kritiken hemeroteka

8.496 kritika

« | »

Harreman arriskutsuak / Pierre Ambroise Choderlos de Laclos (Jon Muñoz Otaegi) / Ibaizabal, 1997

Harremanei buruz Jose Jabier Fernandez / Euskaldunon Egunkaria, 1997-07-27

Harreman arriskutsuak nobelaren lehen berria zinemaren bitartez izan nuen, eleberri honetan oinarrituz azken urte hauetan bi bertsio ezberdin filmatu baitira. Lehenengoa, niri iritziz onena, 1988an Stephen Frearsek zuzendu zuen eta, bertan, Glenn Close, John Malkovich eta Michelle Pfeiffer izan ziren antzezle nagusiak. Urte batzuk geroago Milos Forman zuzendariak liburu honetan oinarritutako beste bertsio bat egin zuen.

Filme hauek egin ondoren, eta izan zuten arrakastak bultzatuta, ordura arte hain ezaguna ez zen liburua berriro argitaratu zen. Eleberri hau XVII. mendearen bukaeran dago idatzia, eta bere garaian ezezik XIX. mendean ere arrakasta handia izan zuen. XX. mendean, ordea, eleberri honen ospeak beherantz egin zuen. Azken une hauetan, berriz, aipatutako filmeei esker, ezagunagoa da Harreman arriskutsuak. Niri, filmea ikusi ondoren, liburua irakurtzeko grina sartu zitzaidan. Hala ere, hasieran liburura beldurtuta inguratu nintzen. Batetik, liburua filmea baino kaskarragoa izango zela uste nuelako eta, bestetik, liburuaren garaia ezagutu eta argudioa eskutitzen bidez bideratua zegoela jakin nuenean aspertu egingo nintzela pentsatu nuelako.

Nire uste haietan guztietan huts egin nuela onartu behar dut, ordea. Eleberria zoragarria iruditu zitzaidan, filmea bezain ona, eta pasarte askotan baita filmea baino hobea ere (kontutan hartuz askotan zaila dela bi hizkuntza desberdinen artean alderaketak egitea). Eleberria deskubritu eta hurrengo hiru urteetako uda guztietan liburua irakurri nuen. Horregatik, orain, udan eta azkenik euskaraz bitxikeria hau aurkitzeak asko poztu nau.

Zer kontatzen du liburuak? Bertan istorio txiki asko agertzen dira eta ezagutuko ditugun pertsonaiak asko ez badira ere, bi dira nagusiak: Merteuileko Markesa eta Valmonteko Bizkondea. Bi pertsonaia horiek izango dira eleberriaren istorio txiki guztien hariak mugituko dituztenak. Izenburuak adierazten duen bezala, gainera, istorio guztiek harreman arriskutsuez hitz egiten dute, gizon eta emakumeok sortzen ditugun harremanaz.

Ondorioz, amodioz eta istorio politez betetako liburua al da? Ez, liburu honetan amodioa ez da protagonista, amodioaren inguruko beste kontuak baizik: pasioa, lehia, garaipena, azpijokoa, misterioa, ahultasuna, mendekua… Maiz liburu hau VIII. mende bukaerako gainbehera moralaren adibide bezala erakutsi da. Kontutan hartu bebar da, gainera, liburua Iraultza Frantsesaren ateetan idatzia dagoela, eta gutunen idazleak eta protagonista gehienak nobleak direla.

Nire iritziz, ordea, irakurketa hori sinpleegia da. Horrela, interesgarria izanik ere, nobela historiko baten aurrean soilik aurkituko baikinateke. Ez da horrela, ordea. Nahiz eta orain dela bi mende idatzia egon, eleberriak modernitate eta gaurkotasun handia du. Bertan azaltzen zaizkigun sentimenduak eta grinak ez dira garai jakin batekoak edo bestekoak, gizakien ezaugarriak baizik, garai guztietakoak.

Bestalde, pasarte askotan, eleberriak bere gaia azaltzeaz gainera, idazleak sakontzen dituen gaien inguruko iritziak ere ematen dizkigu eta, horietan ere, sentimenduei buruz ikuspegi modernoak eta aurrerakoiak erakusten dizkigu. Hala nola heziketaren inguruan hitz egiten duenean edota emakumearen papera eta boterea sentimenduetan eta gizartean defendatzean.

Horrela, nahiz eta liburuan garaileak eta protagonista nagusiak gizonak direla iruditu, benetako protagonistak, hariak mugitzen dituztenak, emakumeak dira. Eta bukaeran aurkakoa badirudi ere, nik eleberria osatzen duten azken gutunei ez nieke jaramonik egingo, eleberria idatzi zen garaietan gizonentzat bukaera politak eta lasaiak beharrezkoak baitziren.

Uda honetan irakurtzen gozatzeko liburu baten bila bazeundeten ez galdu aukera hau, eta irakurketarekin gozatzeaz gain, gizon-emakumeen harreman eta jokoen arteko trikimailuez gauza gehiago jakin nahi baduzue, zalantzarik ez izan, hau da zuen liburua. Azken finean harremanak ez dira inoiz arriskutsuak izaten, guk eta geure interesek egiten dituzte arriskutsuak.

Azken kritikak

Zuzi iraxegia
Amaia Alvarez Uria

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

O.ten gaztaroa neurtitzetan
Arnaud Oihenart

Gorka Bereziartua Mitxelena

Ez-izan
Jon K. Sanchez

Aiora Sampedro

Pleibak
Miren Amuriza

Jon Jimenez

Ehun zaldi trostan
Ainhoa Urien

Asier Urkiza

Oroi garen oro
Beatriz Chivite

Nagore Fernandez

Jakintzaren arbola
Pio Baroja

Aritz Galarraga

Antropozenoaren nostalgia
Patxi Iturregi

Hasier Rekondo

Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga

Mikel Asurmendi

Baden Verboten
Iker Aranberri

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ezer ez dago utzi nuen lekuan
Itziar Otegi

Mikel Asurmendi

Dolu-egunerokoa
Roland Barthes

Asier Urkiza

Guardasol gorria
Lutxo Egia

Nagore Fernandez

Zero
Aitor Zuberogoitia

Jon Jimenez

Artxiboa

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

Hedabideak