« Idazle gazte bat | Klasikoak betirako »
Kapitainaren alaba / Aleksandr Sergeievitx Pushkin (Jose Morales Belda) / Ibaizabal, 1996
Garaiko heroia, desgaraiko nobela Felipe Juaristi / El Diario Vasco, 1997-09-13
Ez dakit neuk ere zenbat aldiz irakurri ote dudan liburu hau baina dexente irakurri dudala esateko moduan nago. Azken irakurketa, gainera, aurrekoak baino atsegingarriago suertatu zait. Ez dakit nola esan, gero eta gustagarriago egiten zait Pushkinen nobela hau; areago, Pushkinen ipuiak baino gustagarriagoa. Idazlea Errusiak eman duen idazle onenetarikoa dugu, Poeta nazionala bihurtu zuten, ziotenez, oso ondo islatzen zuelako bere bertsoetan “errusiar arima” deitzen den hori. Dena dela, oso garbi ez dagoenez zer diren herri bakoitzaren bihotz-arimak, esan beharko da Pushkinek bere garaiko erretratu kunplitu samarra eman digula guri, haren ondorengo garenoi, eta idazleak erretratua egitean izandako arrakastagatik, badakigu erretratu hura errusiar multzo handi baten gustukoa izan zela. Ez bakarrik irakurleen gustukoa, Pushkinen poemak irakurriak baino entzunak izan baitira, plazatan batez ere, ahots oneko koblakari batek esanda.
Erromantizismoaren barruan sartzen dute Pushkin, eta mugimendu haren ezaugarri batzuk nabarmen-nabarmen ageri dira haren obran. Beste batzuk ez, ordea. Nobela honetan atzean uzten ditu Pushkinek ordura arteko zenbait joera, eta, pauso berriak emateaz batera, bide irekitzen die atzetik etorriko ziren idazleei, ez errusiarrei bakarrik, baita europarrei ere. Nobela honen tajukera nahikoa modernoa da, ez du zer ikusirik garaiko idazleek idazten zutenekin. Esaterako, Barojaren zenbait nobelaren antza handia hartzen diot. Izan ere, Pushkinen honetan, militar baten abenturak kontatzen dizkigu, militar horren gorabeherak dagoen gotorlekua matxinoek hartzen dutenean. Baina funtsean maitasun istorio bat da, samurtasun handiz idatzia. Militarrak dena egingo du maitasuna eskuratzeko, baina maitasunaren gainetik ohorea jarriko du. Azkeneko orrialdeak erabakiorrak dira: emakumeak, bere kasa ibiliz, maite duen militarra salabatzea lortuko du.
Hori da istorioa, eta kontatzeko moduaz esan daiteke alferrikako hitzik ez dagoela liburu osoan. Oso zuzena da, barne edo kanpo deskripzioetan ez du denborarik galtzen ia. Pertsonaiak ere ez zaizkio asaldatzen, hau da beren egitekoa betetzen dute, tramaren eskumendean beti. Itzulpenak hori guztia errespetatzen du. Itzultzaileak jakin izan du euskal hitz argitan jartzen Pushkinen argitasuna, hizkuntza menderatzeak eraman dezakeen esjaerazioan erori gabe. Zoragarria da nire iritziz, plazer handiz irakurtzen dena.
Sakelako bihotzak
Julen Apella
Asier Urkiza
Ni, laiko
Markos Zapiain
Nagore Fernandez
Zorretan
Agurtzane Intxaurraga
Maialen Sobrino Lopez
Haurdunaldi oharrak
Yoko Ogawa
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Sakelako bihotzak
Julen Apella
Jon Agirre
Emognosia
Mitxelko Uranga
Mikel Asurmendi
Silueta
Harkaitz Cano
Irati Majuelo
Koxka bat estuago
Henry James
Aritz Galarraga
Nonahiko musika
Juan Kruz Igerabide
Hasier Rekondo
Dena zulo bera zen
Eider Rodriguez
Mikel Asurmendi
Guztia urruntzea da
Hasier Larretxea
Maddi Galdos Areta
Poesia kaiera
Frank O'Hara
Asier Urkiza
Haurdunaldi oharrak
Yoko Ogawa
Nagore Fernandez
Beste urte batez
Samira Azzam
Maialen Sobrino Lopez