztiak Flanagan dira eta Ez garbitu eskuak, Flanagan. Biak guztiz gomendagarriak.
Beirazko giltzak liburuak duen beste ezaugarri bat bukaerak dira. Hau da, ipuin bakoitzean detektibeak kasua konpontzeko jarraitu duen bidea irakurleak asmatu behar du. Ipuin bakoitzaren erantzuna edo giltza liburuaren bukaeran dator, eta ariketak merezi du. Nik behintzat onartu behar dut, istorioen eskemak gehiegi errepikatzen direla esan badut ere, soilik bederatzi ipuinen giltza asmatzea lortu dudala. Merezi du saiatzea.
Zuzi iraxegia
Amaia Alvarez Uria
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
O.ten gaztaroa neurtitzetan
Arnaud Oihenart
Gorka Bereziartua Mitxelena
Ez-izan
Jon K. Sanchez
Aiora Sampedro
Pleibak
Miren Amuriza
Jon Jimenez
Ehun zaldi trostan
Ainhoa Urien
Asier Urkiza
Oroi garen oro
Beatriz Chivite
Nagore Fernandez
Jakintzaren arbola
Pio Baroja
Aritz Galarraga
Antropozenoaren nostalgia
Patxi Iturregi
Hasier Rekondo
Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga
Mikel Asurmendi
Baden Verboten
Iker Aranberri
Paloma Rodriguez-Miñambres
Ezer ez dago utzi nuen lekuan
Itziar Otegi
Mikel Asurmendi
Dolu-egunerokoa
Roland Barthes
Asier Urkiza
Guardasol gorria
Lutxo Egia
Nagore Fernandez
Zero
Aitor Zuberogoitia
Jon Jimenez