kritiken hemeroteka

8.475 kritika

« | »

Bidaiak scriptoriumean zehar / Paul Auster (Oskar Arana) / Alberdania, 2007

Betiko mamuen itzulera Mikel Ayerbe / Berria, 2007-03-04

Joseba Sarrionandia mamuez mintzatu zitzaigun Eider Rodriguezen Eta handik gutxira gaur liburuaren hitzaurrean. Eta mamuez ari zaigu Paul Auster Bidaiak scriptoriumean zehar liburu euskaratu berrian ere. Sarrionandiak ohartarazten du idazleak mamu bihurtzen direla; “Jakina da idazleak berez mamua izateko madarikazioa eta kondenan idazten duela”. Eta gai hauxe bera fikziora eraman du Austerrek Blank pertsonaiaren kontakizunaz baliatuz.

Abiapuntua ezin sinpleagoa da: adineko gizon bat gela batean dago. Amnesiak jota eta ezer ulertzen ez duela. Mahai gainean, eskuizkribuak eta jadanik ahaztuta dauzkan pertsonen argazkiak daude. Gizonak banan-banan egingo dizkioten bisitei aurre egin beste irtenbiderik ez du. Hala ere, lau hormaren artean atera ezinik egoteak baino gehiago, buruan dituen galderek sortuko dute klaustrofobia gizonaren baitan. Eta baita irakurlearen baitan ere: Zer gertatzen da? Non dago? Noiztik? Zergatik?

Brooklyngo erokeriak argitaratu eta urtebete ingurura, idazle ezagunaren bigarren nobela itzulia dugu eskuartekoa. Eta nik bezala, ziur asko zenbaitzuek halako jakin-min eta eszeptizismo nahasketa batekin ekin diote Bidaiak scriptoriumean zehar irakurtzeari. Izan ere, Auster idazle dekadentea dela esan izan da, beti ohiko mailaz gain aritu arren gainbehera doala haren literatura, eta bere azken liburuek hori besterik ez dutela islatzen. Eta neurri batean ados nagoela esango nuke, Brooklyngo erokeriak gustura irakurri banuen ere, azaleko Auster baten ahotsa topatu nuelako han. Eta banuen gogoa idazlea zein aurpegi edo eskurekin zetorren ikusteko.

Eta ez, oraingoan ez dugu azaleko Paul Auster bat aurkituko. Bakardadearen, ahanzturaren, zahartzaroaren, eskuizkribuen eta unibertso ezagun baina aldi berean berritu baten errekreazioa egiten baita idazmahaiko bidaia hauetan zehar. Betiko kezkak berriro ere. Horren erakusle da idazle beraren beste liburuetako pertsonaia edo mamuen itzulera: Daniel Quin, Stillman aita-semeak, David Zimmer eta gainerakoak. Harkaitz Canok (bide batez, idazle estatubatuarraren Kristalezko hiria eleberrian oinarrituriko nobela grafikoa itzuli berri du), nobela honetako protagonista Austerren alter ego-a dela idatzi du, eta gaineratu: “Berak sortu mamuak bueltan datozkio, kontu eske. Baina, paradoxikoki, Blank jauna ez da sortu zituenik gogoratzen…”.

Gatozen izenburura. Bidaiak scriptoriumean zehar honetan bidaiak ez baitira espazioan kokatzen, pertsonaiaren memorian eta denboran baizik. Bidaia hau zirkularra da, eta liburuaren amaieran, hasierako kontakizunaren errepikapena agertzea horren adibide izan daiteke. Blank jaunaren kontzientzian josiko da liburuaren haria eta mamia, eta zirkulu itxi batean biraka, pertsonaia hau berak asmaturiko jokoan eroriko da. Berak sortutako pertsonaiak bezala Blank jauna ere mamu bihurtuko baita. Joko bihurri eta asaldagarri horretan, Austerren irakurleak ere ezingo du bere irakurketa eroso horrekin jarraitu. Ez behintzat behin irakurri, albora utzi eta ahazturiko pertsonaiak besterik gabe lerro artean agertzen direnean: Zer egiten du pertsonaia honek hemen? Zer lotura du istorioarekin? Eta beste honek? Eta galdera guztien artetik, amaieran Blank jaunaren ahotik entzungo duguna: “Noiz amaitu behar du ergelkeria honek?”.

Bestalde, Oskar Aranaren itzulpena oso ona da. Eta eskertzekoa da, halaber, azkenaldian euskal itzulpengintza hartzen ari den norabidea. Bidaiak scriptoriumean zehar gure inguruko hizkuntzekin batera itzuli izanak adierazten baitu Brooklyngo erokeriak-ena ez zela salbuespen bat izan.

Azken kritikak

Zero
Aitor Zuberogoitia

Amaia Alvarez Uria

Oihaneko ipuinak
Horacio Quiroga

Aiora Sampedro

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Mikel Asurmendi

Egurats zabaletako izendaezinak
Rakel Pardo Perez

Jon Jimenez

Antropozenoren nostalgia
Patxi Iturregi

Asier Urkiza

Barrengaizto
Beatrice Salvioni

Nagore Fernandez

Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Lautadako mamua
Xabier Montoia

Aiora Sampedro

Berbelitzen hiztegia
Anjel Lertxundi

Mikel Asurmendi

Haize beltza
Amaiur Epher

Jon Jimenez

Coca-Cola bat zurekin
Beñat Sarasola

Asier Urkiza

Girgileria
Juana Dolores

Nagore Fernandez

Berlin Alerxanderplatz
Alfred Döblin

Aritz Galarraga

Teatro-lanak
Rosvita

Amaia Alvarez Uria

Artxiboa

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

Hedabideak