« Soldadu bakezalea | Zahartzarotik begira »
Maitale koitaduen kronikak / Vasco Pratolini (Koldo Biguri) / Alberdania / Elkar, 2006
Auzoko maitari koitaduak Karlos Del Olmo / Eizie.org, 2007-04-02
Errealismo soziala landutako beste idazle batzuek ez legez, Pratolinik idazlanetan erakusten du esplotazio eta pobrezi baldintzarik latzenetan ere haren pertsonaiak gauza direla ulertzeko elkartasun kolektiboa dela bizimodu hobea lortzeko esperantza ia bakarra. Pratoliniren optimismoa bat zetorren italiar populuak liberazioaren ostean sentitzen bide zuen poz ikaragarriarekin. Eta Vascok, zelan edo hala, hori dena klase zapalduen garaipenari lotzen zion, bestela esanda, Pratolinik hain kutun zuen klase popularren bizitasuna, Bigarren Mundu Gerraondo hartan, Partidu Komunistarekin bat eginik agertzen zen.
Kronikako pertsonaiak, kokapen historikoz, 1922. urtekoak dira, baina benetan eleberrian badihardute Pratolinik 1946. urtean, liberazio ondoko urtean, langileen garaipenaz zuen sinesmenaren arabera. Beraz, benetakoak dira, sinesgarri, Faxismotik askatu ondorengo Pratoliniren berotasun eta pozkidaren arabera, baina ikuspegi historiko eta objektiboaren arabera, izaki fantastiko eta irrealak dira. Eta errealismoa lantzerakoan errealitatez kanpo egoteko gurari harexek lagundu zion, hain zuzen ere, idazleari popolaniren bizi jarrera osokoari eusten, haien giza arazoak aurkezten, haien barruko aitorpenak hedatzen, haien beharrizan eta itxaroak azaltzen. Horra hor eleberri luzeko orri aberatsetatik dabilen optimismoaren giltza.
Idazlearen lanetan alderdi soziala nekez bereizten da osagai elegiakotik. Pratolinik ezin idatz zezakeen, inondik inora, hemeretzigarren mendeko idazle errealisten antzera, ezin zituen poetika haiek, bestela baitakoan, erabili: Vascok psikoanalisiaren eta dekadentismoaren oinarriak sakon eta ondo ehota zituen. Bestalde, nobela honetan hizkuntza oraindik koiné literario bat da, tokian tokiko ezaugarriak iragazita daude hizkuntza erabilera ilustratu halako baten bitartez. Errealismoa ez da hainbeste igartzen, beraz, hizkuntzaren erabileran, aukera linguistikoetan.
Errealismoa agertzen da pertsonaia bakoitzak bere bizimoduarekin eta denon auzoarekin, gizartearekin eratzen duen harremanak direla bitarte. Den-denak dira errealitate berberaren aurpegi ezberdinak. Banakoaren itxaropenak eta gizartearen esperantzak bat eginik, eragile pribatuen eta gizarte joeren arteko talka dira gizarte osoaren bilgune den eleberriko auzoa eszenategi bihurtzeko baliabideak.
Idazlearen bilakabidean, errealismo hutsezko garaitik neoerrealismoaren sasoirako bidaia bat jazo zen, bigarren mugimendu honetako zinegileekin bateratsu eginiko ibilbide batean. Nolanahi ere, errealismoa da narratzaileak letrei bizigaia emateko darabilen teknika. Pratoliniren lanak, nolanahi ere, neoerrealismoaren alde on eta txar guztiak agerian jartzen ditu, garai hartako pelikulek bezalaxe.
Adituak ezin erabakita daude, oraindik, ea bera izan ote zen neoerrealismoaren idazle ikurra, eredua, ala mugimendu hura krisian jarri zuen idazlaria. Eleberrian desagertuta daude idazle dekadente burgesen ezaugarriak: sexu obsesioa, grina ilunenganako joera, primitibotasunaren aldarrikapena, aberriaren goraipamena, haurtzaroaren mitifikazioa.
Ikasketa arautu eta formalik ez zuen izan Pratolinik; beste idazle burgesak ez bezala, autodidakta izan zen, bizi esperientzia latzek jenderik behartsuenarekin, langileekin jarri zuten harremanetan. Eta haien artean ikasi omen zuen elkartasunak zenbat balio duen eta zenbat kostatzen den.
Florentzia eternal bat da protagonista nagusia eleberrian, haren beste idazlanetan bezalaxe, faxismoa zelan sortu zen ezin hobeto azaltzeko eszenategi gertatzen zitzaion aldetik. Pertsonaiak inoiz ez daude bakarrik, besteon elkartasuna dute lagun eta konpainia. Eguneroko bizibeharraren minak, halere, ez die optimismoa zapuzten.
Koldo Biguriren itzulpena oso neurtua da, garbi-garbia, tresna egokia jatorrizkoaren oihartzuna zuzen eta artez hel dakigun; “haruntzago” eta halako zirtzilkeria batzuk bakan-bakan agertzeak ez diote batere kentzen lanaren merituari. Galduko ahal dute geranioek tristura elurra urtu osteko sasoi eguzkitsuan!
Erbeste
Juan Garzia
Ibon Egaña
Utopiaren belaunaldia
Pepetela
Paloma Rodriguez-Miñambres
Haize begitik
Mikel Ibarguren
Maddi Galdos Areta
Bide bihurrietan
Elena Martinez Rubio
Asier Urkiza
Moebiusen ertzak
Garazi Kamio
Nagore Fernandez
Zainetatik zilarra
Nahia Intxausti
Paloma Rodriguez-Miñambres
Landura
Jose Luis Otamendi
Mikel Asurmendi
Harakinen alaba
Yurre Ugarte
Irati Majuelo
Clevesko Printzesa
Madame de La Fayette
Aritz Galarraga
Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena
Joxe Aldasoro
Akabo
Laura Mintegi
Mikel Asurmendi
Mio marito deitzen zion
Joxean Agirre
Asier Urkiza
Nonahiko musika
Juan Kruz Igerabide
Nagore Fernandez
Barazkijalea
Han Kang
Maialen Sobrino Lopez