kritiken hemeroteka

8.783 kritika

« | »

Rue Morgueko hilketak / Edgar Allan Poe (Iñaki Mendiguren) / Elkar, 1996

Dedukzio istorio bikaina Jon Eugi / Euskaldunon Egunkaria, 1997-02-22

Ezagutu genuen aurretiaz Elkar argitaletxearen Branka sailean Edgar Allan Poeren intrigazko istorio bat, Urre-zomorroa deitutakoa hain zuzen ere. Bada, oraingo honetan azaldu zaigun hau ere, Rue Morgueko hilketak delakoa, ildo berekoa dugu, intrigazko jenerokoa alegia.

Honako liburu honetan idazle bostondarrak analisiaren, dedukzio lanaren ariketa paregabea eskaintzen digu. Poek, liburuaren sarreran, analisiaren dedukzioaren goraipamena egiten du eta jarraian kasu bat aurkezten du dedukzio lan hori praktikan jartzeko.

Zehazki idazle iparramerikarrak aurkezten digun kasua Rue Morgueko hilketena da. Kale horretan, era misteriotsuan bi emakumeren hilketa gertatu da, madame L’Espanaye eta alabarena hain justu. Beraz, Dupin jaunak (Poek ikertzaile lanetan jarriko duen pertsonaia txit prestua) hor edukiko du bere trebezia azaltzeko aukera.

Intriga poliziako honen aurkezpena egunkari batean agertzen diren testigantzen bidez egiten da. Banaka-banaka pertsonaien testigantzak irakurtzen ditugu eta horrela gertatu den izugarrikeriaren berri daukagu. Lekukotasun horiek jasota intrigan sartuta gaude jada.

Behin aurkezpena eginda, egileak maisuki darama errelatoaren haria. Istorioa bikain garatzen du, zehaztasun handiz kontatuz. Izan ere, Poek oso zehatz eta zuzen banatzen du errelatoaren informazioa. Behar den ordenean xehetasun guztiak kontatzen dizkigu, datu ñimiñoena ere ematen digu, eta guk istorioaren haria segitzen dugu inoiz ere galdu gabe. Banan-banan, Dupin jaunaren eskutik, intrigaren puntu guztiak azaltzen eta agertzen zaizkio irakurleari: hiltzailearen nortasunaren ezaugarriak, hiltzaileak erabilitako irteera bideak… Horrela, une oro kasuaren nondik-norakoaz eta ikerketen garapenaz jakitun gara.

Orrialdez orrialde, irakurri ahala, Dupin jaunaren dedukzio lan txundigarriarekin harrituta gelditzeaz batera, irakurlea kasuaz gero eta gehiago jakiten doa eta apurka-apurka gero eta interes handiagoa pizten zaio. Desiatzen dago istorioak aurrera egin dezan kasuaren argiketa ezagutzeko. Azkenik, jakina, guztiaren berri jakingo du: nor izan zen hiltzailea eta nola burutu zen zehatz-mehatz krimen beldurgarria.

Egia esan, ni harritu egin nau Edgar Allan Poek, primeran moldatzen delako intrigazko errelato honetan, istorioa oso ongi mamitua dagoelako, datu guztiak tinko lotuta, zirrikitu bat bera ere utzi gabe, nahiz eta, hori bai, amaieran, kasua argitzean, bitxiak iruditu zaizkidan sarraskiaren egilea eta baita hark zein eratan egin zuen hilketa ere.

Liburua oso irakurterraza da, batere zailtasunik gabe irakurtzen da, hasiera salbu. Hasieran Bostongo idazle famatuak, analista-ikertzaileak, dedukzio-egileak eduki behar dituen ezaugarriak deskribatzen ditu (gero istorioan Dupin pertsonaiak erabili beharko dituenak) eta zenbait konparaketa-eta tarteko, irakurketa pixka bat astunago egiten da. Hori ordea, Poek kontatzen duenagatik gertatzen da, ez hizkuntzaren erruz. Baina, behin hasierako orrialde urri horiek igarota, liburua aitaren batean irakurtzen da, batez ere lekukoen testigantzen tartetik aurrera.

Rue Morgueko hilketak hau aise irakurtze honetan zerikusi handia du Iñaki Mendigurenen itzulpen lanak. Itzulpena oso ona da eta horren bidez euskara ederrean geureganatzeko aukera dugu kontakizun hau. Egileak, jatorrizko liburuko kultismoak eta frantseserazko hitzak eta esaldiak erabiltzen ditu. Baina hori ez da inola ere arazo, amaieran oharren sail bat baitago, oso didaktikoa, oso aberasgarria, irakurleari argitasun biziki interesgarriak eskaintzen dizkiona.

Azken kritikak

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Turismoa
Asier Basurto Arruti

Maialen Sobrino Lopez

Garondoan
Gorka Bereziartua

Mikel Asurmendi

Geratzen dena
Ione Gorostarzu

Maddi Galdos Areta

Mirande, herriminez, ezin-minez
Jon Mirande

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak