kritiken hemeroteka

8.475 kritika

« | »

Mundu mingotsa / Josef Skvorecky (Karlos Cid) / Alberdania, 1996

Ipuin-hautaketa Felipe Juaristi / El Diario Vasco, 1996-10-19

Josef Skvorecky (ahoska bedi Iosef Skvoretski) ez da oso ezaguna gure artean. Gaur egun Kanadako Toronton bizi da, hango unibertsitatean irakasle. Liburu batzuk gaztelaniaz argitaratuta daude, eta horien artean aipatuko nuke Koldarrak izenekoa, mardula eta sujerentea inondik ere. Itzultzaileari buruz ere hitz batzuk esan nahi nituzke. Carlos Cid du izena eta ez da bakarrik ezaguna euskaratu dituen liburuengatik: Haseken Xveik soldadu onaren menturak, Kunderaren Amodio barregarriak. Bera izan da M. Holub poeta zoragarria gaztelaniaz irakurgarri utzi diguna. Nahi duenak dasta beza “Catedra” etxeak kaleratutako Poemas liburua.

Datu askorik ez dugu, nik ez behinik behin, Skvoreckyri buruz. Haren liburuak irakurrita somatzen da Cortazar gaisotzeraino erasan zuen zaletasun berak hartua daukala, jazzak hain zuzen. Eta ortodoxia guztietatik, izan komunismoak ezarritakoa edo eta besteena, ihes egiteko gogoa, hori ere bai. Ihes fisikoa neurri batean, 1969an Txekoslovakiako lurretatik alde egin baitzuen, baina ez hizkuntzatik. Horixe gertatzen zaie (zaigu) hizkuntza txikiko idazleei, nahita ere hizkuntza beti soinean, eta bihotzean.

Mundu mingotsa, itzultzaileak berak esaten digunez, ipuin bilduma da. Idazleak berak eginikoa, neurri handian. Juduak ditu protagonistak: Txekoslovakiako juduen patu bera jasango dute (itxidura-zelaiak, holokaustoa…). Baina ez da holokaustoari buruzko liburua. Aipatzen da, bide nabar; hala ere ez da idazlearen helburua leku zehatz horretan zentratzea bera istorioak. Lehenagoko garaia, juduak denok bezalako pertsonak izan zirenekoa, deskribatzea nahiago du. Eta horretan da Skvorecky maisua. Hitz gutxitan, adjetibo urriekin, sotil bezain natural, mundu bat ekartzen digu gure oroimeneko ate joka. Idazteko moduagatik (ez da ahaztu behar ipuinotako kontalaria mutiko bat dela) Maupassant eta Babel etortzen zaizkigu burura. Haiek ere ternura handia erakusten dute pertsonaien aurrean. Idazle txekiar honek galtzaileen istorioak kontatzen dizkigu: izen asko, bizitza asko, eta guztiak oso arrotzak guretzat. Baina gu ez gara Txekoslovakian bizi izan, Lehen Gerratearen ondoren, Bigarrenaren bezperan. Gaztaroan ikusitakoa bere horretan utzi nahi balu bezala: moralkeriarik gabe.

Azken kritikak

Zero
Aitor Zuberogoitia

Amaia Alvarez Uria

Oihaneko ipuinak
Horacio Quiroga

Aiora Sampedro

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Mikel Asurmendi

Egurats zabaletako izendaezinak
Rakel Pardo Perez

Jon Jimenez

Antropozenoren nostalgia
Patxi Iturregi

Asier Urkiza

Barrengaizto
Beatrice Salvioni

Nagore Fernandez

Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Lautadako mamua
Xabier Montoia

Aiora Sampedro

Berbelitzen hiztegia
Anjel Lertxundi

Mikel Asurmendi

Haize beltza
Amaiur Epher

Jon Jimenez

Coca-Cola bat zurekin
Beñat Sarasola

Asier Urkiza

Girgileria
Juana Dolores

Nagore Fernandez

Berlin Alerxanderplatz
Alfred Döblin

Aritz Galarraga

Teatro-lanak
Rosvita

Amaia Alvarez Uria

Artxiboa

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

Hedabideak