kritiken hemeroteka

8.741 kritika

« | »

Gure garaiko heroia / Mikhail Lermontov (Jose Morales Balda) / Ibaizabal, 1996

Garai hartako heroia Felipe Juaristi / El Diario Vasco, 1996-08-24

Badira zenbait liburu, hasi eta bukatu behar direnak, egunean bertan ahal dela, egonezina, gaitza eta mina sortzen baitituzte, hurrengorako utziz gero. Nobela handiak dira, beti iraungo dutenak eta gaur atzo bezala denboraren iragaiteari iletatik tiraka eusten diotenak. Errusiar literaturan esaterako nobela ederrak ditugu, tartean hau, Lermontoven “Gure garaiko heroia”.

Lermontov poeta izan zen, Pushkin handiaren jarraitzaile. Pushkin hil ondoren, “Poetaren heriotza” izenekoa idatzi zuen, non nabarmentzen diren sentimentuen sakontasuna, hau da, tristura latza. Poema horretan noblezia eta Tsarraren kortea salatzen zituen, Pushkinen heriotzaren erruduntzat joz (gogoratu behar ohorezko-borrokan hil zutela Pushkin. Horretan ere Lermontov jarraitzaile: ohorea gordetzeko borroka batean hil zuten hura bera ere). Lermontov Kaukasora bidali zuten (soldadu zen), orain txetxeniarrak eta lehian dabiltzan lurraldera. Han ikusitakoa baliogarri izan zitzaion gerora.

“Gure garaiko heroia” bost ataletan dago banatuta: Bela, Maxim Maximitx, Taman, Meri printzesatxoa eta Fatalista. Kaukasora bidalitako Petxorin ofizial gaztea da bost atal horiek elkarrekin lotzen dituen haria. Petxorin pertsonaia garaiko pentsamenduaren eredu da. Berak kontatzen digunez, gaztetan jaiak eta festak, olgetak eta dantzak ezagutu omen zituen, baina azkenik hori guztia maite zuen gizarteaz aspertu egin zen. Kaukasora joan zen, borrokan pizgarriren bat aurkituko zuelakoan, odola irakiten jartzen den une hori alegia, heriorengandik hurbil. Baina alferrik, gudarien artean, odol artean, asperra berriro ere. Etsipena, asperra, ezertarako gogorik eza, horiek dira Petxorinen ezaugarriak; ia-ia Pushkinen Eugeni Oneginenak berak eta berberak. Eta Petxorin hurrengo belaunaldikoa izanik, Oneginen hurrengoa noski, Errusian gauzak ez zirela asko aldatu esaten digu horrek.

Horretaz gain, esan ere nahi nuke, itzulpena oso ona dela. Eta testuaren beraren plazerraz gain, euskararena erantsi behar zaio. Josu Moralesek errusiarrak itzuli ditu batik-bat, eta nik haren itzulpenetatik Pushkinen “Saltan Erregea” azpimarratuko nuke, Desclée de Brouwer argitaletxean aurki daitekeena, hain zuzen.

Azken kritikak

Zainetatik zilarra
Nahia Intxausti

Maddi Galdos Areta

Alderantzira zamalka
Mckenzie Wark

Irati Majuelo

Harakinen alaba
Yurre Ugarte

Joxe Aldasoro

Gaueko zaintzailea
Julen Belamuno

Mikel Asurmendi

Erbeste
Juan Garzia

Asier Urkiza

Barne zerbitzuak
Katixa Agirre

Maialen Sobrino Lopez

Biba gorriac!
Imanol Murua Uria

Mikel Asurmendi

Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa

Patxi Iturregi

Terraza debekatua
Fatima Mernissi

Amaia Alvarez Uria

Poesia kaiera
Elizabeth Bishop

Irati Majuelo

Godoten esperoan
Samuel Beckett

Aritz Galarraga

Esaterik ez dagoenaz
Fito Rodriguez

Iñaki Lopez de Luzuriaga

Bazter utzietan
Karlos Linazasoro

Hasier Rekondo

Gari errearen urrina
Fertxu Izquierdo

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

Hedabideak