kritiken hemeroteka

8.496 kritika

« | »

Argia sortzen den izartegia / Juan Ramon Madariaga / Alberdania, 1996

Zeruan jositako poemak Mikel Aldalur / Euskaldunon Egunkaria, 1997-01-11

Laugarren poema-bilduma du Madariagak Argia sortzen den izartegia hau. Aurrekoen ildoa jarraitzen du honek ere eta, esan genezake, Madariagaren poesiak bereak dituen ezaugarriak are gehiago nabarmentzen dituela oraingoan. Argitaletxekoek, liburuaren solapan, “orain artekoan, azken lana, umoena agian”, diote, hain zuzen ere.

Hiru atal ditu liburuak, Madariagak Raymond Carver handiaren Kolibri izeneko poemaren ostean aurkezten dizkigunak. Ate zuriak eta zilarra, Hemisferioak eta Ezpainetako ispiluak dira hiru atalen izenburuak. Antzekotasunek liburuari batasuna ematen diotela ere, bada alderik hiru atalen artean.

Ate zuriak eta zilarra da lehen atala. Luzeena. Jose Angel Valente, Pablo Neruda eta Georg Traklen hitzak uzten dizkigu egileak atal honen sarrera gisa. Liburuari izenburua ematen dion Argia sortzen den izartegia lehen poeman bertan aurkituko du irakurleak, argiaren errepublikan. Errepublika horretan bertan, hasieratik, Madariagaren euskara aberatsa eta hizkuntzaren erabilera garbia agerian geratzen da: “…etxeko sua iziotuta dugularik, / dohatsu, ez asturugaitz, / gure bularra hatsantuta dagoela, / bedatsearen abisua heldu barik dela, / lanturuen mezu eragingabeak gugan…”. Badakigu Euskal Filologia ikasi zuela egileak Deustuko Unibertsitatean eta, gaur egun, bertan diharduela irakasle. Jakingo du, beraz, soziolinguistikaz zerbait. Hizkuntzaren eredu funtzioa eta zuzentasun irizpideak aztergai hartuta, esaterako, Otto Jespersen-ek hizkuntza zuzena zein den esateko erabili ohi diren zazpi zuzentasun irizpide aipatzen ditu.

Horietako bat, estetika norma edo irizpidea da. Irizpide honen arabera, hiztun edo idazlearentzat, hizkuntza zuzena bere sentimentu artistikoa edo estetikoa asetzen duena izango da. Hots, hizkuntza ederra izango da zuzena.

Madariagari, lehen poematik hasita, hiztegiko zenbait hitzek sortzen duten edertasun estetiko hori bilatu duela nabaritzen zaio. Liburu osoa da horren adibidea. Estetika horren oreka atsegina ezezik, aberatsa ere bada, baina, zenbaitetan, oreka hautsita edertasun gehiegia bilatu nahian, irakurlea nekatzera iritsi daiteke. Bilbotarraren azken lan hau orekaren muga arriskutsu horretan dagoela iruditu zaigu. Poemak laburrak izateak asko laguntzen dio orekari eusterakoan, eta irakurlea hiztegi aberatsa, poesia eta edertasun estetikoa dastatu izanaren irudipenarekin geratzen da orrialdez orrialde. Esan daiteke, arriskuaren aurrean, oreka mantentzen jakin duela oraingoan egileak. Emaitza polita eta, batzuetan, sendoa: “…gezurrak esango ditugu / nola izkiriatu jakin gabe…”.

Hemisferioak izeneko bigarren atalaren atarian Felipe Juaristi, Sylvia Plath eta Tomas Transtromer-en hitzak dakartza egileak. Ondorengo poemak aurrekoen bidetik doaz. Zerbait luzexeagoek ere badute lekua bigarren atal honetan. Lehen aipaturiko oreka gisa bera mantentzen da, zenbait kasutan adjetiboek gehiegikeriaren muga zeharkatzen badute ere: “…Oihu hitsez eta kautu uzkurrez eleztatu didate / ortzi ekaiztuetatik kurrilo nekatuek…”. Gainontzean, izar politak dira hauek ere.

Hirugarren eta azken atala, Ezpainetako ispiluak, da agian tristeena. Baina baita gustukoena izan duguna ere. Semantikoki, amodioaren inguruko hitzak dira nagusi eta egoera zein poemak ere borobilak izkiriatu ditu egileak. “…Eta bi arrabitaren hotzikarak / larruan iltzatzen zaizkigula / biok arnasa isilekin sinfonia osotzera / ausartzen garen bitartean…”, esaterako. Argiak izar bihurturiko poemak hemengoak ere.

Lan txukuna da Madariagaren azken hau, esan bezala, hizkuntza aberatsaren bila dabilenak atseginez irakurriko duena. Orekaren mugan dabil, batzuetan alde batean eta besteetan bestean. Baina poemak utzi dizkigu behintzat. Liburuan bertan idatzi duen bezala, isiltasunak ez baitu balio.

Azken kritikak

Zuzi iraxegia
Amaia Alvarez Uria

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

O.ten gaztaroa neurtitzetan
Arnaud Oihenart

Gorka Bereziartua Mitxelena

Ez-izan
Jon K. Sanchez

Aiora Sampedro

Pleibak
Miren Amuriza

Jon Jimenez

Ehun zaldi trostan
Ainhoa Urien

Asier Urkiza

Oroi garen oro
Beatriz Chivite

Nagore Fernandez

Jakintzaren arbola
Pio Baroja

Aritz Galarraga

Antropozenoaren nostalgia
Patxi Iturregi

Hasier Rekondo

Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga

Mikel Asurmendi

Baden Verboten
Iker Aranberri

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ezer ez dago utzi nuen lekuan
Itziar Otegi

Mikel Asurmendi

Dolu-egunerokoa
Roland Barthes

Asier Urkiza

Guardasol gorria
Lutxo Egia

Nagore Fernandez

Zero
Aitor Zuberogoitia

Jon Jimenez

Artxiboa

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

Hedabideak