« Zenbait xenda Lazarragarenganako bidean | Betiko mamuen itzulera »
Mailuaren odola / Aingeru Epaltza / Elkar, 2006
Geroko geroan geroratzen beti, hau patu petrala! Bixente Serrano Izko / Nafar periferiatik, 2007-03-02
Ez, ez nago ados Aingeru Epaltzaren Mailuaren odola nobela honetako kontrazalean argitaletxekoek jarri duten dei horrekin: “generoaren historian marka nabarmena ezarri beharko lukeena”. Ez gaudelako historia-generoko nobela baten aurrean, egile-nobela oso baten aurrean baizik. Oso ongi giroturik ardatz gisa hartu dituen gertakari historikoetan, bikain dokumentaturik…, baina horrek ez du nobela hau historia-generoko bihurtzen. Tamalez itxura hori eman nahiago izan diote azaleko diseinuari, generoak duen arrakasta buruan segurik. Bale, badakit egile-literaturaren irakurleon aldetik ezaguna eta estimatua denez idazlea, desenkusa gisa eskain dezaketela argitaletxekoek eta egileak berak konfiantza bat: alegia, diseinu horrek ez dituela irakurle “seriook” uxatuko, baina erakar ditzakeela, aldi berean, historia-genero zaleak.
Ez nago ni horren seguru, bigarren zale horiei dagokienez. Ez nintzateke harrituko historia-genero zaleek engainaturik sentituko balute euren burua, kontuan harturik historia-nobelen nolako irakurle euskaldunak imajina ditzakedan (guztiz oker ni akaso, baina horretan nago). Izan ere, nago horrelako irakurleek, giro historiko bat bizirik ikusteko grinaz gain, bertze zerbait bilatzen dutela Euskal Herriko historia-nobeletan: epikotasun halako bat, edo, hori ezean (Euskal Herrian errazena dena), nazio-biktima zaletasun halako bat, gure betiko herri izaeraren etsaien aurrean. Eta Epaltzaren nobelan ez dago horrelakorik.
Errana doan bezala, kontu handiz girotu du nobela eta bikain dokumentatu. Horrezaz gain, maisuki egituratu du, ongi asmatu ditu fikziozko pertsonaiak eta guztiz sinesgarri paratu, kontaturiko gertakari historikoak haien bizipenen eta ibileren bidez lotu ahal izateko. Funtzionatu egiten du, bikain funtzionatu ere, narrazio egiturak. Baina ez dago nobelan nazio-epikarik, ez eta nazio-biktima zaletasunik ere, aldameneko herri arrotz konkistatzaile edo maneiatzaileei oldartzen zaien epikotasunik edo horiei berauei leporatzen dien gure patu historiko petralaz negar egiterik. Ongiegi dago giroturik narrazioa, nire ustez, gaurko irudikapen nazionalisten tentazioetan erortzeko.
Euskal mundu kultural eta politiko bateko pertsonaiak erakutsi dizkigu Epaltzak, euren garaiko sentipen eta interesen arabera mugitu zirenak, batzuk egoera berrietara otzanago edo nekeago moldatu zirenak, bertze batzuk euren lurraldeko zati garrantzizkoen galerak etsipenaz ikusi eta bertze lurraldeetan bilatu behar izan zituztenak mota guztietako konpentsazioak, ekonomikoak nola moralak (bertze gerretan parte hartuz, baina haien leialtasun pertsonalei hala hola fidel eutsiz).
Eta istorio multzo horren atzean, egilearen nortasuna dugu nagusi, egile-nobela guztietan bezala. Historia bat, Euskal Herriko gertakari historiko funtsezko bi, hartu du ardatz gisa, baina berdin har zezakeen asmaturiko gaurko egoera bat edo etorkizunean imajinaturiko bertze bat. Euskal Herriko egoera edo proiektu politikoen kontuetan ez ezik, bizitzaren beraren aferetan ere, fatalismo halako bat da nagusi, nire ustez, Epaltzaren filosofian, fatalismo bat non norbanakoon babes bakarra gure etxeko lanak, gure plazer apalak, gure nahi kulturalak, gure asmo pertsonal eta familiarrak bake sainduan bideratzen saiatzean datzan. Eta gero gerokoa. Kontua da, filosofia edo izaera mota horrekin bat etorri ala ez, ea gai izan den idazlea bere kezketan eta giroan sartzeko irakurlea, bere fikziozko munduan azken finean. Ba, hemen nauzuen irakurle hau, bederen, bikain murgildu du giro horretan. Nahiz eta —bada ez bada ere erranen dut— barkaezina deritzodan fatalismo/determinismo horri historialari batengan, guztiz sortzaile eta kreatzaile gerta baitaiteke, ene ustez, nobela on batengan, narrazio hau kasu.
Fikziozko protagonistak kontatzen ditu berak bizi izandako gertakariak eta aferak, adin helduan idatzitako memorietan. Borrokalari batenak dira memoriak, bere errege-erreginari leial jarraitzen dion batenak, baina eskarmentuak emaniko filosofia mindua islatzen dutenak, bere idealen etengabeko geroratzea nolabait patu gisa ulertzera heldu den baten memoriak. Ez du Epaltzak intentziorik gabe asmatu uztarketa hori, bando eta kezka desberdinetan ibilitako Joannes Mailu eta Pedro Agerre “Axular” artekoa, bien ala bien asmo “onen” etengabeko geroratzea literarioki eta metaforikoki gauzatu duena.
Egile-nobela aberatsa, behin baino gehiagotan irakurtzea merezi duena, irakurketa bakoitzean alde eta hari berriak aurkitzeko modukoa. Etorkizunean, bertze nobelagile batek genero- edo egile-nobela berri batean ardatz gisa hartzeko gai; erran nahi baita, geroko balizko nobelagile batek bere gogoeta edo abenturen narraziorako oinarri gisa har lezakeen nobela, iraganeko kontuei buruzko gaurko ikuspenen askotarikotasuna, manikeismoetatik aparte dauden ikuspegiak barne, islatu nahi izanen balu.
Zero
Aitor Zuberogoitia
Amaia Alvarez Uria
Oihaneko ipuinak
Horacio Quiroga
Aiora Sampedro
Carvalho Euskadin
Jon Alonso
Mikel Asurmendi
Egurats zabaletako izendaezinak
Rakel Pardo Perez
Jon Jimenez
Antropozenoren nostalgia
Patxi Iturregi
Asier Urkiza
Barrengaizto
Beatrice Salvioni
Nagore Fernandez
Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Lautadako mamua
Xabier Montoia
Aiora Sampedro
Berbelitzen hiztegia
Anjel Lertxundi
Mikel Asurmendi
Haize beltza
Amaiur Epher
Jon Jimenez
Coca-Cola bat zurekin
Beñat Sarasola
Asier Urkiza
Girgileria
Juana Dolores
Nagore Fernandez
Berlin Alerxanderplatz
Alfred Döblin
Aritz Galarraga
Teatro-lanak
Rosvita
Amaia Alvarez Uria