« Urdaibaiko istorioak | Petral baina gozo »
Uzta gorria / Dashiell Hammett (Xabier Olarra) / Igela, 1996
Nobela beltza, hamargarrenez Miel Anjel Elustondo / Euskaldunon Egunkaria, 1997-02-01
Hona nobela beltza, beltzik bada inon ere. Irakurgai bila dabilenak gustura eta airean irakurriko duen lana. Oraindik gurean itzulpenak ei duen izen badaezpadakoa hankaz gora jartzen duen idazlan ziur horietarikoa: kalitatezkoa, eder itzulia, samur irakurtzekoa. Aspaldi dira frogak agerian: itzulpenek merezi dute, jatorrizkoek beste, dudarik gabe. Honenbestean, lana euskaraz sortua ala itzulpena izan ez du koxka gertatu behar. Irakurgaiaren kalitateak agindu behar du lanaren balioa. Eta besteri kalte egiten ari dira “euskaraz sortua ala itzulpena?” beste irizpiderik gabe irakurrarazten ari diren lagunak, Moisesen denborako zenbait itzulpen zurrun aitzakia.
Eta denbora ez da alferrik joana. Izenburuak ere ez. Pausorik pauso, sail beltzeko hamargarren titulua kaleratu digute Igelakoek. Hamar harribitxi, hamar, irristadaren bat salbu. Azalaren diseinuak, berriz, kilometro batetik ere erraz identifikatzekoak egiten ditu liburuok. (Eta azalaz ari, nahiago, aukeran, ohiko argazki deigarriak, siluetak nahiz muntaiak, honako honetako marrazkia baino areago). Nobela beltzarekin datoz, hamargarrenez, Igelakoak. Eta ez nolanahiko lanarekin. Lanak 27 atal dituela, zazpigarrena orduko, estreinako hilketa —eta obra osoko aitzakia izan zitekeena—, burutu duen morroia gartzela bidean da. Nobela hor berean bukatu eta ontzat emango genukeen: “nobela beltz laburra bezain trinkoa” idatziz goraipatuko genukeen, jeneroaren ezaugarrien zerrenda egingo beste behin, eta lan biribila irakurri izanaren pozez beste zer edo zeren bila, peskizan abiatuko ginatekeen.
Uzta gorria-n, ordea, eta lehenengo hilketa argiturik ere, hiru laurden ditugu irakurgai gozo. Estra. Pertsonaien —ikertzaileen, polizien, gangsterren, adur gaiztoko emakumearen—, arteko elkar hizketa zuzen eta kutsu handikoak, ikertzaileari dabilzkion pentsamenduak, eta nobelako akzio arinak, maisulan biribil egiten dute Dashiell Hammetten lan hau. Idazlea dela-eta, jakinaren gainean ginduzkan lehen ere, Maltako belatza film klasikoa edo Gizon argala (Elkar, 1989, Koro Navarro itzultzaile) gomendagarria medio.
“Butteko Big Shipen aditu nuen lehenbizikoz Personvilleri Poisonville deitzen… Jendailak hitz joko merkeetarako duen zaletasunaren beste mostra bat iruditu zitzaidan. Handik urte batzuetara Personvillera joan nintzen eta ulertu nuen hitzaren esanahi zehatza”. Horrela irakurri dugu Uzta gorria-ren hasieran. Eta narratzaile protagonistak bezala, irakurleok ere azkar askorik, ulertuko dugu zertan den Poisonville ustela —mendearen lehen laurdeneko Chicago bat irudi—, botere borroka errukigabean murgildurik, non hiriaren jabegoa, saldukeria, alkohola, dirua, tiro hotsa eta ustelkeria bor-bor ari diren. Ondorioa, berriz, izenburuan bertan bistan da ageri: odolezko uzta gorria.
Igelakoak ez dira txantxetan ari. Lehen ere ez dira ari izan. “Dashiell Hammett: Nobela beltzaren aintzindari eta maisu” aurkezten digute. Uzta gorria, bestalde, “zenbaitentzat nobela beltzaren maisulanetan borobilena”. Gurean, gainera, Igela labela eta Xabier Olarraren marka erantsiko genizkioke. Kreditu horiek dituela ziztuan irakurririk behar zuten argitalpeneko 1.500 aleek. Non da, hortaz, akatsa?
Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta
Jon Jimenez
Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza
Nagore Fernandez
Zoo
Goiatz Labandibar
Asier Urkiza
Hetero
Uxue Alberdi
Joxe Aldasoro
Euri gorriaren azpian
Asier Serrano
Paloma Rodriguez-Miñambres
Galbahea
Gotzon Barandiaran
Mikel Asurmendi
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Irati Majuelo
Lagun minak
Jon Benito
Mikel Asurmendi
Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga
Jon Jimenez
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Asier Urkiza
Lautadako mamua
Xabier Montoia
Nagore Fernandez
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Bestiak Liburutegia
Rameauren iloba
Denis Diderot
Aritz Galarraga
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Paloma Rodriguez-Miñambres